Maite Ubiria
Aktualitateko erredaktorea, Ipar Euskal Herrian espezializatua / Redactora de actualidad, especializada en Ipar Euskal Herria
KANPAINAKO KAIERA (6. EGUNA)

Pipiaz beteriko eztabaida markoaren aldarrikapen harrigarriak

Erakundeetako ordezkariak, Bernard Elhorga Senpereko auzapez eskuindarra barne, Seaskako ordezkariekin batera, ‘Baxoa euskaraz’ leloa duen tixertarekin.
Erakundeetako ordezkariak, Bernard Elhorga Senpereko auzapez eskuindarra barne, Seaskako ordezkariekin batera, ‘Baxoa euskaraz’ leloa duen tixertarekin. (Maite UBIRIA)

Lokatzetan sartu gabe ibil liteke? Hauteskunde kanpainan, iduriz, zaila; Senpereko aintziran, ezinezkoa. Euriteek, alde batetik, eta Seaskak zabalduriko elkartasun deiaren hedatze lanek, bestetik, aski okupaturik izan dituzte eite askotariko herritarrak Urdazuriko eskualdean. Podemos-Ahal Dugu alderdiko ordezkari bik elkarlan horri trufa egin diotela jabetzeko astirik ere ez dute ukan gehien-gehienek. Alta, ulergaitza izanik ere, hori ere gertatu da. Ai, Ixabel, zu bazina lokatz egiteko makina bakarra...

Hors sujet

Euskaraz «gaitik kanpo». Horra hor baxoa (selektibitate frogaren bertsio frantsesa) azterketa egin behar duten Seaskako ikasleek saihestu behar duten ohar beldurgarria. 'Filo' azterketa hurbiltzen delarik, markoaren barnean arrazoitzeko estrategiak lantzen dituzte ikasleek Bernat Etxepare lizeoan. Euskaraz ikasteko aukera ematen duen batxilergo ikastetxe bakarra dela argitu dezagun.

Bertzerik ez bada, gaizki ulertze gehiago ez sortzeko.

Berezitasunen frogak martxoan gainditu ondoren, frantsesez idatzi beharko dute aurki Filosofia azterketa, eta metropoliaren mintzaira mihian pasatuko dute, baita ere, Ahozko Handia, nahiz eta ikasketa guztiak, 3 urtetik 18 urte bete arte, euskaraz egin dituzten.

Berdintasun eskubideari buruz galdetuko diete, ontsalaz, Filosofiako idatzi frogan, heldu den ekainean. Balukete asko idazteko gai horri buruz, norberaren bizipenetik hasita, Errepublika frantsesak bere Konstituzioaren aurkakoa hartzen duen hizkuntzaren erabiltzaileak diren heinean.

Izan ere, «Hors sujet» zehazten duen eremu lainotsu horretan ez lokazteko arauak beharko dituzte errespetatu, historian zehar berdintasuna, askatasuna, justizia eta abarreko asmo ederrak loratuz, obra mardula osatu duten pentsalarien proposamenak ezagutzen dituztela erakusteko. Hori da azterketaren xedea, ez besterik. Markoari neurria hartzea komeni.

Jatorrizko galderara itzuliz, lokatzetan sartu gabe ibil liteke? Joan den igandean, aroaren mehatxuari muzin eginez, Senpereko aintziran plisti eta plasta jardun zuten lagunentzat zinez zaila izan zen.

Ehunka eta ehunka herritar, jatorri eta ikusmolde ezberdinetakoak, zeruak erruz bota zuen euri jasari aurre egiten. Zertarako? Bada, mende erdi bat atzerago joz gero, euskarak ikasgelako sarrera debekatuta zuenean ikastoletako lehenengo zutabeak ezarri zituzten aitatxi-amatxi desobediente horiek emandako lekukoa hartuz, ondoko belaunaldiei euskaraz bizitzeko eskubide osoa eskuratzeko baldintza hobeak uzteko.

Seaskak zerbitzu publiko-komunitario bat ematea izan zuelako ardatz, sortu zenetik. Urte luzeak borrokatu ostean soilik aitortu zion Estatu frantsesak «interes publikoko» erakundearen izendapena.

Baina ikastolek «baimen bat baino, erabateko aitortza» xerkatzen dute, azterketak euskaraz egin ahal izateko, eta handik aurrera nazio antolaketa komunitarioan sakontzeko.

Publikoa versus komunitarioa?

Podemos-Ahal Dugu mutu da. EAEko Legebiltzarrean bere koordinatzaileak, lehenik, eta ondoren bere aholkulari batek, euskarafobia hauspotu dezaketen mezu sorta zabaldu ostean, esperoan izan dira euskaltzale anitz. Azalpenik ez da heldu. Ordurako hauxe pentsatuko dute euskaraz bizitzeko atrebentzia duten anitzek: denon ahotan den Ixabel lokatza sortzeko makinaren erabiltzaile bakarra balitz, gaitz erdi!

«Zer igoko da gehiago: Urdazuri ibaiaren emariaren maila edo ikastolek kobratzen dituzten legez kanpoko kuoten prezioa?», galdetu du batek Twitter sarean, frantses legeak ezartzen duen lege-markoari buruz ezer gutxi dakiela agerian utziz. «Por mucha fiesta que sea, están promocionando la segregación», jaurti du bigarrenak.

Nori zuzendutako hitzak ziren? Herri Urrats salbatzera bertaratu ziren milaka lagunei zuzentzen zitzaien? Geroztik elkartasun deiari erantzun dieten herritarrei eta erakundeei?

Frantses Hezkuntza Publikoko zein eskola giristinoen guraso elkarteek eskuz esku lan egiten dute gurean, Seaskako gurasoekin batera, euskarazko hezkuntzari ezarritako mugak zartatzeko esperantzaz.

Pentsamolde berdina dute? Ez baitezpada. Segregazioa gaindituz, hizkuntzari zor zaion estatusa lortzeko bidean elkarrekin urrutiago joan ahalko direla sinetsita dira.

M28rako hauteskunde kanpainan 'Publikotasunaren indarra' leloa hartu duen alderdiak ez du deus azaldu, lokatzaz beteriko botak garbitzen ari zirela, Seaskako lagunek deskubritu duten irain zaparradari buruz. Dagoeneko batek mezua ezabatu du, eta besteak giltzarrapoa ezarri dio profilari. Alta, lokatzak arrastoa uzten du.

Seaskak errespetua sortzen du. Pedagogia eta borroka uztartuz, sinesgarritasuna irabazi dute Ihintza amak, Dabid laborariak, Libe irakasleak... Laburbildurik, ikastoletako «burges malapartatu» horiek.

Horrek guztiz ulergaitz bilakatzen du, Marine Le Pen alde batera utzita, nola beste ezein alderdik ez duen berbalizatzen pipiaz beteriko diskurtsoa aldarrikatuz paraxutista more bi azaldu izana. Errana nizuen «Hors sujet» egiten duenak ez duela baxoa gainditzen? Pena.