Ardozaleenek agian jakingo dute, 1996. urteko uzta, Errioxan bederen ez zela urte bete lehenago eman zen aparteko mailara heldu, baina urte oso ona izan zen, hala ere, upategietako nagusientzat. Udaberri hotza eta euria batazbestekotik gora egin omen zuen eta horrek zaildu egin omen zuen mahatsondoen hazkuntza, baina maiatz alderako epeldu eta urte ona izan zen mahastietako langileentzat. Orduan ez zekiten, baina uzta hori apartekoa pilotarietan izan zen, bereziki, azken asteotan ikusi dugun bezala, Buruz Burukoari dagokionean. Patuaren kontatuak, finalerdietarako sailkatutako lau pilotarietatik hiru; Jokin Altuna, Aitor Elordi eta Dario Gomez urte berean jaio ziren eta garai antzekoan gainera. Errioxarra da hiruretan zaharrena, otsailaren 24an jaio baitzen, Elordi martxoaren 23an eta lau egun geroago amezketarra.
Eta urte horretako uzta ez da hiru horietara mugatzen, uztailaren 4koa baita duela hilabete gutxi pilota profesionala utzi duen Iker Irribarria, Manomanistako historiako txapeldunik gazteena, denera bi txapelketa irabazi dituena. Asteburuko emaitzei erreparatuta, kinta honetako beste pilotari batek jantziko du urteko garaikurrik preziatuena eta denera bosgarren txapela izango da 1996an jaiotakoek lortutakoa.
27 urterekin sasoirik onenean behar du pilotariak, baina aipatutako lau pilotariek ontze prozesu oso desberdinak, ia muturrekoak izan dituztela esan genezake, kirolari bakoitzak bere denbora behar duenaren seinale. Bi gipuzkoarren kasuan aparteko goiztiartasunaz hitz egin genezake. Aramarraren kasuan aipatu dugu bera izan zela Buruz Buruko txapela gazteen jantzi zuen pilotaria, 19 urterekin ordura arte Ruben Belokik 1995etik zuen marka hautsita. Jokin Altunari gehiago kosta zitzaion Manomanistako lehen txapela eskuratzea, 22rekin lortu zuen lehen aldiz, baina historia osoan, Juan Martinez de Irujo handia izan da hiru distantzietako garaipenak amezketarrak baino gazteago jantzi dituen pilotari bakarra, eta guztira zortzi baino ez dira izan hori egiteko gai.
Xalton Zabalaren aginduetara Amezketako Zazpi Iturri klubean hazitako bi pilotari hauei ume-umetatik ikusten zitzaien sailetik apartekoak zirela eta, alde horretatik, inor gutxi harritu zen puntaren puntan ikusi izanarekin. Irribarriaren lehen txapelak bai hartu gintuela denok ezustean, bere gaztetasunagatik eta, batez ere, aurkariak gainetik kentzeko erakutsitako erraztasunagatik, baina bere ibilbidea gertutik jarraitu zutenek bazuten federik egunen batean txapeldun izango zela.
Prozesu normalagoa
Baina esan bezala, Altuna III.a eta Irribarriaren kasuak ohikotik kanpo dauden kasuak dira, oso noizean behin irteten diren pilotariak dira biak ala biak eta alde horretatik, prozesu normalagotzak jo ditzakegu Aitor Elordi eta Dario Gomezenak. Pausoz pauso, su txikian, ez zailtasunik gabe, egositako pilotariak dira biak ala biak. Talentu gazteekin gero eta pazientzia gutxiago izaten den kirol profesionalean pilota ez da salbuespen bat eta hala Dariok nola Aitor Elordi hanka bana izan zuten Aspeko koadrotik at, espero ziren emaitzak lortzen ez zituztelako. Eskuetako arazoek ere ez zieten bidea erraztu eta Altunak eta Irribarriak ez bezala, Promozio mailako txapelketak irabazita bota behar izan zituzten aurrean topatutako oztopoak.
2019ko Buruz Burukoan jantzi zuen Ezkaraikoak orain arteko bere txapel bakarra, justu Elordiri Labriten 22-12 irabazita. Urte horretan bertan, Promozioko Binakakoa irabazi zuen mallabiarrak Oier Etxeberriarekin ta 2020koan kaiolakoan ere gailendu zen, finalean Egiguren egurtuta.
Garaipen hauei esker lehen mailan lehiatzeko aukerak lortu zituzten errioxarrak eta bizkaitarrak eta estelarretan lekurik egiterik lortu ez duten arren, azken bi urteetan egin dute eztanda. Dariok duela bi urteko Buruz Burukoan finalerdiak harrapatu eta bizkaitarrak Lau eta Erdikoan hasi zuen urte bikainarekin, lehen mailako Binakako txapela Zabaletarekin jantzita. Eta bere ibilbidea ez da horretan geratu, nahiz eta aurtengo Manomanistan aritzea ez zen ez bere, ez enpresaren planetan sartzen.
Fokuetatik at, itzalpean lan eginda eta fisikoki ikaragarri zailduak, Elordik eta Dariok mezu ezin argiagoa bidali diete azken hilabeteetan enpresetako arduradunei, pazientzia ete mimoz, txapeldunak jaio baina egin ere egiten direla.