Iraitz Mateo, Nerea Lauzirika, Alaia Sierra

Gazteek, hauteskundeetan ahotsa izateaz gain, boterea eskuratu nahi dute

Eneritz Zabala eta Ander Loyola EH Bilduko hautagaiak dira hauteskundeotan. Bizkaiko Batzar Nagusietarako bata, eta Zizur Nagusiko Udalerako, bestea. Ilusioz eta konpromisoz heldu diote erronkari; beraien ustez, gazteak aktibo dabiltza politikagintzan, eta instituzioak beste borroka eremu bat dira.

Eneritz Zabala gazte bilbotarra, Bizkaiko Batzar Nagusietarako EH Bilduko hautagaietako bat.
Eneritz Zabala gazte bilbotarra, Bizkaiko Batzar Nagusietarako EH Bilduko hautagaietako bat. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Hauteskundeen testuinguruan askok hitz egiten dute gazteez, etorkizunaz eta «utziko diegun» herriaz. Beste askok galdetzen dute gazteak non dauden, eta ez dutela ezer egiten esatera ere ausartzen dira zenbait. Kanpainak abiatuta, alderdi politikoak hasten dira gazteez hitz egiten, gazteak «erakartzeko» neurrien inguruan hitz egiten, edota zimurren aurkako kremak aurpegian eman eta ustezko outfit modernoak erosten. Baina zer uste dute gazteek? Zer iruditzen zaizkie hauteskundeak eta hauteskunde kanpainak? Nola bizi dute garai hau gazte hautagaiek? Zer dela eta egin instituzioetan ardurak hartzeko pausoa? Gazteei hitz egin beharrean, gazteek hitza hartuko dutela aldarrikatu dute hautagai gisa beren burua aurkeztu duten gure bi protagonistek. Eta hauteskunde ziklo honi, begi zein begirada ezberdinetatik begiratzen dieten lau gazteren ahotsak ere bildu ditugu. Norberak bere asmo eta erronkak ditu, baina guztiek nahi dituzte bizitza duinagoak eta herri hobe bat.

Eneritz Zabalaren (1995, Bilbo) ustez, gazteengan badago «ilusioa» politikagintzan parte hartzeko. Politika instituzioez haratago ulertu behar dela egiten du aldarri, eta aldi berean, Bizkaiko Batzar Nagusietan hautagai izateko aurkeztu du bere burua; bere ustez, badago instituzioekiko «interesa». Ander Loyolaren (1997, Zizur Nagusia) kasuan, bestalde, Zizur Nagusiko Alkatetzarako aurkeztu du bere burua, eta gazteez eta haien parte hartze politikoaz galdetuta, «edonon aurkitzen ditugu gazteak politikan parte hartzen» erantzun du.

Politika eta gazteak

Mesfidati eta kritiko agertzen dira biak ala biak hauteskundeen bueltan gazteei eta politikagintzan haiek duten parte hartzeari buruz hitz egiten denaren inguruan. Politika politika instituzionala baino askoz ere zabalagoa dela uste dute. «Horrelako momentuetan politikaz hitz egiten denean, iruditzen zait oso espazio gutxi uzten diegula politika egiteko bestelako moduei, baita prozesuei ere», dio Loyolak. Bere ustez, gazteak askotariko eremuetan dabiltza lanean, eta kaleak, gaztetxeak, ikastetxeak, lantokiak, elkarteak edo edozein herri eta auzo aipatu ditu, adibidez.

Zabalak, politika «instituzioetan egiten den lanarekin, baina baita beste erabaki eta militantzia esparru batzuetako lanarekin» ere lotzen du. Berak instituzioan ardura bat betetzeko erabakia hartu badu ere, ulertzen du gazte guztiak horretarako prest ez egotea, baina nabarmendu du, ziurrenik, gazte horiek beste mugimendu batzuetan ari direla: «Ikusiko ditugu Amalurraren aldeko defentsan, hizkuntzaren defentsan, mugimendu feministan, jai eremuen antolakuntzan... Gazteak aktibatuta daude bizitza guztiak hobetzeko norabideratze lan horretan».

