Amaia Zurutuza-Peli Lekuona
Interview
Iker Casanova
EH Bilduren Bizkaiko ahaldun nagusigaia

«Bizkaia transformatu beharra daukagu, parametro zaharkituetan kudeatzen ari dira instituzioak»

Iker Casanova da EH Bilduren zerrendaburua Bizkaiko Batzar Nagusietako hauteskundeetan. Koalizioaren gorakadaz mintzo dira inkestak, eta hautagaia baikor agertu da NAIZ Irratian egindako elkarrizketan. Jeltzaleen «hegemoniaren eztabaidaezintasunaren» bukaera aurreikusten du.

Iker Casanova, Bizkaiko ahaldun nagusigaia, EH Bilduren kanpaina ekitaldi batean.
Iker Casanova, Bizkaiko ahaldun nagusigaia, EH Bilduren kanpaina ekitaldi batean. (Aritz Loiola | Foku)

Bederatzi urte eman dituzu Gasteizko Parlamentuan. Bertan egindako bidea baliagarria izango zaizu Bizkaiko erakunde nagusian lan egiteko? Pertsonalki nola egiten diozu aurre Bizkaiko ahaldun nagusigai izateari?

Legebiltzarrean asko ikasi dut instituzioen funtzionamenduaz, baina baita ere euskal gizartearen egituraketaz eta funtzionamenduaz. Aukera izan dut interlokuzio zabala izateko eragile askorekin. Beste alderdietako pertsonekin eztabaidatzeko aukera izan dut ere, eta uste dut hori aberasgarria dela.

EH Bilduk inoizko emaitzarik onenak lortuko dituela diozue. Inkestek ere ala diote. Zeintzuk dira gakoak?

Bizkaiko emaitzak, lurralde honen egoera hobetzeko funtsezkoak izateaz gain, Euskal Herrian ere funtsezkoak dira. Euskal Herrian ez da aldaketa sozial eta politikorik egongo Bizkaian mugimendurik ez badago. Bizkaia gabe ez dago Euskal Herrian askapen prozesu sozial edo nazionalik. Baina Bizkaia bera ere transformatzeko beharra daukagu. Azken urteetako politikak agortuta daude eta beste dinamika batean murgildu behar dugu.

«EH Bilduk badauka gaurko arazoei era kolektibo batean aurre egiteko ekarpena, babes sistema sendo bat sortuz eta instituzioak jendearen beharren zerbitzura jarriz»

Garai gogorrak bizi ditugu, aldaketa handikoak, eta, askotan, aldaketa hauetan jendeari arazo sozioekonomiko larriak sortzen zaizkio. EH Bilduk badauka horri era kolektibo batean aurre egiteko ekarpen bat, babes sistema sendo bat sortuz, instituzioak jendearen beharren zerbitzura jarriz...

Uste dugu, orokorrean, EH Bilduk ondo egin duela egitura guztietan: Nafarroa eta EAEko parlamentuan, Madrilen, Europan... Horrek euskal gizartearen aurrean sinesgarritasun inportante bat eman digu. Gizarteari helarazi nahi diogun mezua hori da: Mugi gaitezen, aukera badago eta EH Bilduk gauza itzelak egin ditzake Bizkaian.

Guk ez daukagu indar mediatiko handirik, baina badaukagu indar militante erraldoi bat, eta hori benetan aktibatzen badugu, aurreikusitako emaitza on horiek gauzatu eta hobetu ere egin daitezke.

Hala ere, inkestek nagusitasuna ematen diete EAJri. Zeintzuk dira esker subiranistaren zailtasunak hegemonia horri aurre egiteko?

