Pamplona in july
Ehun urte uztail honetan gizon gazte hura Iruñera lehendabizikoz etorri zenetik. Ez zen bakarrik etorri. Hala ere, hari buruz idatzitako orri-oldeak ez du maiz aipatu izan norekin izan zen. Hadley zuen izena.
Harako 1923ko uztailaren 7ko hartan, Ernest eta Hadley senar-emazteak Iruñera iritsi ziren. Lehen aldia zuten biek hirian. Astebetez txunditurik gozatu zuten hango giroan sarturik. Halako moduan non denbora baten buruan gizonak hartaz idatzi baitzuen. Hastapeneko hartaz gizonak idatzi zuena ‘The Toronto Star Weekly’ aldizkarian argitaratu zen urte bereko urriaren 27an. Harrezkero hiriaren historiaren parte bilakatu ziren gizonaren izen-abizenak. Ernest Hemingway! 1952ko Pulitzer Saria eta 1953an Nobel Saria jaso zituen gizonak, sanferminak, eta horrekin batera hiria eta herrialdea, mundura zabaldu omen zituenak, batzuek gorrotatuak eta besteek adoratuak. Haatik, Hadley haren izena, zer esan abizenaz, gutxitan izaten da aipatua, eta bakanetan estimuz ez bada ere, duintasunez bai behintzat.
Suizidioak
Hadley hura, Hadley Richardson, bost seme-alaben arteko azkena, Saint Louis (Missouri) hirian jaio zen, 1891ko azaroaren 9an. Ama, Florence Wyman-Richardson, maila oneko musikaria eta kantaria bera, hiriko eta inguruetako sufragisten mugimenduko buru gailenetakoa zen. Horrez gain, garaian, egun bezalaxe esan dezakegu, boladan zeuden ezagutza alternatiboetan gidaria eta eskola sortzailea ere bazen; aita, James Richardson, negozio gizona zuen. Arrakastak huts egin zion arte arrakastatsua, 1903an, molokotari, porrotari, buru eman ezinik, bere buruaz beste egin zuen. Azken horren kontakizunari Ernest Hemingwayren aitaren suizidioaren antz handia hartzen ahal zaio.
James Richardson, 1903ko hartako otsailaren 7an, bere bulegora joan zen, ohi bezala. Bertan eman zuen eguna. Iluntzean etxera itzulita, afaldu eta goiz erretiratu zen ohera. Gaua itzarturik eman omen zuen. Goizaldeko bost eta erdiak aldera, jagi, ohearen alboko tiraderan jada tiro egiteko gerturik zeukan pistola hartu, lo-jantzitan ispiluaren aurrera joan, kanoi-ahoa eskuin belarriaren atzeko aldean jarri eta oilarrari eragin zion.
Bere buruaz beste egin zuen Ernest Hemingwayren aitak ere, Clarence E. Hemingwayk alegia, beronen aitak AEBetako Guda Zibilean erabili zuen pistola erabiliz. Hori, ostera, 1928an izan zen. Enborretik ezpala, seme nagusiak, Ernestek, hodi biko eskopetaz egin zuen bereaz, 1961eko uztailaren 2an; bigarrenak, Leicesterek, 1982ko irailaren 13an eman zion tiroa bere buruari.
Lehen ezkontza
Ernest eta Hadley Iruñera etorri baino urte bi lehenago ezkonduak ziren. Hain zuzen ere, 1921eko irailaren 3an, Bay Township izenekoan, Michigan estatuan. Emakumea gizona baino kasik zortzi urte nagusiagoa zen. Ageri denez, adinarena ez zen ezertarako oztopoa izan. Lau ezkontzetako lehena zen gizonarentzat, bitik lehena emakumearentzat.
Elkarren ezaupidea egin zutenez geroztik, 1920an izan zen hori, ezkontaurrekoa bizkor igaro zitzaien. Harremana urtebete pasatxokoa izan zen, eta, ohartaraztekoa da hau, gehienbat gutunen bidez garatua. Gutunotan argiro islatzen da Hadleyk hizkuntza idatzirako zeukan gaitasuna, maila. Izan ere, emaztea izan zuen idazleak zuzentzaile, iradokitzaile eta aholkulari nagusia, baita zuzentzaile zentzuduna ere hastapenetan.
