Lan gatazkak eguneroko ogia bilakatu dira Euskal Herrian azken urtean bereziki, gehienak hitzarmenen negoziaketekin lotuta eta goraka egin duen inflazioak baldintzatuta. Ia sektore guztietan ageri dira liskarrak eta protagonismo handia lortu dute sindikatuek.
Datuak hortxe dira. Josu Erkoreka Segurtasun arloko Lakuako sailburuak iazko abenduan adierazi zuenez, lan arloari lotutako 6.000 mobilizazio burutu ziren 2022. urtean zehar Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; eguneko hogeitik gertu, batez beste. Beste bat, hau ere oso adierazgarria: Estatu espainol osoan urte berean burutu ziren greben %42 Euskal Herrian gertatu zen.
Joera hori bera izan da aurtengoan ere, baina hauteskunde kanpainak haize berriak ekarri omen ditu, eta bereziki azken egun hauek. Asteartean 68 egunez luzatzen zen Bizkaiko erresidentzien grebak akordioa erditu zuen, patronalak ELA eta UGTrekin adostua, eta zenbait langilek kalean algara handiz ospatu zutena. Zenbait kasutan soldata igoerak %23koak izango dira.
Egun bat beranduago, Justizia arloan heldu da akordioa, oraingoan ELAk eta LABek Lakuako Gobernuarekin eskuratua. Ia hilabete batez luzatu da greba, era eragin handia izan du, epaiketa ugari bertan behera utziarazi baitu. Langile gehienentzat %13koa izango da soldata igoera. Lortutakoa «aurretik pentsaezin»tzat jo dute langile batzuek, Radio Euskadiri egindako adierazpenetan.
Gipuzkoako Metalgintzari dagokionez, juxtu kanpaina hasteko bezperan heldu zen akordioa. ELA eta UGT, batetik, eta Adegi, bestetik, dira protagonistak kasu honetan. ELAk ziurtatu duenez, esparru honetako «hitzarmen onena» da honako hau, besteak beste 20 urtetan lehen aldiz lanaldia zertxobait murriztea ahalbidetuko duelako. Soldatari dagokionez, aurten %5a igoko da, hurrengoan KPI baino %0,7 gehiago, eta KPIren maila 2025ean eta 2026an.
Azken honi erreparatuz, Eduardo Junkera Adegi Gipuzkoako patronalaren presidenteak gehiago ere esan du: ez dela kasu bakana, ildo berria baizik. ELA eta UGTrekin hitzarmen berria sinatzeko ekitaldian «akordioaren kultura» eta «bake soziala» txalotu ditu. «Elkarrizketa» eta «elkarren arteko konfiantza» ere atera dira bere ahotan.
Hau entzunda, inork ez luke esango 2022. urtean zehar Gipuzkoan 106 greba burutu zirela, aurreko urtean «galdutako» lan egunen kopurua %348 igoz eta %165 langile gehiago batuz.
Garai berria benetan edo hauteskunde aurreko mirariak baino ez? Hautetsontzien bueltan jakingo dugu, laster batean, aniztasun funtzionala duten pertsonen enpresetatik hasita Osakidetzara heldu arte, Amazonetik Ertzaintzara, garbiketa arloan, erresidentzietan, esku-hartze sozialaren alorrean... ate joka ari baitira.