NAIZ
Gasteiz

«Lurraren defentsan», mobilizazioa egingo dute larunbat honetan Gasteizen

«Lurraren alde eta lurraldearen lapurreta eta industrializazio zentzugabearen aurka», manifestazioa egingo du Euskal Herria Bizirik ekimenak larunbat honetan Gasteizen. Lakuari eta aldundiei enpresa handien interesen aurrean duten «morrontza» leporatu diete.

‘Lurraren defentsan, Euskal Herria bizirik!’ lelopean, manifestazioa larunbatean Gasteizen.
‘Lurraren defentsan, Euskal Herria bizirik!’ lelopean, manifestazioa larunbatean Gasteizen. (Steilas)

‘Lurraren defentsan, Euskal Herria bizirik!’ lelopean, manifestazioa deitu du Euskal Herria Bizirik ekimenak larunbat honetarako Gasteizen, «landa ingurunea eta inguru naturala jasaten ari diren eraso industrializatzaile bortitza salatzeko».

Energia enpresa handien «kolonizazio ziklo berri bat» ikusten dute. «Nekazaritza lurren lapurreta AHTa edo makro-negutegi industrialak eraikitzeko eta espekulazioa helburu duen itsasertzaren suntsitzea, Administrazio Publikoak bultzatzen ditu, espazio horiek gaitzesten dituelarik», salatu dute.

Lakuari eta aldundiei enpresa handi horien interesen aurrean duten «morrontza» leporatu zieten. Haien ebaluazioetan duten «erabateko partzialtasuna» eta «lurraldea eta interes orokorra babesteko betebeharrean duten utzikeria» ere kritikatu zuten. Era berean, «etorkizunik gabeko ikuspegia» dutela arbuiatu zuten.

Horren aurrean, «hurbileko energia sortzea, banatzea eta kudeatzea» eskatzen dute, «elikadura subiranotasuna eta eskubide unibertsala den energia kontsumoa bermatzeko». «Naturaguneen etorkizuna bermatuko duen kudeaketa eskatzen dugu. Gozamenerako eta guztion onerako zaindu beharreko inguruneak dira, ez enpresa handien espekulaziorako eta intereserako guneak».

Horregatik, mobilizazioa deitu dute larunbat honetarako. 18.00etan, Gasteizko San Anton plazatik abiatuko da eta herritar ezagun askoren babesa jaso dute. Jakoba Errekondo, Juan (Soziedad Alkoholika), Luca Abba (Val Susa), Itziar Rekalde, Antonio Aretxabala geologoa, Patricia Lopez Arnaiz, Irantzu Lekue artista gasteiztarra, Evaristo Páramos (La Polla Records), La Chula Potra, Carlos Taibo edo Alvaro Campos, besteak beste.