Agerikoa da Bizkaian EAJk ondo kapitalizatu duela alderdi estatalisten gainbehera, eta adibide nabarmena Ezkerraldean dago. Bertan, hamarkadetan zehar, PSOE izan da jaun eta jabe, eta gaur-gaurkoz Portugaleteko alkatetza baino ez du mantentzen. Sektore politiko horretatik, baita PPren partetik, trasbase potente bat egon da EAJra. Jeltzaleek boto horiek bereganatzen jakin izan dute. Ikuspegi neoliberal bateko agenda duen arren, ideologia definiturik gabeko alderdia dirudi kalera begira, eta proiektatzen duen aniztasun horren bidez sektore ezberdinak erakartzen ditu.

«Bizkaiak gehiengo politiko eta soziologikoa aurrerakoia du, eta ez da logikoa eskuineko alderdi batek halako hegemonia izatea»

Hori aldatzea da gure helburua, baina aldaketa soziologiko eta politiko sakonek denbora behar dute. Bizkaia ez da eskuindarra; gehiengo politiko eta soziologiko aurrerakoia du, eta ez da logikoa eskuineko alderdi batek halako hegemonia izatea. Seguruenik maiatzaren 28an ez da EAJren hegemonia hori bukatuko, baina bai hura fenomeno eztabaidaezintzat jotzea.

Nola baloratzen duzue azken legealdian EAJ-PSEren Foru Gobernuak egin duen lana? Eta zeintzuk dira Bizkaiaren behar nagusiak?

Bi gauzak lotuta daude. Azken finean, behar duguna da egin ez den hori. Eskema eta parametro oso zaharkituetan kudeatu dira hemengo erakundeak.

Bizkaian hiru gauza behar ditugu: Hasteko, munduan gertatzen ari denaren azterketa egoki bat egitea. Munduan krisi bat bestearen atzetik ikusten ari gara, baina ez dira fenomeno isolatuak. Trantsizio handi baten adierazpenak dira, eta horrek beste politika batzuk egitera bultzatzen gaitu.

Azterketa egokia egin ondoren, gobernantza eredu berri bat behar dugu. Jendeak erakundeenganako konfiantza galdu du, eta urrundu egin da politikatik. Horren aurrean gobernantza eredu garden, parte-hartzaile eta eredugarri bat behar dugu, gaur-gaurkoz Bizkaian ez duguna.

Azkenik, beste mota bateko politikak behar ditugu. Alde batetik, plano sozioekonomikoan, Bizkaiak berreskuratu behar du garai batean izan zuen lidergo ekonomikoa. Berpizte hori, industria teknologiko soziala eta ekologikoan oinarrituta izan behar da, 5.0 deitzen dugun industria ereduan. Bestalde, abangoardiako politika sozialak garatzeko gaitasuna behar dugu.

Klima aldaketari aurre egitea eta trantsizio energetikoa gauzatzea beharrezkoa dela esaterakoan adostasuna ia erabatekoa da, baina ondoren ezarri beharreko neurrien inguruan ez dago determinaziorik. Zer neurri hartzea defendatzen du EH Bilduk?

Harrigarria iruditzen zaigu egun batean larrialdi klimatikoa dagoela aldarrikatzea eta hurrengo egunean gauzak beti bezala egiten jarraitzea. Larrialdi baten aurrean bagaude onartzen badugu, aldaketa sakonak eman behar ditugu. Bizkaian dena dago egin gabe, energiatik lehen sektoreraino. Legealdi honetan gai zentral bat izango da.

«Bilbo Handian jarduera produktiboa kokatzeko esparru bat behar dugu, eta 5.0 industria deitzen dugun hori kokatzeko eremu egokitzat ikusten dugu Punta Zorrotza eta bere ingurua»

Bilbora joanda, Udalak Punta Zorrotzarako plana aurkeztu du. Egokia al da? Zein da EH Bilduren apustua eremu honetarako?

Faktore askok egiten dute bat proiektu honetan. Mugikortasun beharrak arintzeko, jendea egunero lanpostura mugitu ordez, lanpostuak eraman behar ditugu jendea dagoen tokira. Punta Zorrotzan egin nahi duguna, hain zuzen ere, hori da. Bilbo Handian jarduera produktiboa kokatzeko esparru bat behar dugu, eta lehen aipatutako 5.0 industria hori kokatzeko eremu egokitzat ikusten dugu Punta Zorrotza eta bere ingurua, hala nola, Zorrotzaurre eta Burtzeñako enpresa parkea. Gainera, Renfeko C1 trenbideak lurperatuz, azpiegitura hau aprobetxatu ahal dugu garraioaren kontua arintzeko.

