NAIZ

Bidasoak bizirik jarraitzen du Europarako lehian, eta Anaitasunak salbazioa erdietsi du

Alde batetik, Bidasoa Irunek garaipen handia lortu du Huescan, (31-39) hurrengo denboraldian Europan jokatzeko lehian bizirik jarraitzeko. Beste aldetik, Anaitasunak mendean hartu du Logroño (30-27), eta Asobal Ligan jarraitzea eskuratu du.

Asier Nieto Huescaren aurkako partidan jaurtiketa bat egiten.
Asier Nieto Huescaren aurkako partidan jaurtiketa bat egiten. (@CDBidasoaIrun)

Bidasoa Irunek garaipen handia lortu du Huescan, eta oraindik badu aukera hurrengo denboraldian Europan jokatzeko. Horretarako, Asobal Ligan hirugarren postuan amaitu behar du, eta hori gertatzeko; batetik, hurrengo asteko ligako azken jardunaldian irabazi egin behar du, eta Granollersek, txapelketako hirugarren sailkatuak, geratzen zaizkion bi partidak galdu behar ditu. Izan ere, Jacobo Cuetararen taldeak Granollersek baino puntu bat gutxiago du. Ligako txapeldunorde izatea, jada ezinezkoa da irundarrentzat, Cuencak irabazi egin duelako.

Bidasoak etxeko lanak egin ditu, 31-39 hartuta mendean Bada Huesca. Neurketaren hasieran bi taldeen defentsako jokoak egin du distira gehien. Etxekoak aurretik zihoazen, baina Iñaki Caverok eta Mikel Zabalak sartutako golek aurretik jarri dute talde irundarra. Hala ere, 15. minutuaren inguruan, Bidasoako jokalariek unerik txarrenak pasatu dituzte, taldea bi gol azpitik jarri denean.

Defentsan aldaketak eginda, taldeak ohiko indarra berreskuratu du eta 1-4ko partziala lortu du, 21. minuturako parekotasuna berrezarri duena (12-12). Azken bost minutuak nagusi izan dira berriro, baina berdinketa hautsi gabe (15-15).

Atsedenak on egin dio Irungo taldeari, eta nahiz eta berriro atzetik joan (17-16 eta 18-17, lehen hiru minutuetan), 0-3ko partzial bikaina baliatu du lehen aldiz bi gol goitik jartzeko, Iñaki Caverok sartu dituen bi gol eta Asier Nietoren beste bati esker. Abantaila hori erabatekoa izan da amaierara arte. Asier Nieto izan da partidan gol gehien sartu dituen Bidasoako jokalaria, zortzirekin.

Hurrengo larunbatean, Artalekun jokatuko dute irundarrek denboraldiko azken partida, Angel Ximenez Puente Genil taldearen aurka, 18:30ean. Asteartean jokatuko du Granollersek ligako azken-aurreko lehia, Bathco Torrelavegaren aurka. Beraz, kataluniarrek lehia hori irabazten edo berdintzen badute, Bidasoak ez du aukerarik izango hurrengo denboraldian Europan jokatzeko.

Anaitasuna, denboraldi bat gehiago Asobal Ligan

Txanponaren beste aldean dago Anaitasuna. Ligako beheko postuei begira egon da, eta gaur etxean lortu duen garaipenari esker, Asobal Ligako jaitsiera postuetatik aldendu, eta denboraldi bat gehiago eskubaloiko gorengo ligan jokatuko du.

Iruñeko taldeak 30-27 hartu du mendean Logroño. Datorren asteburuan etxetik kanpo emango dio amaiera sasoiari. Benidorm taldearen aurka jokatuko du larunbatean 18:30ean, jada ezer ez dutela jokoan.

Bestalde, Carlos Chocarro Anaitasunako kapitaina zaleen aurrean agurtu da partidaren amaieran, erretiroa hartuko duelako.