NAIZ
Ataun

AHTak sortuko duen «hondamendi ekologikoaren aurka», elkarretaratzea Ataunen

Ataungo San Martin enparantzan elkarretaratzea egin zuten asteazken honetan «AHT Aralarren ate joka» dagoela ohartarazi eta proiektua bere osotasunean bertan behera uzteko eskatzeko. «Ez da onargarria hainbesteko baliabide eta dirutza beharrezkoa ez den megaproiektu batean xahutzea».

Ataunen egindako elkarretaratzea.
Ataunen egindako elkarretaratzea. (Gotzon ARANBURU | FOKU)

Sakanatik sartu, «Ataun zeharkatu eta Idiazabal eta Olaberritik Ezkiora eraman nahi duten» AHT proiektuari ezetz esateko, ‘Natura eta landa suntsituz ezin da herria eraiki’ lelopean elkarretaratzea egin zuten asteazken honetan Ataunen. Landarlan ingurumen elkartetik jakinarazi dutenez, espainiar Garraio Ministerioa «lurjabeekin harremanetan jartzear dago» zundaketa lanekin hasteko asmoz.

«Ez Sakanan eta ezta Goierrin ere ez dugu onartuko AHTak tamaina horretako hondamendi ekologikorik sortzerik», adierazi zuten. Jende andana bildu zen Ataungo San Martin enparantzan. Baieztatu zutenez, Nafarroako zein Gipuzkoako udalek jaso dute maiatzetik irailera aurreikusten diren lan hauen dokumentazioa. «Garrantzitsua iruditzen zaigu hauteskundeen testuinguruan alderdi ezberdinen ikuspuntuak adieraztea».

Gogora ekarri zuten, Ministerioaren arabera, AHTak bi alternatiba dituela Nafarroa «euskal Y» deitutakoarekin lotzeko: lehena Gasteiztik igaroz izango litzateke eta bigarrenak Ezkio-Itsasoko plataforma intermodala erabiliko luke. «Azken hau aurrekoa baino hiru aldiz garestiagoa izango litzateke eta gainera Aralar zeharkatuko luke», nabarmendu zuten. «Ibilbide honen arabera, trenbidea Lakuntza inguruan sartuko litzateke lur azpian eta Ataun alderik alde zaharkatuko luke. Altzania, Motasoro eta Atxurbiren azpitik pasako litzateke, Idiazabal eta Olaberria artean irten eta Ezkio-Itsasora iristeko. Proiektuaren arabera Ataunen trenbidea bistan edukiko genuke leku batean baino gehiagotan».

Aralarko saihesbidea «alde batera uztea» eskatu zuten. «Are gehiago, AHTaren proiektua bere osotasunean bertan behera uzteko eskatzen dugu. Bizi dugun ziurgabetasun eta krisi ekosozial honen aurrean ez baita onargarria hainbesteko baliabide eta dirutza beharrezkoa ez den megaproiektu batean xahutzea».

EAJk eta PSNk aukera ezberdinen alde egiten dutela ere azpimarratu zuten. «EAJk Aralar zeharkatzea lehenetsi du, hau da, Ezkio-Itsasoko plataforma intermodala erabiltzeko proposamena Europara eraman du. Nafar Gobernuko Garraio Zuzendari den Berta Mirandak (PSN) aldiz EAJren jarrera arduragabea salatu zuen prentsan, gaur-gaurkoz zati hori egiteko azterketa teknikoak egiteke baitaude», aipatu zuten, EH Bilduk eta Podemosek egungo tren azpiegiturak egokitzearen alde egin dutela gogoratzearekin batera.

Sustrai: «Krisi sozial eta energetikoari aurre egiteko jorratu beharreko bidetik aldentzen gaitu»

Sustrai Erakuntzak, era berean, «alarma ahotsa» eman nahi izan du «proiektu inutila eta suntsitzaile» honi buruz. «Proiektu honek 170 milioi euro baino gehiago xahutzea ekarri digu orain arte, zerbitzu publikoen narriadura nabarmena den une honetan; Castejon eta Tafalla bezalako herriak zigortzea; Iruñerriko espekulazio mugimenduak areagotzea; Sakanako eta Aralar gaineko presioa gogortzea; ehunka hektareako herri lurrak eta laborantza lurrak galtzea; CO2 isuriak gora egitea; babestutako eremuak eta biodibertsitatea kaltetzea; egungo trenbide-azpiegitura (geltokiak irekitzea, zerbitzuak handitzea...) berreskuratu eta sustatzeko neurririk ez izatea; eta, nafarroi aldiriko benetako trenbide-zerbitzu publikoa ukatzea» arbuiatu du.

AHTren obrak klima-aldaketari buruzko legeen onarpenari «osoko zuzenketa» direla adierazi dute. «Obra hau jarraitzeak, aurrekontu-partidak onartzeak, informazio azterlanek eta prospekzio geoteknikoek larrialdi klimatikoari zein krisi sozial eta energetikoari aurre egiteko jorratu beharreko bidetik aldentzen gaituzte, eta ezinezko bihurtzen ditu egungo ekoizpen eta kontsumo moduak ordezkatzeko ahaleginak».