Beraz, politika hamaika eremutatik egiten dela diote, instituzioak «boterea eskuratzeko beste eremu bat» bezala ikusten dituzte; beraien eguneroko militantziarekin batera, beste esparru bat dira haientzat erakundeak. Hauxe dio, konbentzituta, nafarrak: «Gauzak aldatzera gatoz, eta horretarako erabakigune guztietan egon behar da; lan egin nahi dugu gizarte eraldaketak emateko, baita instituzioetatik ere».

Ander Loyola, Zizur Nagusiko alkategaia. Iñigo URIZ | FOKU

Demokrazia eta egungo gizartea

Loyolak uste du hain zabalduta dagoen paradigma neoliberalen ondorioa dela instituzioekiko desatxikimendua; dioenez, hamarkada luzeetako politika neoliberalak demokrazia pribatizatzen ari dira eta hori gizartean sumatzen da. Honako hau «demokraziaren krisiaren garaia» dela dio. Eta hain zuzen ere horregatik, ez du uste demokrazian erabat ez sinestea gazteen ikuspegia bakarrik denik, sentipen askoz ere zabalagoa dela iruditzen zaio. Zabalak, bere inguruari erreparatuta, instituzioekiko interesa dagoela adierazi du, eta desatxikimendu orokor bat dagoela jakin arren, berak ere ez du uste gazteak daudenik sentimendu horren erdigunean, nahiz eta sarritan gazteak bakarrik seinalatzen diren.

Gazteen Euskal Behatokiak “Gazteen argazkiak 2022” izenarekin argitaratu zuen azken ikerketaren datuen arabera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan inkestatutako gazteen %70 ez da alderdi politiko batetik «oso hurbil» sentitzen, eta %11k soilik sentitzen ditu alderdi politikoak «oso hurbil». Hautagaien ustez, iritzi oso ezberdinak egon daitezke alderdi eta norberak gertuen bizi duen instituzioaren arabera. Hala ere, orokortzea akatsa litzatekeela uste dute, beraien inguruan, modu batean edo bestean, zuzenean edo zeharka, instituzioetan parte hartzen duten eta alderdi politikoren bat gertu sentitzen dituzten gazteak daudelako. Ikerketak jasotzen duenez, inkestatuen ideietatik hurbilen dagoen alderdia EH Bildu da; %26,7ren kasuan, hain zuzen ere. Eta jarraian, EAJ eta Podemos leudeke, askoz gutxiago aipatzen badira ere: %13 eta %11, hain zuzen.

Erakunde desberdinak

Biek egin dute aurrera urratsa, biak dira hauteskundeotan EH Bilduko hautagaiak. Eta «hautagai gazteez» hitz egin beharrean, nahiago dute «hautagai» gisa izendatu beren burua, abizenik gabe. Izan ere, gizarte osoaren bizitzak hobetuko dituzten politikak egitea izango da berain helburua, ez gazteei bideratutako politikak garatzea soilik, «herri hobe bat nahi dugulako, haren osotasunean». Beraien izen-abizenez eta aurpegiz aurkezten badira ere, Loyolak adierazi du «erabaki kolektibo eta estrategikoa» dela gazteek parte hartzea. Nafarroari begira jarri da, eta adierazi du ez dela kasualitatea alkategai gazteak izatea Berriozarren, Irunberrin, Tafallan, Lizarran edo Tuteran: «Ez gara gutxi EH Bildutik egungo testuinguruari aurre egin nahi diogunak, eta horregatik apustu egin dugu aurrera urrats bat egitearen alde».

