Maitane Aldanondo
Interview
Joseba Bergaretxe
Herri Txikien Akademia (Eusko Ikaskuntza)

«Herri biziak nahi baditugu, lo-toki soilik izatea ekidin behar dugu»

Herri txikiek dituzten erronkei aurre egin eta etorkizuna izan dezaten laguntzea; helburu hori du Eusko Ikaskuntzak abian jarri duen Herri Txikien Akademiak. Enpleguak eta ekintzailetzak horien biziraupenean duen garrantziaz hitz egin digu proiektuaren arduradun Joseba Bergaretxek (Berastegi, 1989).

Joseba Bergaretxe.
Joseba Bergaretxe. (Eusko Ikaskuntza)

Tokian-tokian aldatzen badira ere, zeintzuk dira herri txikien erronka nagusiak?

Lurraldearen arabera asko aldatzen da, baina gaur egun herri txiki askok badauzkate oinarrizko zerbitzuak, azpiegiturak... gutxi daude sare horretatik kanpo. Etorkizuna bermatzeko, ordea, kasik horiek baino beharrezkoagoa da gihar komunitario batzuk egitea. Hor sartzen dira gizartearen aktibazioa, herri biziak izatea, zaintza eredu komunitarioak edukitzea, besteenganako erantzukidetasuna... Denek komunean duten erronka bat da eta indartu behar da.

Iazko udazkenean esperientzia pilotuak gauzatu zenituzten Arabako hiru kuadrillatan, lana eta ekintzailetza, etxebizitza eta transmisio komunitarioa ardatz hartuta. Zer egin zenuten?

Alde batetik, aditu batzuei eskatu genien alorretako bakoitzean Araba mailako diagnostikoa egiteko, eta ondoren, tokian-tokian eragile erreferenteekin kontraste saio batzuk egin genituen ekarpenak gizarteratzeko eta osatzeko. Enplegu eta ekintzailetzaren kontrastea Kuartangon egin genuen, han Udalak bultzatuta landa inguruneko ekintzaile haztegi bat dutelako; Zalduondon, belaunaldien arteko harremanena; eta Bernedon, berriz, hango udal ordezkariekin eta hirigintza arduradunekin, etxebizitza politiken inguruko ekarpenak bildu genituen.   

Lanketa gaiak lekuaren arabera aldatzen doaz, ezta?

Hori da. Identifikatuta ditugu hainbat eta hainbat, erronkak ugariak direlako: ekonomikoak, sozialak, trantsizio ekologikoari lotuak... Helburua da tokian-tokian ikustea zein inguru den Euskal Herri osoan egokiena gai jakin bat lantzeko.

Kuartangon enpleguaz eta ekintzailetzaz aritu zineten. Zer diagnostiko egin zenuten?

Herri biziak nahi baditugu, ekidin beharreko gauza bat da herri horiek lo-toki soilik izatea, eta horretarako premisa bat da herrian bertan lanpostuak sortzea. Lanpostu horiek sortzeko askotan bide bakarrenetakoa izaten da ekintzailetza bultzatzea; hau da, norberak bere proiektuak martxan jartzea, izan bakarrik edo izan elkarlanean.

«Errealitateak dio mota guztietako negozioak daudela: web orriekin lotutako zerbitzu informatikoak ematen dituztenetatik hasi eta txakurrak zaintzeko negozioetara».


Zer negozio mota dira?

Askotan turismoarekin lotzen dira, nekazal etxeak martxan jartzea eta abar; baina errealitateak dio mota guztietako negozioak daudela,: web orriekin lotutako zerbitzu informatikoak ematen dituztenetatik hasi eta txakurrak zaintzeko negozioetara. Gehienak dira digitalizazioa baliatuz zerbitzu nahiko aurreratuak ematen dituztenak. Jakin dute beraien negozioa ezartzen, bezeroak biltzen, eta testuinguru horretan beraien negozioa bideragarri egiten.

Alegia, landa gunea aukeratu dute bizitoki eta horrek eraman ditu bertatik ekitera, ez alderantziz.

Beti planteatzen zen ea egin beharrekoa ekintzaileak erakartzea zen, negozio bat martxan jartzeko testuingurua sortuta. Egindako azterketetatik ateratako ondorio nagusia da, ordea, normalean prozesua kontrakoa izaten dela. Lehenengo da herri txiki batean bizitzeko erabakia eta, ondoren, ekonomikoki bideragarri egin nahian proiektu propio bat martxan jartzea.   

Zailtasun gehigarririk ba al du landa gunean ekiteak?