Bikotea Iruñean izan zenean Hadley sei hileko zegoen, urriaren 10ean jaio baitzen, Toronton, John Hadley Nicanor Hemingway, bikotearen haur bakarra. Hirurak Europara itzulita, 1924ko martxoaren 16an haurraren bataioa egin zuten, erritu episkopalaz, Pariseko Baratzeko Done Lukasen kaperan; aitabitxi Dorman-Smith eta amabitxi Gertrude Steiner eta Alice B. Toklas bikotea izan ziren.
Diruak eta
Hadleyren aitaren heriotzara itzulita, haren bizi-aseguruak dirutza polita ekarri zion alargunari. Berau ere hil zenean, 1920an hain zuzen, Hadleyri oinordetzaz diru funtsa polita geratu zitzaion. Ernest Hemingwayren karreran pentsio hark urtero ematen zituen korrituen kopurua giltzarria izatekoa zen. Arestian esan bezala, 1921eko irailean izan zen ezkontza, hots, ama Florence hil eta urtebetera. Senarrak “The Toronto Star” zein “The Toronto Star Weekly” kazetentzat egiten zituen lanetatik irabaz zezakeena gorabehera, ezkontzaren ostean bizitzera Parisera joateko eta bertan euskarritzeko baliabide nagusia emakumeari diru hartatik urtero iristen zitzaion korrituena zen, izan ere. Diru-iturri bien artean urtean 8.000 dolar omen ziren.
Emaztearen euspena ez zen diruaren horrekin amaitu. Parisera iritsi bezain laster Hadleyk harpidetza egin zuen harako liburu denda ospetsu hartan, “Shakespeare And Company” legendakoan. Legendarena ulertzen hasteko, gogorarazi James Joycen “Ulisses” haren jabe Sylvia Beach eta beronen lagun Adrianne Monier bikoteak argitaratu zuela, atalka lehenik, liburu izaerarekin azkenik. Diogun legez, liburu-dendak liburuak maileguan uzten zituen, aldez aurretik harpidetza eginda eta ordainduta. Bikoteak Pariseko urteetan irakurri zituen liburuetako asko bide hartatik eskuratu zituzten. Biak ziren irakurle porrokatuak. Esaterako, Ernest Turgunieven ipuinak irakurtzen ari zen aldi berean Hadleyk Abelardo eta Eloisaren gutunak zituen laketgarri.
Adibidea baino ez da. Haatik, hona ekarri beharrekoa, ikusita nola tratatu dituzten Ernest Hemingwayren lau emazteak. Aipatzen dituzten gutxietan, nola eta karikaturak eginez aipatzen dituzte, bestela, bazterrean utzi edota erabat ezabatu egiten dituzte, inoiz halakorik izan ez balitz bezala.
Komeniko da argitzea baita ere Hadleyk unibertsitatean ikasi zuela, frantsesa tartean, pianoa kontzertista profesionalen pare jotzen zuela eta, senargaiari idatzi zion gutun multzo politean irakurtzen ahal denarekin bat, bazekiela bai idazten. Are gehiago, Hadleyren biografiaren egile Gioia Dilbertok emakumeak gizonaren lanetan ukan zuen eragina frogatu du. Bestalde, emakumea gizonaren parekoa zen kiroletan, eskiatzen hura baino trebeago zebilen, edanean ez zion txanda galtzen, janean beti gogotsu, zer esan ohekoez eta halakoez.
Galera
Azken horietan harako Ogino mediku haren metodo idoro berria zerabiltela dirudi. Metodoaren fidagarritasuna, egun, %80koa omen da eta ez da harritzekoa halako batean Hadley izorra zela jabetzea; 1923ko martxoaren 10ean. Bikotea Milanen zen, Cortinara bidean, hango mendietan eskiatzeko asmotan. Ernest Hemingway Lehen Mundu Gerran anbulantziako gidari zebilelarik zauritua izan zen Fossalta di Piave hartatik 116 kilometrora Iparralderantz zuzen hartuta. Hori 1918ko uztailaren 8an izan zen.