Borondatea eta konpromisoa kontu bat dira, eta bestea, benetako aldaketak egitea eta horiek gauzatzeko behar besteko ahalmena izatea. Zabalaren kasuan, Bizkaiko Batzar Nagusietarako zerrendakidea da, eta orain arteko militantzia maila lokalean garatu izan badu ere, gizarte langilea da lanbidez, eta gaur egun Bizkaiko Foru Aldundian egiten du lan; horrek «perspektiba nahiko handia» eman dio gizarte politiken inguruan jakiteko, adierazi digunez. Horri lotuta kontatu du, agian instituzio ezezagunenak izan arren, Batzar Nagusiek eskumen handiak dituztela eta aldaketarako tresna ona direla: «Aurrekontu oso handia mugitzen dute, eta erabaki oso handiak hartzen dituzte, nahiz eta mediatikoki oihartzun handirik ez izan. Garrantzitsua da gure eredura ekartzea; EAJk sustatzen duen eredu pribatizatzailearen aurrean, ikuspegi ezkertiarragoa, zaintzarekiko arduratsua eta ikuspegi feministarekiko koherentea bultzatuko dugu».

Loyola, aldiz, herritarrek gertuen duten instituziorako hautagaia da, bere herriko udaleko alkategaia, alegia. Nafarraren ustez, askotan kritikatu ohi da aldaketa errealak ezin direla tokian tokiko instituzioetatik etorri, baina bera ez dago inola ere ados: «Kontua ez da eskumenen arazoa dagoela, baizik eta borondate politikorik ez dagoela benetako aldaketak aurrera eramateko. Herritarren eguneroko bizitzak aldatzeko erabakiak askotarikoak dira, eta udalak gaur egun prestatuta daude eta eskumenak dituzte aldaketak suposatuko lituzketen politikak egiteko».

Herriko militantzia esparruari loturik, komunitatearen beharra jartzen du erdigunean Loyolak. Izan ere, adierazi duenez, neoliberalismoa etengabe apurtzen ari da komunitatearen ideia, gero eta izaki indibidualistagoak izatera bultzatzen gaitu, eta horren aurrean, komunitateak eraikitzeko udalgintza tresna egokia izan daitekeela uste du. «Zenbat eta eskala txikiagoan aritu, orduan eta handiagoa da herritarren eta taldeen ahalduntzea. Maila horretan, elkarlanerako eta zuzeneko harremanerako aukera gehiago izaten dira; guk herritarren erabakitzeko eskubidea maila gorenera eraman nahi dugu».

Gazte hautagaiek ez dute kuota edota argazki bat bakarrik izan nahi, uste dute prest daudela boterea eskuratzeko eta herritarren eskubideen alde borrokatzeko, eta prest egoteaz gain, prestatuta ere badaudela demostratu nahi dute. Iritzi horretakoa da, hain zuzen ere, Ander Loyola: «Gazteok lehen lerrora etorri garenean, etorri gara demokrazia neoliberal honen krisiaren aurrean irekitzen diren aukera guztiak probestera eta iruditzen zait gure helburua ez dela besteek guri entzutea bakarrik, baizik eta erabakiak hartu eta gizarte osoaren eskubideen alde borrokatzea». Eneritz Zabalak esan du alderdi askok darabiltela ahoz ahoz gazteentzako eskaintza direla, baina «eskaintza» bat izatea baino gehiago da beharrezkoa, bere iritziz: «Ez digute aukerarik uzten lehen lerroan jarri eta benetako lana egiteko». Zentzu horretan, gazteak borroka askoren motorra dira, bere arabera, eta, alde horretatik, EH Bilduren jarrera txalotu du: «Uste dut EH Bilduk benetako apustua egin duela gazteoi aukera emateko eta erabakigune horietan ere parte izateko».

