Maite Ubiria Beaumont

Zubiak kolokan jar ez daitezen elkartasun deia Senperetik

Asteburuan zehar Urdazuri ibaiaren bazterrak trenpatu zituzten euri-jasengatik galera handiak izango direla aurreikusirik, urrutitik izanik ere diru-ekarpenak egiteko aukera zabaldu du Seaskak, elkartasun oldearen aldeko deia eginez.

Eguraldia ez zen ondo portatu, batez ere eguerdi aldean. Hala ere, kosta ahala kosta, Senperen ez zen ez giro ona falta izan, ez sabela betetzeko jaki gozorik ere.
Eguraldia ez zen ondo portatu, batez ere eguerdi aldean. Hala ere, kosta ahala kosta, Senperen ez zen ez giro ona falta izan, ez sabela betetzeko jaki gozorik ere. (Patxi BELTZAIZ)

Berezia behar zuen aurtengo ospakizunak, 40. urtemugara heldu baita Zuberoa, Nafarroa Behere eta Lapurdiko ikastolen aldeko besta nagusia. Aitzitik, asteburuan zehar, Saratik Bidartera, Urdazuri ibaiaren ertzetan izan ziren uriolek Herri Urratserako prestaturiko egitarau aberatsa kimatzera behartu zuten.

Beharrik, formatu txikian igaro zen Herri Urrats. Hala, musika eskaintza murriztu ondoren, eszenatoki bakarra prestatu zen Araba gunean. Eguraldiak ez zien txanoa eta zira jantzita lakuan bildutako gazteei bestaz gozatzeko aukera lapurtu.

Errealismo bestazalea praktikara eramateko gaitasun handia erakutsi zuten atzo batzuetan euritan besteetan eguzkitan «dantzan» ibili ziren gazte zein ez hain gazteek.

Ohiturari zor maiatzaren bigarren igandearekin Herri Urrats ospatzera heldu ziren lagunek aldaketak atzeman zituzten, ordea, hainbat eremu eta zerbitzu hesituta zirelako.

Halarik ere, Ipar Euskal Herriko ikastolen besta posible egiten duten jendeak -gurasoak, irakasleak, ikastoletako langileak zein laguntzaileak- bertan zituzten zain, zeruaren mehatxuari aurre egiten. Eguerditik iluntzera aritu ziren euskaltzale orori egun ederraz gozatzeko parada eskaintzeko lanean.

Nafarroa Beherea gunean, Donibane-Ziburuko kolegioko lagunek kudeatzen duten xapito zuri erraldoiaren azpian ogitartekoak prestatzen atzeman zuen GARAk Ihintza. Giro bustiak ez ziola gogoa zapuztu erakutsiz, euskaltzaleei mokadu bat hartzera bertaratzeko deia egin zien urruñarrak.

Ibilbideari jarraituz, argitaletxeen txoko aldera joanda, edari beroa zurrupaka, Seaskako lehenengo andereñoetariko batek, Libe Goñik, «euria edo eguzkia izan» aitzina egiteko mezua berretsi zigun. Berak ere ez zion atzo muzin egin hodei beltzen artean igaro zen bestako giroaz blaitzeari.

Bilboko Harrobia ikastolako tropa ez zen kikildu, ezta gutxiagorik ere. Buru-belarri aritu ziren karpa azpian informatika zaleei materiala erakusteko mahaiak atontzen. Elkartenet hezkuntza elkarteko kide Jabi Alfarok azaldu zuenez, Hego Euskal Herrian «arintasun handiz» baztertzen diren ordenagailuen bizitza berrerabilpenaren bidez luzatzeko egitasmoa abian eman dute, besteak beste, «Seaskako ikastolen digitalizazio-numerazioaren prozesuari laguntzeko».

«Reset» egiteko beste programa bat ere bazen Senperen: 500 kilo haragi. Dabid Gonzalez laborariak eta bere lagunek parrillero gisa jardun zuten. Iaz paellak banatu zituzten eremuan plantatu zituzten parrillak atzo, uholdeak haien ohiko kokapena erabilezin utzi ondoren. Errealitate berrira ziztuan egokitu ziren, nola ez, eta Herri Urratsen gehien eskatzen den jakia, zikiroa, otordu nagusirako prest zuten.