Gerrakoetatik bost urte igarota, leku eta giro hartan gainera, hots, gizonaren Italia maiteko mendietan, Oginoren kalkuluetan izan zuten hutsegitea ere zauri antzeko gertatu zitzaion. Hastapenetan, behinik behin. Abagune hartan umea izateak karrerari eragin ziezaiokeen bizimodu aldaketaz aztoratua, etorkizuna igarri ezinik lotu omen zen senarra. Hitz bitan, ‘agur literaturari!’ izan bide zen sentitu zuena.
Ez zen Hadleyk delako karrera hondatu izan ziezaiokeen lehen aldia. Ezaguna da, eta hamaika aldiz eta makina bat ikuspegitik begiratua, behatua, aztertua eta epaitua, bikotearen harremana markatu zuen “treneko galera” iritzi izan zaiona, nolabait esanda.
Parisen eta 1922ko abenduak bi zituelarik, Hadley, senarraren ordura arteko idatzi guztiak, hala jatorrizkoak nola haien ikatz kopiak ere, maletatxo batean bildurik, Laussanerako trenera sartu zen, Suitzako hirian senarrarekin biltzeko asmoz. Haatik, trena abiatu aurretik denbora tartetxo bat bazeukala eta, geltokiko denda-gunera joan zen, opariak eta bidaiarakoak erostera. Itzuli zenean maletatxoa desagertua zen. Maletan zeuden idatzien generoez, kalitateaz eta halakoez ezer gutxi badakigu ere, Dante Gabriel Rosettiri emaztearekin batera beronen hilobian nahita ehortzi zituen poemekin gertatu zitzaionaren antzekoa gertatu zitzaion Ernest gazteari. Maletxoan zirenak maisu-lanak zirela, berriro sortzerik ez zeuzkanak, halaxe iritzi omen zion.
Hori alde batera, idazle hasi berriak hartan bere “lan guztiak” zirela esaten omen zuen, eta hain gaztea zelako ere beharbada, lan guztiok maisu bilakatzekotan zen jenioren lanak zirelakoan lotu zen. Dante Gabriel Rosettiri aipatu haiexekin bezalaxe.
Hilobia eta trena, atzera egiterik ez dutenak dira biak ala biak; umea, berriz, bidean zetorkien etorkizunaren promesa zen. Bitartean aita izatekotan zena Espainia aldera joan zen, Bill Bird lagun. Ekainean, zezenketak bertatik bertara ezagutzera hain zuzen. Ez ziren Iruñera hurreratu, horregatik.
Hurreratu ziren, bai, uztailean, emaztea eta biak. Gizonaren aldetik hiriarekiko eta hirikoekiko maitasun erromantze baten lehen atala izan zen. Emaztearentzat, aldiz, atzera-kontua.
Hori oraingoz alde batera utzita, senar-emazteek hartan eman zuten astean bizi izandakoetako batzuk arestian aipaturiko “Pamplona in July” erreportajean lotu ziren betiko idatzirik. Pasarte hagitz ezagunak dira erreportajekoak. Besteak beste, nola iritsi ziren gauez hirira eta, nola hotelera joanik hartan erreserbatuak zituzten gelak hartzera, harrerako emakumeak ezin eman izan zizkiela zegoeneko emanak baitzituen, eta gorabehera zenbaiten buruan Eslava kaleko 5.era eraman zituela, Torontoko artikuluan Hemingwayk guztiz esker oneko idatzi zuen bezala. «Eslava kaleko bostean». Ez da aipatu izaten, ordea, etxe partikular hartan -ez zena inondik ere ostatua- hotelean izan zuten gorabeheraz idatzi zuena. «Emakumeak -idatzi zuen Hemingwayk- frantsesezko hitz gutxi batzuk eta basque-spanish gehiago erabiliz esan zigunez, bazituen hurrengo hamar egunak urte osorako diruak egiteko».