Gazte bat botoa aukeratzen aurreko hauteskunde batzuetan. Jon URBE | FOKU

Abstentzioa, beti «hor»

«Gazteak ez daude inon», «gazteek ez dute ezer egiten», «gure gazte garaian» edo antzeko beste hamaika adierazpidek forma zehatz bat hartu ohi dute hauteskunde garaian; «gazteek ez dute bozkatzen» izan ohi da hori, hau da, abstentzioarena. Datuetara jotzea baina, aski izaten da baieztapen borobilak zalantzan jartzeko: EitbFocuseko azken inkestek emandako mikrodatuei begiratuz gero, abstentzioa ez da %20ra iristen gazteen artean. Eta ahoz ahoz dabiltzan zurrumurruek, ziurrenik, %60tik gora ere jarriko lukete kopuru hori.

Gazte hautagaiak ez ditu bereziki kezkatzen gazteen arteko abstentzioak, nahiz eta jakin egon egongo dela. Bilbotarrak adierazi du abstentzioa beti dagoela «hor», eta hala ere, ohartarazpen bat egin du: «Argi izan behar dugu abstentzioa zenbat eta altuagoa izan, orduan eta mesede handiagoa egiten diogula eskuinari». Bere ustez, abstentzio gutxien dagoenean, ezkerrak gehiago irabazteko aukera izaten du. Gizartean ematen den fenomeno bat dela dakien arren, gazteek arduratsu jokatuko dutela esan du: «Abstentzioarena askotan mamu bihurtzen da, argi dago hor egongo dela hauteskunde hauetan ere, baina gazteok ardura dugu, eta arduratsu jokatuko dugu; geure proiektu eta alternatibak instituzioetatik ere bultzatuko ditugu».

Gazteei hainbat eta hainbat gauza leporatzen zaizkiela uste du Ander Loyolak, baina bere ustez, gazteak «gizartearen isla» baino ez dira: «Ez gehiago, ez gutxiago. Inkestek edo nagusitzen diren diskurtsoek diotena diotela, nik uste dut abstentzioa ez dela gazteongan zentratuko». Hala ere, adierazi du sarri gazteak jartzen direla abstentzioaren jopuntuan: «Baina horretara gatoz, hipotesi soziologiko horiek haustera, abstentzioari aurre egitera, erdigunean gizartearen beharrizan guztiak jarrita; paradigma historiko hori borrokatzera, muga guztiak hautsiz».

Ilusioz eta konpromisoz

Itxaropena, ilusioa eta lanerako gogoa ahotan amaitu dute biek elkarrizketa. Zabalak Bizkaian erronka handia dutela adierazi du: «Igotzeko joeran gaude, baina ezinbestekoa da alternatiba garen espazio guztietatik bozkak lortzea; politika neoliberalak geratzeko eta gure eredura ekartzeko guztion bozkak beharko ditugu».

Alkategai den partetik, Loyolak neurri zehatzak eta herritar guztien bizitzak hobetzeko konpromisoa hartuak ditu jada: «Kontua ez da gazteok gazteontzako politikak bakarrik bideratuko ditugula, prest gaude alor guztiak lantzeko. Ez gara gazte politikak bakarrik egitera etorri; aitzitik, hirigintza, ogasuna, gizarte zerbitzuak… alor guzti horiek kudeatzeko prest gaude, eta ez alor sinboliko batzuk lortzeko bakarrik. Alegia, politika egitera gatoz, guztiontzako politika; indarrez hartuko diogu ekimen berri honi».

 

JONE GEZURAGA, LEHEN ALDIZ BOZKATUKO DU

«Ez digute politikaren funtzionamenduaren inguruko prestakuntzarik ematen»

(Monika DEL VALLE / FOKU)

Jone Gezuragak 20 urte ditu, erizaintza ikasten ari da eta Zornotzan bizi da. Maiatzaren 28ko hauteskundeetan lehendabiziko aldiz emango du botoa, norberak zer gizarte mota nahi duen adierazteko modu bat bezala ikusten baitu.

Zer dira hauteskundeak zuretzat?

