NAIZ

Alokairuen prezioa mugatzen duen Etxebizitza Legea behin betiko onartu da Senatuan

Senatuak onartu du ostiral honetan Etxebizitza Legea. PSOEk, ERCk, Bilduk, Mas Madridek, ASGk, Compromisek, Mes per Mallorcak eta Teruel Existek alde bozkatu dute. PP, EAJ, Junts, Vox, Ciudadanos, PAR eta UPN kontra agertu dira, eta PRC abstenitu egin da.

Tenkatutako eremuetan alokairuaren prezioa mugatzeko aukera ematen du legeak.
Tenkatutako eremuetan alokairuaren prezioa mugatzeko aukera ematen du legeak. (Iñigo URIZ | FOKU)

Espainiar Senatuko osoko bilkurak onartu du ostiral honetan Etxebizitza Legea, tenkatutako eremuetan alokairuaren prezioa mugatzeko aukera ematen diena autonomia erkidegoei eta udalei. Zehazki, arauak %2ko muga ezartzen du aurten alokairuaren igoerari dagokionez, eta %3ra igoko du 2024an.

Raquel Sanchez Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako ministroak azpimarratu duenez, legea ez doa «inoren aurka», eta «lankidetza» eskaini die laguntza higiezinen agentziei eta jabe pribatuei. Halaber, juridiko «sendoa» dela azpimarratu du.

Ione Belarra Eskubide Sozialen titularrak, berriz, legea «azken komara arte» betearazteko konpromisoa hartu du.

Etxebizitza Legeak hiru urte baino gehiago behar izan ditu argia ikusteko, eta Kongresutik iritsitako testuan aldaketarik egin gabe atera da aurrera, PSOEren, ERCren, EH Bilduren aldeko botoekin. Mas Madridek, ASGk, Compromisek, Més per Mallorcak eta Teruel Existek ere alde bozkatu dute.

Kontra bozkatu dute, besteak beste, PPk, EAJk, Junts per Catalunyak, Ciudadanosek, Voxek eta UPNk. Izan ere, Junts per Catalunyako senatarien eta jeltzaleen iritziz, arau berriak eskumenak urratzen ditu.

ERCk eta EH Bilduk salatu dutenez, EAJk eta Juntsek argudio hori «komodin» gisa erabiltzen dute, «eredu kontserbadorea» defendatzen dutela ez esateko.

Espainiako eskuina ordezkatzen duten alderdiek ETAren aitzakia erabili dute Etxebizitzaren Legearen aurka jotzeko, eta «hondamendia» iragarri du PPko senataria den Pedro Rollanek. «Okupak, Bildu eta ERC izango dira irabazten aterako direnak», esan du.

Apirileko akordioa

ERCk eta EH Bilduk Etxebizitza Legea adostu zuten apirilean Espainiako Gobernuarekin, eta alokairuari mugak jartzeko «tresna» gisa aurkeztu zuten Oskar Matute EH Bilduren ordezkariak eta Pilar Vallugera ERCkoak.

«Beste behin, ezkerreko indar subiranistek ahalbidetu eta lortzen dituzte aurrerapen sozial handiak, lege honen modukoak», nabarmendu zuen Matutek.