Euskara
Basque-spanish, horra! Euskararen aipamenetan lehena, Hemingwayren idatzietan. Ez zen azkena izango. Hori “Islands in the Stream” hil ostean argitaratu zioten nobelan egin zuena izan zen. Tartean “The Sun Also Rises / Fiesta” arrakastatsuan ‘basque’ hitza hainbatetan aipatu zuen, eta, zehazki zein hizkuntza erabiltzen ari ziren aipatu ez bazuen ere, Auritzera joateko nobelako Jake Barnesek eta Bill Gortonek hartu zuten buseko beste bidaztiak euskaraz ari zirela ez dago zalantzarik. Pasarte horrexetan utzi zuen Hemingwayk gero testuingurutik kanpo aipatu izan diren hitzak: «These Basques are swell people». Buseko nafar euskaldunez ari zen.
Hori, ordea, 1925eko esperientziatik atera zuen. Lehenago, 1924an, Hadley eta senarra, Pariseko zenbait lagun amerikarrekin batera, sanferminetara itzuli ziren. Festak amaiturik, Irati ibaiaren inguruetan eman zituzten zenbait egun. Inguruaz maitemindurik, gutunetan idazleak maiz idatzi zuen Irati izena. Miresmenez beti ere. Uztailaren 18an amari egin zion gutunean aipatu zionez, bezperan 30 milia egin zituen zaldiz, «karabinieri -karabinero, esan nahi zuen- ofizial batekin kontrabandoaren bazterrak behatzen… baita ere gerra karlistak izan ziren lekuetan».
Festa
Esan bezala, 1925an hantxe ziren berriro, talde polita osatuta. Hartan ziren Hadley bera, Lady Duff Twysden eta Pauline, ordurako Ernestekin isilean maitemindurik zena. Taldeko beste gizon bi, Harold Loeb and Patrick Guthie hain zuzen, Lady Duff harekin agiri-agirian ziren bezalaxe. Horrela bada, gorabeheratsua izan behar talderen barruko dinamika. Izan ere, taldearen gorabeherak izan ziren “The Sun Also Rises / Fiesta” nobelaren ekai nagusiak.
Festak amaitu bezain laster ekin zion Ernestek nobela idazteari, eta prozesuan zehar Hadley izan zuen idazleak irakurle lehena eta porrokatuena. Beraren tamalerako, jabetzen omen baitzen emakumea taldeko denak zirela testuan, bera izan ezik. Haren biografian Gioia Dilibertok idatziarekin bat beti ere, zerbaiten amaieraren eta etor zitekeen hasieraren zantzu argitzat hartu zuen. Esan bezala, bazen beste emakume bat tartean. Pauline Pfeiffer zen haren izena. 1927ko maiatzean ezkondu ziren, Pariseko St. Honore d’Eylau eliza katolikoan. Katolikoa baitzen Pauline. Ernest ezetz dirudi.
«A trois»
Paulinek eta Hadleyk elkarren ezaupidea Parisen egin zuten, 1925eko martxoko egun batez, Kitty Cannellen bitartez. Elkarren arteko enpatia berehalakoa izan omen zen. Bazuten elkarrekin zertaz hitz egin. Esaterako, Hadleyren jaioterriaz, Saint Louisez, horretako ikastetxe batean ikasia baitzen Pauline, Virgin ahizpa gaztearekin Parisera etorri berria. “Vogue” emakume-aldizkarian lan egitera, hain zuzen ere. Izan ere, emakumearen janzkerak, orrazkerak eta estiloak, beti ere haren berezko gorputz edertasunari erantsirik, txunditu egiten zituen inguratzen zitzaizkion gehienak, izan gizon izan emakume. Hala bada, eta Hadleyren berezko edertasuna goraipatua bazen ere, beste haren aldean arrunta zirudiela idatzi zuen Gioia Dilibertok.
Lehen egun hartatik gora emakume bien eta Ernest Hemingwayren artean bizi izandakoak ez dago erraz laburtzerik. Ahalegindu zen idazlea, ahalegindu zenez, bizipenok eleberri moldera isurtzen. Emaitza, hura hil ondoren konpondua, kimatua, egokitua eta nahi dena eginda, “The Garden of Eden” izenarekin argitaratu zen. Menage a trois baten kontakizuna, kritikoak Hemingway matxistaren ordez Hemingway androginoaz mintzatzera behartu dituena.