Badago gaur egungo egoera aldatu nahi duen jendea eta hauteskundeek aukera ematen dute aldaketa hori gauzatzeko edo, behintzat, norberak adierazteko zein gizarte mota nahi duen. Politikaren funtzionamenduaren inguruko prestakuntzarik ematen ez digutenez, bozkatzeko orduan galduta ibiltzen gara; horrela sentitu izan naiz ni. Gainera, gazteak izateagatik, guk ez ditugu zenbait egoera ezagutu -gerra bat, adibidez-; beraz, gure ezagutza ez da heldu batek duen bera.

Uste duzu gazteak izateagatik konbentzitzeko errazagoak zaretela?

Bai, finean, inguruak nolabait eragiten dizu. Etxean ildo politiko jakin bat badago, baliteke zuk ere aukera bera egitea. Lagunak antolakunderen bateko militanteak badira, horrek ere eragiten du.

Zer da politika zuretzat?

Dena hartzen du, edo hartu beharko luke, behintzat. Arlo asko hartzen ditu eta horregatik daude honetarako eta besterako zinegotziak.

Nolako lotura duzu politikarekin edo alderdi politikoekin?

Ez dut nire burua politikan parte hartzen duen pertsonatzat, batez ere, sentitzen dudalako ez dakidala; beraz, distantziatik jarraitzen dut. Aukera politiko bat bozkatuko dut, baina ez dut hortik gorako loturarik bozkatu behar dudan horrekin. Uste dut, oro har, politikariek ez dutela lotura zuzenik gazteokin.

Politikariek kontuan hartzen dituzte gazteak?

Hartu beharko lituzkete. Herrian pisu nahikotxoa daukagu eta behar dugu gure beharrei jaramon egitea. Hala ere, uste dut gero eta hobeto egiten dutela, guk herrian badauzkagu aisialdi aukerak gazteontzat pentsatuak, baina badago hutsune handia ere. Hautagai gazteak ikusteak niri konfiantza ematen dit, fidatzen naiz, baina agian helduagoa den norbait ez. Gainera, errazagoa da politikari bat gazteon arazoez arduratzea bera ere gaztea bada, nahi gabe aterako zaiolako, heldu bati haren adinekoen kezkak axola zaizkion moduan.

Zein dira gazteen kezkak?

Badago adin tarte bat, 18 urtetik hasi eta 25 urte ingurura arte, kontuan hartzen ez dena, batez ere aisialdi aukerei dagokienez. Dagoena guk antolatutakoa da. Hori gertatzen da gazteok ez gaudelako politika instituzionalean oso sartuta; niretzat, behintzat, “nagusien kontuak” dira.

 

ANDER GAUNA, LEHEN ALDIZ BOZKATUKO DU

«Politikariak hauteskunde garaian bakarrik hurbiltzen dira guregana»

(Jaizki FONTANEDA / FOKU)

Ander Gaunak 18 urte ditu eta Batxilergoa amaitu berri du Gasteizko Koldo Mitxelena Institutuan.

Zer dira hauteskundeak zuretzat?

Nik uste dut garrantzi gutxi ematen ari gatzaizkiela. Historian zehar boto bat eman ahal izateko gertatu den guztiarekin, orain gainetik pasatzen garela dirudi. Nik ez dakit zer defendatzen duten PPk, PSOEk edo beste edozein alderditakoek. Nik ere ez diot eman beharko litzaiokeen garrantzia ematen; hau da, ez dut neure burua talde horretatik kanpo uzten.

Zein harreman mota duzu politikarekin?

Bada, paso egiten dut, ez dut inolako harremanik. Nire lagunek agian kontaktu handiagoa dute eta gehiago dakite politikaz, baina nik ez daukat harreman esturik.

Deskonektatuta zaude politikariez?

Bai, gauza urrun samarra da niretzat. Guregana hauteskunde garaian bakarrik hurbiltzen direla dirudi. Ordura arte deskonektatu egiten zara eta bat-batean denak etortzen zaizkizu bonbardatzera.

Zein dira gazteon kezkak eta zer hartu behar lukete kontuan agintariek?