Bakardade sentsazioa izatea ez zaie herri txikietako ekintzaileei soilik gertatzen, baina herri txiki batean proiektu bat martxan jartzeak oraindik eta bakarrikago sentiarazten zaituela azpimarratzen dute. Horregatik balioesten zuten sortu behar direla halako sareak herri edo herri txiki desberdinetan bizi diren ekintzaileen artean esperientziak partekatzeko, elkarrekin kontatzeko, eta azken finean, amankomunean dituzten erronkei aurre egiteko.

Saretze hori sustatzen al du Akademiak?

Bai, hori da gure oinarrietako bat. Baina egia da sareak egon badaudela; alde batetik, erakunde publikoek beraiek bultzatutakoak, aitortu behar baita badagoela hainbat ekimen instituzional landa inguruneko ekintzaileak saretzeko; eta, bestetik, ekimen pribatu edo komunitarioko guneak ere sortu dira. Hau da, inoren zain egon gabe, beraien ekimenez antolatu dituzte foro permanenteak edo hilabetero gosariak egitea... Halakoak ikusi ditugu eta oso aberasgarriak izaten dira.

Horretarako lehen arrazoia ez bada ere, ekintzaileak jabetzen al dira herri txikien biziraupenaren alde ari direla?

Bai. Gogoeta hori etengabe ateratzen da. Ez da soilik: “Nik herrian bizitzea erabaki dut eta hau bideragarria egiteko negozio bat edo proiektu bat martxan jarriko dut”. Kontziente dira, aldi berean, proiektu horrek berak nolabaiteko erantzukizun bat duela herriaren garapenean. Horrek ere berezitu egiten ditu proiektu horiek. Ez da soilik pertsona baten bizibidea ateratzeko proiektu soila, baizik eta komunitate bat, herri bat, ekonomikoki garatzeko bidea ematen duen proiektua dela.

Etorkizuna bermatzeko arnas luzeko egitasmoa

Eusko Ikaskuntzak urteak daramatza lurralde orekaren esparruan ikerketa gauzatzen: Zerainen herri txikien lanketa egin eta nazioarteko kongresu bat antolatu zuen. Gerora, Ipar Euskal Herrian, Nafarroan eta Gipuzkoan nagusiki, herri txikiek etorkizunean zer-nolako ekonomia eredua izan behar duten aztertu zuen. Eta azken urteetan, Araban, herri mailako ekintzaileak eta eredu sozioekonomiko berriak. Horren bilakaera naturala da Herri Txikien Akademia. «Ikusita ñabardura asko dituen gaia dela, askorako ematen duela ikuspegi ekonomikotik, komunitariotik, jasangarritasunarenetik... proiektu forma ematea erabaki zen», argitu du haren buru Joseba Bergaretxek.

Hiru esparrutan ardazten du bere esku-hartzea. Lehena, herri txikien errealitatearen behaketa: datuak, estatistikak, alde kualitatiboa eta politiketan edo dinamika sozialetan aplika daitezkeen kanpoko ereduak. Bigarrena, ikerketa; gai zehatzen azterketa: ekonomia, etxebizitzaren egoera, komunitate energetikoen garapena, gihar komunitarioa... Eta, azkenik, esperimentazioa. Herri batzuk aukeratu, eta trantsizio dinamikak sartzen saiatzen dira. «Badakigu zein den gaur egungo egoera, zeintzuk diren aldatu nahi ditugun elementuak, eta garatuta daukagun metodologia aplikatzen dugu». Horrela, herritarrak ahalduntzen dituzte, liderrak aktibatu, trantsizio horiek bideragarriak izan daitezen.

2024ko urrian egingo duten Eusko Ikaskuntzaren Biltzarrean aurkeztuko dituzte lehen faseko ondorioak. Hastapenetan egon arren, egitasmoa sendotzen doala uste du arduradunak. Erronka handiak dira eta etorkizuna bermatzeko «nahia eta borondatea» partekatzen duten eragile eta erakundeen arteko elkarlana sustatu nahi du Akademiak. Bergaretxeren hitzetan, «gure ahalegina gure aletxoa jarri eta ahal den neurrian eragile guzti horien artean zubi lana egitea da». Epe laburreko zereginen artean herri txikien ikerketa demografikoa, komertzioen gaineko lan bat –«askotan ez dira komertzio soil, herri hori bizitzen duten establezimenduak dira»– eta sustraitzearen kontzeptuari Euskal Herriko dimentsioa ematea dituzte.