NAIZ

Inkesteei kasurik ez egiteko eskatu du Lopez de Uraldek

Elkarrekin koalizioaren kanpaina irekiera ekitaldia Gasteizen.
Elkarrekin koalizioaren kanpaina irekiera ekitaldia Gasteizen. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Elkarrekin Podemosek Gasteiz aukeratu zuen, Ezker Anitzak, Alianza Verdek eta Equok osatzen duten koalizioak kanpainari hasiera emateko. Europa Jauregian, Arabako eta Gasteizko hautagai nagusiek ez ezik, Bilboko eta Gipuzkoako zerrendaburuek hitza hartu zuten, eta baita Madrilen diputatua den Juantxo Lopez de Uraldek ere. Honek, orain arte izan diren inkestei kasurik ez egiteko eskatu zien ekitaldian bildutakoei.

Izan ere, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa kontuan hartuta egin diren inkesta guztiek indar politiko honen beherakada iragartzen dute, eta haientzat emaitza ona litzateke 2019an izandako emaitzak errepikatzea M28an, edo haietatik hurbil gelditzea.

Bide horretan, azken urteetan Gobernu espainolean egonik izandako zenbait lorpen zerrendatu zituen, hala nola lanbide arteko gutxieneko soldata eta lan erreforma; eta hauteskundeen izaera non kokatzen duen argi utzita, adierazi zuen Estatu espainolean «etorkizuna ulertzeko bi ereduren» arteko borroka bat izaten ari dela, eta ez dela bukatuko abenduan Estatu mailako hauteskundeak egin arte.

Eskema horri helduz, Alianza Verdeko koordinatzailea denak aipatu zuen «korronteak bipartidismoa bozkatzera bultzatzen zaituela», eta horren aurrean bere koalizioak «korrontearen kontra igeri egiten duen eta gauzak aldatu nahi duen ezker eraldatzailea» ordezkatzen duela.

Gasteizerako hautagai Garbiñe Ruizek adierazi zuen beraiena dela «zerbitzu publiko guztiak, salbuespenik gabe, defendatzen dituen indar politiko bakarra», eta haren alde egiteko eskatu zuen, EAJk eta PSEk ordezkatzen duten «eredu maltzurrari» aurre egiteko,, hain zuzen. EAEen ez bezala, Nafarroan Zurekin Nafarroa koalizioak goranzko joera dauka, eta pozik agertu ziren hautagai nagusiak atzo Iruñeko Gazteluko Plazan eginiko ekitaldi xumean. Euriak ez zuen lagundu. Begoña Alfaro hautagai duen koalizioak lau parlamentari lortu ditzakeela diote inkestek, modu horretan balizko Gobernu batean bere pisua indartuz.