Nik ez nioke neuri edo gazteoi axola zaigun gai bati bakarrik erreparatuko. Ikuspuntu orokor batetik begiratzen diot eta alderdiek planteatzen duten guztiari erreparatzen diot, ez soilik nire onurarako diren gauzei. Hala ere, orokorrean informazio gehiago behar dugula uste dut, eta ez onenak direla konbentzitzen saiatzeko hainbeste propaganda.

Zure ustez, zerk edo nork eragingo dizu botoa zein alderdiri eman erabakitzeko orduan?

Ez dakit nori emango diodan botoa. Inertziaz suposatzen dut ezkerreko alderdi bat bozkatuko dudala, zer defendatzen duten ere ondo jakin gabe. Informazioa falta zaidala uste dut, baina onartzen dut ez dudala ez interneten ez inon bilaketa aktiborik egin.

 

GARAZI IBAÑEZ, ABSTENITU EGINGO DA

«Ez dago herritar arruntaren benetako ordezkaritzarik»

(Jaizki FONTANEDA / FOKU)

Garazi Ibañezek 24 urte ditu eta Itzulpengintza eta Interpretazioan graduatua da. Gaur egun Gasteizko bizilagunen elkarte batean lan egiten du, helduentzako ingeleseko eskolak ematen.

Zer dira hauteskundeak zuretzat?

Bada, oraintxe, egia esan, ezer ere ez. “Show” bat iruditzen zaizkit. Zerbaitetarako balio dutela pentsatu nahi nuke, baina, egia esan, ezkor samar nago. Iruditzen zait nire botoak ez duela ezertarako balio, eta beraz, ez dut bozkatzera joateko ahaleginik egingo.

Zer harreman mota duzu politikarekin?

Hasieran, lehen aldiz botoa ematera joan behar izan nuenean, ilusio handia nuen eta politika-kontuekin egunean egotea gustatzen zitzaidan. Bozkatzera joan nintzen lehen aldian ilusioz gainezka nengoen eta alderdi guztiei buruzko informazioa bilatu nuen. Oraingoan, hauteskundeak datozela eta, telebista piztearekin bakarrik sumatzen da nolako egoera dagoen eta pentsatzen duzu: «Benetan bozka eman nahi diot pertsona horietako bati?». Bada, egia esan, ez.

Zer da politika zuretzat?

Politika garrantzitsua iruditzen zait, baina argi dago, azkenaldian gauzak nola dauden ikusita, herritar bezala ez diegula axola. Egia esan, nire egunerokoan erabat axolagabea zait.

Deskonektatuta zaude politikariez?

Bai. Ez dute inor ordezkatzen, ez dago herritar arruntaren benetako ordezkaritzarik, eta are gutxiago, gutxiengoena. Beren arteko eztabaida besterik ez dute bultzatzen, ia nork lortzen duen diru gehien, ez boto gehien, ia nori ematen dioten diru gehien haren gauzak egiteko, eta alde horretatik, herritarrak bigarren planoan uzten dituzte erabat.

Abstenitzen zaren lehen aldia da. Abstentzioa aukeratu duzu aukera politikoek ez zaituztelako konbentzitzen edo tresna gisa ikusten duzulako?

Ez naute konbentzitzen eta, gainera, ez dute inor ordezkatzen. Sentitzen dut botoa ematea ez doala inora. Nik badakit gizabanako gisa neure abstentzioa ere ez doala inora, hori oso argi daukat, baina ordezkatzen ez nauen norbaiti ere ez diot botoa eman nahi.

Argi dago inork ezin zaituela %100ean ordezkatu, baina politikariek beren buruan bakarrik pentsatzen badute eta benetan axola beharko litzaiekeena, herritarra, alde batera uzten badute, nire ustez ez da beharrezkoa botoa ematea.

Botoa eman duzunean, zerk edo nork eragin dizu botoa zeini erabakitzeko orduan?

