NAIZ

Esteban, Agirretxea eta Legarda berriz proposatu ditu EAJk diputatu izateko

Hauteskunde espainiarrak aurreratu bezain laster ekin dio EAJk hautagaiak izendatzeko prozesuari. EBBk luzatu duen proposamenean 2019an zerrendaburu izan ziren hiruak agertzen dira: Aitor Esteban (Bizkaian), Joseba Agirretxea (Gipuzkoan) eta Mikel Legarda (Araban).

Aitor Esteban, 2019an hauteskunde espainiarrerako programa aurkezten.
Aitor Esteban, 2019an hauteskunde espainiarrerako programa aurkezten. (Luis Jauregialtzo | Foku)

Kongresu eta Senaturako hautagaiak izendatzeko prozesuari ekin dio jada EAJk, Pedro Sanchezek hauteskundeak aurreratu eta hiru egun beranduago. Ostegun honetan Euzkadi Buru Batzarrek proposamena bidali die Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako Herrialde Erakundeei.

«Alderdikide jeltzaleak izango dira orain, gaurtik aurrera egingo diren Uri Batzarretan, hautagaitza hauek onetsi beharko dituenak. Izen berriak ere proposatu ahal izango dira gaurtik aurrera, ekainak 1, igandera bitartean, ekainak 4, lehen bozketa aldian egingo diren Uri Batzarretan», azaldu du.

Uri Erakunde bakoitzak behin betiko proposamena bozkatuko du bigarren hautespen aldian, ekainaren 6tik 8ra bitartean egingo diren Uri Batzarretan. Herrialde Batzarrek proposamen hauek ekainaren 9an berretsi beharko dituzte eta herrialdeka hartuko diren erabaki hauek kontuan hartuko ditu EBBk hautagaien behin betiko zerrenda eta izenen hurrenkera erabakitzeko. «Azken proposamen hau aurkeztuko zaio, azken erabakia har dezan, ekainaren 10ean egingo den Ezohiko Aberri Batzarrari», zehaztu du EBBk.

«Pedro Sanchezek U-23ko Hauteskunde Orokorrak presaz deitu izanak eragin du egoera hau, eta EAJ-PNVri derrigortu dio halako barne prozesuetarako Aberri Estatutuetan aurreikusten diren epeak laburtzera, baina honek ez dio talde jeltzaleari eragotzi prozesua ohi duen bezala egitea, barne hauteskunde prozesu guztietan bi hautespen aldi egiten dituelako alderdikide guztiek prozesuetan eta erabakietan parte hartzeko eta erabakia hartzeko duten eskubideak bermatuz», argudiatu du.

Proposatutakoak

Alfabetoaren arabera zabaldu ditu izen-abizenak EBBk, zerrendetan zein postua beteko duten zehaztu gabe.

Araban, Kongresurako Ane Miren Atín, Maite Cortazar, Anartz Gorrotxategi eta Mikel Legarda proposatu ditu (azken hau izan zen bertako zerrendaburua duela lau urte). Senaturako, aldiz, Inmaculada Laredo, Juan Carlos Medina, Almudena Otaola, Rosa Peral, Izaskun Pérez de Heredia eta Izaskun Reyes.

Bizkaiari dagokioenez, Kongresurako Oihane Agirregoitia, Naroa Atxurra, Amaia del Campo, Aitor Esteban, Maitane Ipiñazar, Ager Izagirre, Imanol Landa, Itziar Landeta, Álvaro Parro, Nerea Renteria eta Idoia Sagastizabal dira proposatutakoak. Eta Senaturako, Nerea Ahedo, Ziortza Álvarez, María Dolores Etxano, Sergio Fernández, Yolanda Fika, Josu Gorospe, Ane Legarretaetxebarria, Igotz López eta Gorka Uriarte.

Gipuzkoan, Joseba Andoni Agirretxea, Josu Arraiz, Olatz Peon eta Maribel Vaquero dira diputatu izateko prest direnak. Senatari bilakatzeko Mertxe Garmendia, Rafa Uribarren eta Luke Uribe-Etxebarria proposatzen ditu zuzendaritzak.

Nafarroan, azkenik, Idoia De Carlos, Amaiur Guindeo, Daniel Innerarity eta Maria Solanaren aldeko apustua egiten du EBBk. Senaturako, aldiz, Anika Lujan eta Javier Ollo.

Sei diputatu izan ditu legealdi honetan EAJk osatutako taldeak.