«Bizkaia polizentriko bat antolatzeko apustua egiten dugu. Eskualde bakoitzak badauka bere nortasuna eta bakoitzak antolaketa duina izan behar du: garraioan, zerbitzuan, eredu ekonomikoan...»

Bizkaiko eskualdeei begiratuta, zein da argazkia? Non daude behar handienak? Kanpainaurrean, esaterako, salatu duzue EAJk Meatzaldea abandonatuta duela...

Nik, Ezkerraldekoa izanik, beti izan dut eskualde honen bazterketaren pertzepzioa. Baina beste eskualdeetako jendearekin hitz egiten, konturatu nahiz hainbat tokitan dagoela pertzepzio berdina.

Hedaduran txikia izan arren, Bizkaia oso anitza da. Eskualde bakoitzak badauka bere nortasuna eta antolaketa duina behar du: garraioan, zerbitzuetan... Guk Bizkaia polizentriko bat antolatzeko apustua egiten dugu, non eskualde bakoitzak proiektu estrategiko bat aurrera eramateko baliabide publikoak izango dituen. Bizkaitar guztiek aukera, zerbitzu eta irtenbide ekonomiko berberak izan behar dituzte.

Gobernantza eredu berri bat bultzatzea proposatzen duzue. Herritarrek erakundeenganako konfiantza berreskuratzea lor daitekeela uste duzue?

Lortzen ari gara eskala batean. Adibidez, Bakion, Lemoan, Urduñan... EH Bildu iritsi zen instituzioetara eta buelta eman zion gobernantza ereduari. Kasu batzuetan, ikusi genuen erakundeak diruz eta sinesgarritasunez hustuta zeudela EAJren kudeaketaren ondorioz. Bertan proiektuak martxan jarri eta kudeaketa gardena eta eraginkorra aktibatu dugu, herritarren inplikazioa bilatuz. Neurri batean, egoerari buelta eman zaio.

Herrietan ez ezik, eredu aldaketa hau beste eskala batera eraman behar dugu, Bizkaiko eta Euskal Herriko instituzio guztietara.

«Fiskalitate eredu berriak jarri behar ditugu aberastasuna banatzeko, ekonomia sustatzeko eta zerbitzu publikoak finantzatzeko»

Fiskalitatean, ematen du ez dela lortzen progresibitatea, gehien duenak gehiago ordain dezala... Lor daiteke fiskalitate progresibo bat?

Gero eta fiskalitate malguagoa dago, aberatsen mesedetan. Aldiz, erakunde publikoek gero eta baliabide ekonomiko gutxiago dauzkate herritarrek behar dituzten zerbitzuak eskaintzeko.

EH Bildutik uste dugu fiskalitatean aldaketa zehatz eta sakonak eman daitezkeela. Progresibitatean sakondu behar dugu, gehien daukanak gehiago ordaintzeko. Gainera, elementu berriak txertatu behar dira, adibidez, fiskalitatetik etxebizitzaren aferari erantzun bat eman ahal zaio alokairuetan neurriak hartuz. Aldaketa klimatikoari aurre egiteko ere neurri ezberdinak planteatu daitezke, fiskalitate berdea deitzen denaren esparrutik. Instituzioei baliabideak eman ahal zaizkie jarduera ekonomikoa bultzatzeko, ikerkuntza eta garapena indartzeko, ezagupenaren gizarte bat sortzeko hezkuntza sistematik...

Laburbilduz, fiskalitate eredu berriak jarri behar ditugu aberastasuna banatzeko, ekonomia sustatzeko eta zerbitzu publikoak finantzatzeko.