Egia da beti izan dudala argi nori ez nion botoa emango, nire ideiekin eta balioekin bat ez etortzeaz gain, beste pertsona batzuei eskubideak kentzen dizkien alderdi bati bozka ematea ez delako kabitzen nire buruan. Gero, nire ustez, neure idealekin agian gehiago lerrokatzen ziren alderdien artean, nire etxean beti alderdi berari eman izan zaio botoa eta orduan, nik ere alderdi berari botoa ematea espero zen, baina ez dut hori egin.

Botoa eman behar izan dudan bakoitzean informatu egin naiz; orduan, une horretan gehien konbentzitzen ninduenari eman izan diot botoa. Alegia, ez dut beti alderdi bera bozkatu.

Zure ustez, zerk kezkatzen ditu gazteak?

Ni kontratu finko eten batekin ari naiz lanean eta horrekin ez noa inora, egia esan. Ez dut erosteko ahalmenik inola ere eta ezin naiz independizatu ez zaidalako iristen. Beraz, nire inguruan, behintzat, lana da gazteok gehien kezkatzen gaituena. Nik, zorionez, badut lana, baina jende askok ez du halakorik. Eta lana badaukazu ere, zer egingo duzu hain diru gutxirekin? Ezin duzu gurasoen etxetik irten, ezin duzu familia bat hasi, ezin duzu ezer egin...

 

ALAIN NIETO, LEHENENGOZ BOZKATUKO DU

«Iritzia emateko eta gauzak aldatzeko aukera bat da»

 

(Monika DEL VALLE / FOKU)

18 urte ditu Alain Nieto gazte zornotzarrak. Batxilergoa ikasten ari da eta aurten izango du lehenengo aldiz botoa emateko aukera. Politikatik zertxobait deskonektatua sentitzen dela adierazi digu, baina, hala eta guztiz ere, bozkatzea gauzak aldatzeko modu bat dela uste du.

Zer dira zuretzat hauteskundeak?

Iritzia emateko eta gauzak aldatzeko aukera bat. Kakotx artean, bozka bat baino ez delako; hala ere, iritzia eman dezakezu. Baina, ikastetxeetan, adibidez, ez digute inongo heziketarik ematen politikari dagokionez eta bozkatzea egokitzen zaigunean ez dugu ezer ulertzen.

Uste duzu gazteak izateagatik konbentzitzeko errazagoak zaretela?

Bai, inguruan daukazun jendeak eragin egiten dizu, dudarik gabe. Nork bere iritzia du, baina inguruan dauzkagun iritziek asko eragiten digute: familiak, lagunek...

Nahi gabe barneratzen duzun zerbait da, eta gero horrekin zeure pentsaera osatzen duzu.

Zer da politika zuretzat?

Politika dena da, bizitzako arlo guztietan dagoela esango nuke. Politika ez da instituzionala bakarrik, inondik inora ere. Erakundeetatik kanpo ere badago politika.

Nolako lotura duzu politikarekin edo alderdi politikoekin?

Bozkatu dezakedan lehen urtea izanik, lotura gutxi sentitzen dut, baina egia da lehen sentitzen nuena baino handiagoa dela. Ez dut inongo antolakundetan militatzen eta beraz, bada apur bat urrun sentitzen dudan zerbait.

Politikariek kontuan hartzen dituzte gazteak?

Horrela izan beharko luke. Gazteoi herri mailako politikak eragiten digu bereziki; gainontzeko erakundeenak ez horrenbeste. Orain ikusi dut alderdi batzuk hasi direla hautagai bezala jende gaztea sartzen; izan ere, finean, gu gara etorkizuna. Hala ere, hautagaiak gazteegiak izatea arraroa egiten zait; beharrezkoa iruditzen zait eskarmentua izatea, baina uste dut ondo egin dezakegula.

Zein dira gazteon kezkak?

Herri mailan, lokalekin gertatzen ari dena arazoa da, adibidez. Gure aisialdi aukeretako bat da, baina gero eta traba gehiago jartzen dizkigute, eta beste aukerarik ere ez digute ematen.