Nobelatik honatago, baina horkoa erabat ahaztu gabe, dibortzioaren kronika kasik beste edozein dibortzioren kronika liteke, ez baledi tartean menage hori izan zela, eta hain bitxia ere ez dena. Damu dosirik ere ez zen falta izan. Esaterako, nobela artean argitaratu gabe zeukalarik Hadleyri dibortzioa eskatu ziola eta, hari eta semeari eskaini zien azkenean. Horrez gain, royaltyak Hadleyri utzi zizkion. Aipagarria da, era berean, senarrari dibortzia eman aurretik emakumeak egin zion eskaria. Ehun egun egin zitzala bestea ikusi gabe.
Epea agortu aitzin eman zuen amore Hadleyk.
Hil banintz hobe
Emazte ohia, Hadley Richardson, berriz ezkondu zen, 1933an hain zuzen. Bigarren senarra Hadleyren aspaldiko mireslea zen; Paul Mowrer, 1927ko Pulitzer Kazetaritza Sariaren irabazlea.
Harenganako damua erakutsi zuen senar ohiak “A Moveable Fest” oroitzapen liburuan. «I Wissed I had died before I ever loved anyone but her» («Hura ez zen beste inor maite baino lehen hil banintz hobe»), irakurtzen ahal da horretan.
Argitu behar da, ordea, liburu hori ere, aipatu halako beste biak bezala, konpondurik eta kimaturik, egilea hil ostean argitaratua izan dela.
Beste bat ez, bi emazte izan zituen idazleak. Martha Gellhorn eta Mary Wells. Sanferminetara beti etorri zen haietakoren batek lagundurik, Martharen kasuan izan ezik. Hala ere, testuinguruz kanpo aipatzen den harako esaldi hura, zera, «sanferminak ez dira norberaren emaztearekin etortzekoak». Hori esan, azkenetan emaztea, Mary, zauritu egin ez ezik baztertua eta lekuz kanpo sentitu zelako ere izan zelako esan zuen. Maryk berak “How it Was” memoria liburuan idatzi zuenarekin bat, dibortzioa eskatzekotan izan zen. Gizona zein gaixorik zegoen jabetu zelako ez omen zuen eskatu. Laugarrena izan zitekeen.
Irati gogoan
Senar-emazte ohiak elkarrekin aurrez aurre egon gabe bizi izan ziren 1930 eta 1939 bitartean. Urte horietan guztietan Hadleyk bien seme John, ezizenez Jack, udaldietan aitarekin beronen Cayo Huesoko etxera anaiekin egotera bidaltzen zuen arren. Gertatu ere, azkeneko enkontrua kasualitate hutsez gertatu zen.
Hadley eta Paul, Jackekin batera, basoetan barrena bideak egiten ari ziren, ohi zuten bezalaxe, halako batean bibotedun gizon ez gazte bat ikusi zutenean. Bibote ilunaz eta nekatu gorputz tankeraz, ezagutu ere ez lehenengoetan nor zen. Eta bai, Ernest Hemingway zen. Haren endekapen fisikoa nabarmena omen zen, edanagatik ez ezik hirugarren emazte Paulinekikoak zegoeneko gaizki zihoazelako, eta Martharekikoak ere gozoak ez zirelako.
Wyomingen izan zen, irailak bat zuelarik.
Urte haietan guztietan, eta gero ere, bien arteko gutun jarioa ez zen inoiz eten, Hadley eta Paulenen artekoa eten ez zen bezala. Halaxe, 1939ko uztailaren 26an Ernestek iraganaren minez idatzi zion Hadleyri.
«Agian -esaten zion hartan- izango dugu denboraldi eder bat Zeruan, eta agian izango dugu hartan aurrerantzean benetan gozatzea hemen izan zirenekin, Dolomitekin, eta Baso Beltzarekin, eta Iratiko basoarekin. Zera, beti ere nirekikoak O.K. baldin badira…»
Ernestek, esan bezala, 1961eko uztailaren bian egin zuen bere buruaz beste. Hadley Richardson 1979ko urtarrilaren 22an hil zen.
Zerurik bai zerurik ez, auskalo. Irati bien artekoaren unerik gogoangarrienen paradisua izan zela, horretan zalantzarik ez.