Xole Aramendi
Erredaktorea, kulturan espezializatua
Interview
Kepa Errasti
Aktorea eta idazlea

«Oso paradoxikoa iruditu zitzaidan bakardadeaz hitz egiten duen bakarrizketa sortzea»

Bakardadea, besteek gutaz duten iritziak gugan duen pisua, ‘bertan gozo’ egotearen sentipena... hainbat hari harilkatu ditu Kepa Errastik ‘Postdatarik gabeko gutunak’ antzezlanean. Ostiral honetan eskainiko du estreinakoz Xake Produkzioak konpainiak Tolosan.

Kepa Errastik MIkel sortu eta gorpuztu du, boste urteren ondoren ziega uztera doan presoa.
Kepa Errastik MIkel sortu eta gorpuztu du, boste urteren ondoren ziega uztera doan presoa. (XAKE PRODUKZIOAK)

Bost urte preso daramatza Mikelek. Ziegako atea irekitzeko ordubete besterik ez da geratzen. Urte hauetan ez da guztiz bakarrik egon. Bere irudimenak sortu duen pertsonaia izan du lagun, Bakarne. Piano doinuz alaitu eta gozatu dizkio Mikeli hain luze jotzen duten minutuak.

Izan du bakardadea arindu dion beste lagun bat ere. Izenik gabea. Postdataren lekua hutsik dutela iritsi zaizkio presondegira pertsona ezezagun baten gutunak.

Ordubete besterik ez aske izateko 60 minutu falta dira askatasuna berreskuratzeko. Besterik ez. Gutunez gutun, lagun izan duen pertsona hori du gogoan. Jaso duen azkena geratzen zaio irakurtzeko. Atzeratu egin nahi du unea, nahiz Bakarnek akuilu lanak egiten dizkion. «Bere bizitzaren errepaso bat egingo du, jasotako gutunak gogoratuz, igorle misteriotsua nor den jakin arte», adierazi dute konpainiakoek.

Hauxe Xake Produkzioak taldearen “Postdatarik gabeko gutunak” antzezlanaren abiapuntua. Helmuga zein den agertokian bertan jakingo du ikusleak. Ezustekorik ez da faltako bidean.

Kepa Errastik idatzi du gidoia. Berak jokatu du Mikelen pertsonaia ere. Getari Etxegaraik hartu ditu zuzendari lanak, Xabier Ormazabal laguntzaile duela. Eta gutunak Iñigo Legorburuk idatzi ditu.

Beldurrak

Bakarrizketa sortu nahian zebilen Kepa Errasti. Gai bila. Bakardadea aukeratu zuen. «Nire buruari erronka jarri nion, bakarrizketa idatzi eta idaztea. Ikustera ohituta gauden ohiko bakarrizketetatik urrunduko zen zerbait egin nahi nuen. Antzerki garapen handiagoa izango lukeena», kontatu du.

«Zer egin pentsatzen ari nintzela, oso paradoxikoa iruditu zitzaidan bakardadeaz hitz egiten duen bakarrizketa sortzea», dio Errastik.  

Baina beldurtu egin zuen bere kasara bira oso bat egiteak. Eta Bakarne gehitu zen obrara. Nerea Ariznabarretak gorpuztu du Charles Chaplin inspirazio duen pertsonaia mutua.
Bakarrizketa lagundua izatera igaro zen. «Ni bakarrik emanaldiak egiten, plazaz plaza, teknikariarekin... ‘Ez, beste norbaiti begiratu nahi diot begietara’ pentsatu nuen. Horrela sortu zitzaidan Bakarneren pertsonaia. Asko eskertzen da, asko oxigenatzen du testua bera», esan du.

Hari mataza

Ez da landutako gai bakarra, hala ere. «Izan ere, beste gai batzuk baino ezkutuago geratu da azkenean. Zenbateraino bizi gara besteen begiradaren mende? Bizitza aldaketa potentea datorkigunean gainera, zenbateraino beldurtzen gara? Zenbateraino gaude eroso gauden lekuan, nahiz jakin etorriko dena hoberako izango dela? Horrez gain, zaintzak ere presentzia badu», kontatu du Errastik.

Hainbeste amestu duen unea ate joka datorrenez, sekulako izua sentituko du Mikelek. «Hamaika formatan azaldu daiteke bertigoa. Ez da kalera ateratzea bakarrik. Non zaude zu? Nora zoaz? Harremanak galduta dituzu kanpoko jendearekin, bat-batean sozializatu egin behar duzu eta ohituta zaude zure bakardadera eta zure lagun imajinariora... zeure burua zalantzan jartzeraino. Zenbat eragin dit bakardadeak? Zenbateraino joan zait burua?», jarraitu du.

Nikaraguako doinuak airean

Nikaraguan jaioa da Mikel, guraso exiliatuen semea. Musikaz baliatu da Errasti ikuslea 80ko hamarkadaren amaiera eta 90eko hamarkadaren hasierara eramateko. «Hasieratik oso garbi neukan zuzeneko musika nahi nuela. Euskal Herriak Latinoamerikako herrialde iraultzaileekin izan zuen harremana, Mikelek erbesteratutako gurasoak ditu eta unibertso horretara eramaten ninduen kantutegi horrek».

Eszenografia soila da, ezin bestela izan. Bi aktore, kartoizko kaxa hutsez inguratuta. «Zementuzko kaxa erdia da barrote batzuekin, ziega irudikatu dezakeena».

Umoretik ere badu antzezlanak. Ariznabarretaren pertsonaia da ukitu komikoa ematen diona.

Asebeteta geratu da Errasti, bizitako esperientziaren ondoren. «Erronka zaila zen, bai Getari bai niretzat, eta, aurrera atera dugunez, betetasun sentipena daukat. Gainera, sinetsita proiektu polita daukagula esku artean. Hori da balio duena. Antzeko zerbait diogu obran besteen iritziaz ari garela. Noski, ikusleak gustukoa izatea ere bai», esan du aktore eta idazleak.

Tolosan ikusiko du argia ‘Postdatarik gabeko gutunak’ lanak ostiral honetan. Aurrera begira, udazkenean badituzte emanaldiak, oraindik datak konfirmatu gabeak. Horiez gain, urtarrilaren 12an Barakaldon izango dira.