Iraitz Mateo

‘Egarria’, Josu Penadesen eleberri berria, maitasun edo mendeku egarri?

Josu Penadesek bere seigarren eleberria aurkeztu du, ‘Egarria’. Galo 13 urteko mutila da protagonista, eta bere aita izango da antagonista. Miatasunaren edota mendekuaren egarrien metaforak baliatuz kontatuko du gaztearen bizitza eta bere nortasunaren eraikuntza.

Josu Penades, ‘Egarria’ liburuaren ale bat eskuan duela.
Josu Penades, ‘Egarria’ liburuaren ale bat eskuan duela. (Jon URBE | FOKU)

«Hiru egarri mota aurkitu daitezke liburuan, egarri fisikoa, mendeku egarria eta maitasun egarria», azaldu du Josu Penades idazleak. ‘Egarria’ bere seigarren eleberria da, ostegun goizean Donostian aurkeztu du Aritz Galarraga Alberdaniako editoreak lagundurik. «Patxadaz» irakurtzeko liburua dela aitortu du Galarragak.

Penadesek kontatu du pertsonaiak direla idazten hasteko bere abiapuntua. Eta eleberriko bi pertsonaia nagusiak aurkeztu ditu: Galo eta bere aita. Narrazioa Galoren premia fisiologiko batetik abiatzen da, egarritik; ganaduaren marruek iratzarri dute, etxe pareko suteak aztoratu ditu behiak eta «aitxe» bertan hil dela ikusi du. Baina intriga hori «amua» besterik ez dela azaldu du editoreak, Galoren baitako maitasun zein mendeku egarriez hitz egiteko.

Izan ere, txikia zenean hil zen Galoren ama, haren maitasun premia sumatzen zaio eta, aldi berean, mendekuaren egarria sumatzen du, «baina nori hartu mendeku? aitari? aitaren hiltzaileei?», galdetu du Penadesek. Eleberri osoan zehar ez da zehazten Galoren adina, baina idazleak aitortu du 13 bat urteko mutil bat irudikatu duela berak idazterakoan: «Baina 1950. hamarkadako ume bat, esango nuke ez zutela nerabezarorik izan, haurtzarotik zuzenean helduarora igarotzen zirela».

Galoren aita «aitxe» bezala izendatu du eleberrian Penadesek, «maitasun keinu gisa», zehaztu du. Jokoarekiko mendekotasuna du aitak, eta ama hil zenetik semearen ardura hartzea egokitu zitzaion, baina eleberriak aurkeztuko du «ardura afektibo horren kudeaketa» idazlearen esanetan. 1950. hamarkadan kokatzen bada ere, «gaurko kontakizuna» da editorearen arabera, garai eta leku jakin batetik, Bermeotik, abiatzen bada ere gai unibertsalak jorratzen dituelako.

47 kapitulu laburrek osatzen dute ‘Egarria’, eta Galarragak azaldu du sutearen «gertakari lazgarriak» jartzen duela kontakizuna martxan, baina hainbat gai lantzen direla ondoren: «Galo bera da narratzailea, eta berorika hitz egiten dio norbaiti, ez da zehazten nori, baina imajinatu dezakegu autoritate bati ari dela». Galok bere bizitzaren berri ematen du kontakizunean zehar, amarekin eta aitarekin izandako harremanaren inguruan hitz egiten du, auzoko Eloisa eta Mikaela ere aurkezten ditu, eta familiak gordetzen duen sekretua ere ageriko da kapituluen artean.

«Literatura ulertzeko modua»

Penadesek aitortu du «literatura ulertzeko modu baten emaitza» dela argitaratu berri duen liburua. Eta literatura artearen barnean ulertzen duelarik, «ezinbesteko» bi ezaugarri bete behar dituela: «Batetik pentsamendu kritikoa bultzatu behar du eta, bestetik, proposamen estetiko bat egin behar du».

‘Egarria’ eleberrian bi ezaugarri horiek biltzen direla kontatu du: «Mugiarazten du, hedatuen dagoen ikuspegitik kanpo bestelako begiradak ikusarazten ditu, eta norbere burua eta mundua ezagutzeko tresnak ematen ditu». Eta proprosamen estetikoari dagokionez, erabili duen kontaketa teknika «destilazioarena» izan dela azaldu du, bai hitzen aldetik eta baita pasarteen aldetik ere. Euskarari dagokionez ere, galdegaiarentzat leku egokia bilatzen aritu dela kontatu du: «Nik hizkuntza orea balitz bezala erabiltzen dut, forma ematen diot, eta orea hori sortzeko osagai egokienak erabiltzen ahalegintzen naiz».