Mikel Aginagalde

Lau gune eta 26 ekitaldi, horietako zortzi ibiltariak

Gune guztietan denentzako moduko edukiak tartekatzen ahalegindu dira antolatzaileak. «Eremuka joateko aukera» eskaintzen dutela iragarri dute, norberaren gustuaren arabera.

Aurtengoa hirugarren urtea da Ondarroan Ibilaldia antolatzen dela. Irudian, 2011ko ekitaldia.
Aurtengoa hirugarren urtea da Ondarroan Ibilaldia antolatzen dela. Irudian, 2011ko ekitaldia. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Ondarroan ospatuko den Ibilaldiko ibilbideak bost kilometro luze eta lau gune izango ditu. Hirugarren aldiz ospatuko da ikastolen aldeko jaia euskal kostaldeko herri honetan, eta aurtengo ekitaldian Xe izango da hautatu duten leloa. Milaka euskaltzaleren presentzia espero da, eta beste bultzada bat izango da euskararen, euskal kulturaren eta ikastolen alde. Den prest, beraz, festa lehertzeko.  

Antolatzaileek azaldu dutenez, helburu nagusiak dira, batetik, euskara eta euskal kultura ardatz dituen gure ikastola herrira zabaltzea, eta bestetik, herriko eragileekin eta taldeekin harremanak sendotzea. Horrez gainera, aurtengo ekitaldiarekin hezkuntza komunitateak ikastolarekiko duen atxikimendua areagotu nahi dute, baita Ikasleei auzolanaren garrantzia erakutsi ere, guraso eta ikastolako komunitate osoa eredu izanik. Azkenik, helburu ekonomikoa ere badu Ibilaldiak, jakina, modu horretan arkitektura pedagogia eredu berrietara egokitu ahal izateko.

Josune Bañales Ibilaldia Elkarteko lehendakariak festaren atarian aipatu duenez, igandean Ondarroara hurbiltzen diren guztiek aukera paregabea izango dute euskaraz biziz egun ederra pasatzeko. Ez hori bakarrik, antolakuntzako kideen arabera, «eremuka joateko aukera eskaintzen du ibilbideak, norberaren gustuaren arabera». Bestalde, gaineratu dute ibaiaren ondoan doan bidean leku oso ikusgarriak eta paraje ederrak daudela.

Aspertzeko betarik ez

Oraingoan, orotara, 26 ekimen eskainiko dituzte, horietatik 18 aipaturiko lau guneetan egingo dira eta beste 8, aldiz, ibiltariak izango dira. Publiko guztientzako moduko egitaraua antolatu dute eta, horrela, guneak ez dira bakarrik umeena, gazteena edo nagusiena izango. Hau da, gune guztietan denentzako moduko edukiak tartekatuko dituzte.

Zirkua, Go!azen musikala, haurrentzako ikuskizunak, erromeria eta BBK-ko klimaren tailerra izango dira ikuskizun aipagarrienak “Zubixe” izeneko lehen gunean. Bigarrenean, Zaldupe futbol zelaiaren ondoan egongo den “Mazixe” gunean, ostera, Bad Sound eta Dupla taldeen musika emanaldiak izango dira ekitaldi nabarmenenak.

“Herrixe” gisa izendatu duten hirugarren gunea Alde Zaharraren ondoan kokatuko da; bertan, besteak beste, bertsolariak eta erromeria izango dira.

Azkenik, “Talaxe” gunean, Ibilaldia itsasora begira jarriko da Itsas Aurre plazatik. Sukaldaritza, antzerki eta bizikleta-ginkana tailerrez gain, Dj Bull eta Elepunt taldeen saioak eta Anje Duhalde kantariaren emanaldia izango dira.

Erronka

Gaztetxoen parte hartzea bultzatzeko xedez, bestetik, Erronka egingo dute berriz ere aurtengo ekitaldian; 14-16 urtera bitarteko neska-mutilak izango dira protagonista nagusiak. Euskal lurraldeko zenbait herritako ikasleak elkartuko dira, jolasaren bidez egun eder bat pasatzeko.

Denera 19 jarduera egin beharko dituzte, nor baino nor, herriko kaleetan zehar eta talde lanean. Lehia goizeko 11:00etan hasiko da Zeledonion, eta ikuskizuna ziurtatuta egongo da.

Erraztasunak bisitarientzat

Aurten, estreinakoz, datafono zerbitzua izango da erabilgarri, erraztasuna izan dadin ordainketak egiteko garaian.

Azkenik, antolatzaileek garraio publikoa erabiltzeko deia egin diete herritarrei, eta autobus zerbitzu berezia jarriko dute Euskotren eta Bizkaibus konpainiek. Autoz joateko asmoa dutenentzat ere lau gune egokituko dituzte arazorik egon ez dadin; horietako bi Gipuzkoatik datozenentzat izango dira, eta beste biak, Bizkaitik etortzeko asmoa dutenentzat.