Eguneroko bizitzan, konektatuta dauden hainbat gailu erabiltzen ditugu –trenak, autobusak, igogailuak edo etxetresna elektrikoak…–, eta, konektatuta daudenez, zibererasoren bat jasan dezakete. Mundu mailan konektatuta dauden gailuen kopurua eta eguneroko bizitzan duten eragina imajinaezina da.
Ziberdelinkuentziaren hazkunde esponentzialerako eszenatoki ezin hobea da, baina zibersegurtasunaren negozioa garatzeko eta kalitatezko enplegu teknologikoa sortzeko aukera paregabea ere bada, industria zibererasoetatik babestuz.
Produktu elektronikoak kritikoak dira energiaren, garraioaren edo industriaren sektoreetan, non pertsonen eta ondasunen segurtasuna eta babesa aparatu horien funtzionamendu egokiaren mende baitago, eta funtzionamendu okerrak ondorio larriak izan baititzake.
Horregatik, oso garrantzitsua da produktu elektroniko horiek, zibersegurtasun irizpideen arabera diseinatzeaz gain, aldizka beren bizi-ziklo osoan eguneratzea, zibererasoen aurrean sendoak eta seguruak izan daitezen. Horretarako, zibersegurtasuneko araudi batzuk garatzen ari dira nazioartean, produktu elektronikoek beren aplikazio sektorearen arabera bete beharreko irizpideak ezartzen dituztenak, eta fabrikatzaileek bi urteko epean nahitaez bete beharko dituztela aurreikusten da.
Testuinguru horretan, duela bi urte, Ikerlan euskal zentro teknologikoak aukera-leiho bat identifikatu zuen, alegia, bere produktuak ziberseguruak direla ziurtatuko duen kanpo-zigilu bat eskaintzea industriari, nazioarteko zibersegurtasun arau zorrotzenen arabera.
Ideia horrek Orbik Cybersecurity-ren sorrera ekarri du, Ikerlan zentro teknologikoaren spin-off berria, know-how-ean eta zentroaren esperientzian oinarritutako zibersegurtasun konpainia. Gainera, Estatuan dagoen bakarra da ekipamendu elektronikoko fabrikatzaile industrial europarrei zerbitzua ematera bideratua dagoena, batez ere, derrigorrezkoa izan baino lehen, ziurtatutako produktu ziberseguruak eskaintzen dituzten konpainia gisa merkatuan kokatu nahi dutenei.
Egoitza Euskal Herrian duen baina nazioartera zabaldu nahi duen enpresa berriak, nazioarteko araudien eta zibersegurtasuneko zerbitzu gehigarrien araberako ebaluazio laborategi bihurtu nahi du, industria produktuen eragiketen bizi ziklo osoan. 2027rako, Orbik Cybersecurityk hogei profesionaleko lantaldea eta bi milioi euroko fakturazio bolumena izatea du helburu.
Konpainia berriak sektore elektrikoko enpresak ditu ardatz, batez ere osagai eta sistemen fabrikatzaileak, eta, oro har, sektore kritikoetarako ekipo fabrikatzaileak; hau da, funtsezko zerbitzuak eskaintzen dituztenak eta zibererasoaren aurrean ahulagoak izan daitezkeenak. Epe ertainera, industria ondasunen, garraioaren, makina-erremintaren eta zibersegurtasuneko produktuen enpresetara zabaltzea aurreikusten du.
Salvador Trujillok, orain arte Ikerlaneko zibersegurtasun alorreko arduraduna izan denak eta aurrerantzean spin-off berriaren CEO izango denak, azaldu du Orbik Cybersecurity «zibersegurtasuneko euskal ekosistema osatzeko eta indartzeko iristen dela, espezializazio maila handia eskatzen duen behar teknologikoa eta araudia betez, eta gaur egun beharrezkoa dela Euskaditik eta Estatutik kanpo kontratatzea». Horrela, Orbik Cybersecurity zibersegurtasuneko kanpo-zigilu bat eskaintzen duen Estatu espainoleko lehen enpresa bilakatu da, ekipamendu elektronikoa egiaztatzea ahalbidetzen duten nazioarteko arauetan oinarritua.
Laborategi akreditatua
Gaur egun, eta lehen fase batean, Orbik Cybersecurity Ikerlanek Arrasaten duen Digilab laborategiko instalazio inauguratu berrietan kokatuko da, Estatuko teknologia digitalen laborategirik aurreratuenean. Gainera, 2023. urtean, ENAC Espainiako Akreditazio Erakunde Nazionalak UNE 17025 arauarekin bat akreditatutako zibersegurtasun industrialeko lehen laborategia izango da Digilab.
Hala, Ikerlan izango da munduko zazpigarren enpresa eta Estatuko lehena, ISA SECURE agentzia iparramerikarrak argitaratutako txosten baten arabera, zibersegurtasun laborategi akreditatua duena.
Orbik Cybersecurity Ikerlanen jarduerak osatzera dator eta I+Gko jarduerak garatzen jarraituko du, produktu elektronikoak ebaluatzeko eta ziurtatzeko zerbitzu espezializatuak eskainiz nazioarteko araudiaren arabera, eta produktu horien ahultasunak etengabe monitorizatzeko zerbitzuak emango ditu.