Alaia Sierra

ETAren inguruan baino ez hitz egitea leporatu dio Sanchezek eskubiari Gasteizen

Espainiar Gobernuko presidente eta PSOEko idazkari nagusi Pedro Sanchezek «politika erabilgarria» defendatu du Gasteizen, ETAz baino hitz egiten ez duen eskubiaren aurrean. Maider Etxebarriaren eta Cristina Gonzalezen hautagaitzak babesteko ekitaldi batean adierazi du.

Pedro Sanchez, Gobernu espainoleko presidente eta PSOEko burua, Gasteizen.
Pedro Sanchez, Gobernu espainoleko presidente eta PSOEko burua, Gasteizen. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

«Zer erantzuten du PPk Espainiako hazkunde ekonomikoaren aurrean? ETA. Eta lan erreformaren aurrean? ETA. Eta pentsioen errebalorizazioaren aurrean? ETA». Hitz horiek baliatu ditu Espainiako Gobernuko presidente eta PSOEko idazkari nagusi Pedro Sanchezek hauteskunde kanpaina honetan Alberto Nuñez Feijooren alderdiak hartu duen jarrera gaitzesteko.

Zuzenean gaiari aipamenik egin ez badio ere, horrela mintzatu da Pedro Sanchez, Lakua auzoko frontoian egin den ekitaldian, EH Bilduren hauteskunde zerrenden inguruan piztu den eztabaidaz. Esan duenez, «eskubiak ezer eskaintzekorik izan ez duen bakoitzean eta hauteskundeak galdutzat ematen dituenean, beti erabiltzen du ETAren argudio bera, ez du hutsik egiten». Maiatzaren 28ko bozetarako lasterketan ere gauza bera gertatzen ari dela gaineratu du.

PSOE eta PSE Madrilgo eta Lakuako Gobernuetan zeudela ETA «garaitu» izana «jasan ezin izatea» leporatu dio PPri, eta hortik aurrera espainiar Exekutiboak eginiko lana goraipatu du Sanchezek, «politika erabilgarria» aldarrikatuz. Egoera ekonomikoaz mintzatu da bereziki, Europako Batzordeak espainiar Estatuaren inguruko aurreikuspenak hobetu dituela nabarmenduz.

Sanchezen «erabateko babesa» duten Maider Etxebarria eta Cristina Gonzalezekin batera Eneko Andueza ere izan da frontoian. PSEko idazkari nagusiak azpimarratu duenez, datozen hauteskundeei begira «jendeak aukeratu behar du Arabako Mahastiak bezalako proiektu banatzaileen eta Cristina Gonzalezen artean».

Bi hautagaiek, bestalde, PPren nahiz EH Bilduren «muturreko politiken eta erradikalismo nazionalistaren aurrean» PSE «aukera bakarra» dela nabarmendu dute. Etxebarriak, gainera, argi utzi du «hiri osoko alkatea» izan nahi duela, eta ez soilik astelehen honetan frontoira bertaratu direnena.

Bi neurri

Era berean, espainiar Estatuan berehala martxan jarriko dituzten bi neurri ere iragarri ditu Pedro Sanchezek. Alde batetik, minbizia izan duten pertsonek bost urtean behin berritu beharko dutela gidabaimena, eta ez hiru urtean behin. Espainiar Gobernuak diskriminazio hori ezabatuko du, eta aste honetan gauzatuko du, Parlamentutik igaro beharrik ez duen ministro-agindu baten bidez.

Bigarren iragarpena, astearte honetan bertan Ministroen Kontseiluan onartuko dena, Toledoko itunaren gomendio bat onartzea da, zehazki, %45eko edo gehiagoko desgaitasuna duten pertsonek pentsioa aldez aurretik jasotzen hasteko epea hamabost urtetik bost urtera jaistea.

Sahara, ustekabeko gonbidatua

Hasi eta berehala, zenbait sahararrek eten egin dute Sanchezen hitzartzea, Marokorekin lerratu eta Mendebaldeko Saharari eginiko «traizioa» salatzeko.

PSOE Marokorekin lerratu izana salatzeko kartelak erakutsi dituzte Sanchez hizketan hasi eta berehala. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

‘Hemen gaude: Ez ginen, ez gara eta ez gara marokoarrak izango’ zioten kartelak erakutsi dituzte. Segurtasun lanetan ari zirenak gerturatu egin zaizkie eta Pedro Sanchezek lasaitasunez erantzun du eszenatokitik.

«Orain utzidazue niri hitz egiten. Mundu guztia errespetatzen dugu hemen. Ez da ezer gertatzen, ez da ezer gertatzen», esan du Sanchezek.