NAIZ
Donostia

Donostian 7.000 etxebizitza eraikitzeko konpromisoa hartu du Juan Karlos Izagirrek

Juan Karlos Izagirrek, EH Bilduren Donostiako alkategaiak, etxebizitza eskuratzeko ezintasunaren ondorioz, «donostiar askok euren auzo eta hiria utzi behar izan dutela» ekarri du gogora. Honi aurre egiteko, 7.000 etxebizitza baino gehiago eraikitzeko konpromisoa hartu du.

Izagirre eta Iriarte, Mertxe Aizpuruarekin batera, aurreko agerraldi batean.
Izagirre eta Iriarte, Mertxe Aizpuruarekin batera, aurreko agerraldi batean. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Agerraldia egin dute, asteazken goiz honetan, Donostian, Maddalen Iriartek, Gipuzkoako Aldundirako EH Bilduren hautagaiak, eta Juan Karlos Izagirrek, Donostiako alkategaiak. Bertan, azken honek, alkate izatekotan, 7.000 etxebizitza baino gehiago eraikitzeko konpromisoa hartu du, «donostiarrentzat aukerak sortzeko eta etxebizitzara sarbidea bermatzeko».

«Alokairuan esku-hartzea ezinbestekoa den moduan, etxebizitza berriak eraikitzea ere bada premiazkoa», adierazi du alkategaiak. Nabarmendu duenez, etxebizitza eskuratzeko ezintasunaren ondorioz, «donostiar askok euren auzo eta hiria utzi behar izan dute». Horri aurre egiteko  3.000 etxebizitza iragarri ditu Urumearen ertzean, 800 Ibaetan, 280 Eason, «trenbidea lurperatu ostean», 250 Esnabiden, eta 230 Zardoya-Otisen. Esnabidekoa onartuta dagoen sustapena da eta % 100 publikoa izango da. «Horiei guztiei GI-20 saihesbidea eraldatzen denean eraiki ahal izango diren 2.500 etxebizitzak gehitu behar zaizkie», aipatu du Izagirrek.

Zentzu berean, etxebizitza publikoaren kopurua «zehaztearen beharra» nabarmendu du EH Bilduren alkategaiak. «Donostian izango diren promozio berri guztietan, etxebizitza gehienak babestuak eta alokairuzkoak izango dira, eta, hauetatik %20a gazteei emantzipazioan laguntzeko».

Iriartek, modu berean, etxebizitza «herritarron arazo garrantzitsuenetakoa» bihurtu dela azpimarratu du. «Egoera honen atzean kausak eta arduradunak daude. Bi adibide: EH Bilduk alokairuak mugatzeko proposamena aurkeztu zuen EAEn; ezezkoa eman zitzaion eskuduntzak ez genituela esanez. EH Bilduk babes ofizialeko etxebizitzen %50a alokairura zuzentzea eskatu zuen 2022an: PSEk eta PNVk aurka bozkatu zuten», ekarri du gogora.

Orain alokairuaren prezioa mugatzeko aukera dagoela nabarmendu du Aldundirako hautagaiak. Etxebizitza Legerako Akordioak ezartzen dituen baldintza berrien arabera Gipuzkoaren «zati handi bat eremu tentsionatua» dela aipatu du eta horrek «aukera errealak eta egingarriak» eskaintzen dituela alokairuak mugatzeko. Besteak beste, planifikatu diren babes ofizialeko etxebizitzen %50a alokairuzkoa izan daitekeela.

Kaleratzeak zaildu edo neurri fiskal pizgarri «interesgarriak» ezartzeko aukera ere ematen duela iritzi du Iriartek. «Ez dago aitzakiarik, Euskal Herrian etxebizitzarako sarbidea bermatzeko garaia da».