Hizkuntza politika berrirantz

Herri Urrats posible egiten duten ehunka boluntario martxan zirela, harrera ekitaldiak Senpereko Herriko Etxean bildu zituen ikastoletako arduradunak eta hainbat erakundetako ordezkariak.

Iragan martxoan hautatua izan zen Bernard Elhorga auzapezak hartu zuen hitza lehenik, Herri Urratsek Senpereko herriarekin duen lotura goraipatzeko. Hala da, 1984az geroztik, pandemiak bi urtez besta bertan behera uztera behartu zuen etenaldia alde batera utzita, urtero Senpereko lakuan ospatu da Herri Urrats.

Harrera ekitaldian izan ziren, besteak beste, Jean-Rene Etchegaray Euskal Elkargoko lehendakaria, Jean-Jacques Lasserre Pirinio Atlantikoetako departamenduko burua, Frederique Espagnac senatari sozialista -Alain Rousset Akitania Berriko eskualdeko presidentea ordezkatuz-, Jokin Bildarratz EAEko Hezkuntza sailburua eta Euskararen Erakunde Publikoko (EEP) presidente Antton Kurutxarri.

Bilera Parisko ordezkariekin

Azkenari egokitu zitzaion Seaskak zabalik dituen bi frontetan aitzinamendu berriak etor daitezkeela iragartzea.

Kurutxarrik jakinarazi zuen ekainaren hastapenean Hezkuntza Ministerio frantseseko ordezkariekin bilera hitzartua dutela, alde batetik azterketak euskaraz egiteko eskaerari buruz eta, bestetik, Seaska, EEP eta Estatuaren arteko hitzarmena berritzeko negoziaketari buruz mintzatzeko.

«Hizkuntza politikak oldar berri baten beharra» duela azpimarratu zuen EEPko lehendakariak. Bestetik, Jean-Rene Etchegarayk hizkuntza eskubideen europar gutuna izenpetu ez izana kritikatu zion frantses Estatuari. Finean, Jokin Bildarratzek EAE, Nafarroa eta Iparraldearen arteko ituna izan izan zuen hizpide, euskararen garapenak, eskolan zein eskolatik at, eskatzen duen politika publikoen babesa defendatuz.

Finean, Peio Jorajuriak azken hamarkadetan borroka eta lanaren bidez lortu diren aitzinamenduek benetako fruituak eman ditzaten «azkarrago eta sakonago» jokatu behar dela nabarmendu zuen.

«Brebetaren azterketa euskaraz egiteko baimena lortu dugu aurten, baina behar duguna da azterketak euskaraz egiteko eskubidea aitortua izatea», oroitarazi zuen Seaskako lehendakariak behin ekitaldia amaituta, agintariak ondoan zituela ‘Baxoa euskaraz’ leloa zeraman tixerta jantzita taldeko argazkia egiten ari zela.

Lehen Herri Urrats egin zelarik, 1984an, 700 ikasle zituen Seaskak. Egun 5.000 ikasleko langari begira dago Iparraldeko ikastolen sarea.

Hainbat arrazoirengatik hain berezia izan den Herri Urratsen 40. edizio honen kari, kolegio berria heldu den ikasturte hasieran abian izanen dela baieztatu zuen harro Jorajuriak.

Bide batez, Senperen eraikitzen ari diren Seaskaren bosgarren kolegioak hartuko duen izena jakitera eman zuen: Kattalin Elizalde.

Kolegio berria ordaintzeko bildu nahi zuen atzo Seaskak dirua. Alta, diru galerari nola aurre egin izanen du gaurtik kezka. Egoera horretan, «zubiak eraikitzen jarraitzeko» elkartasun oldearen aldeko deia egin zuen. Dohaintzak egiteko aukerak zehaztu ditu Herri Urratsek bere webgunean.