Maite Ubiria
Aktualitateko erredaktorea, Ipar Euskal Herrian espezializatua / Redactora de actualidad, especializada en Ipar Euskal Herria

Erretreten erreformaren aurkako 14. mobilizazioak ziklo berria irekitzeko atea irudikatu du

Joan zen urtarrilaren 19an sindikatu frantsesek abiatu zuten mobilizazio zikloa bukaerara heldu da? Atzo parte hartze askoz apalagoa neurtu zen Hexagonoan bezala baita Euskal Herrian eginiko protestan ere. CFDT sindikatuko Laurent Bergerrek ausarki esan zuen: «Ziklo amaiera batera heltzen ari gara».

Bost hilabete geroago, erretreten sistema defendatzeko dinamikak gizarte serktore ezberdinak batzen dituela agerian utzi zuen Baionako martxak.
Bost hilabete geroago, erretreten sistema defendatzeko dinamikak gizarte serktore ezberdinak batzen dituela agerian utzi zuen Baionako martxak. (Patxi BELTZAIZ )

Sindikatuek emandako datuen arabera, Baionan 6.000 herritar karrikara jauzi ziren atzo, erretreten erreformaren egitasmoa bertan behera uztea galdetzeko antolaturiko hamalaugarren protesta kari.

Urtarrilaren 19an hasitako protestaren bilakaerari buruz Intersindikalak eman dituen zifrak errepasaturik, atzoko protestak jende kopuru erdia ere ez zuela erakarri iradoki behar da. Horrek erran nahi du erretiro adina 62tik 64 urtetara gibelatzen duen erreformaren aurka bultzaturiko mobilizazio aroa bukatzear dela?

Lehenik eta behin argitu behar da Emmanuel Macronek, dekretuz, iragan martxoan onarrarazi zuen erreformak errefusatze maila handia biltzen duela oraindik ere, bost hilabete geroago. Are, Macron beraren onarpen mailak geroztik ez du %30eko langa gainditu. Izan ere, mobilizazioa apaltzeak aditzera ematen du herritar askorentzat erreforma hori errealitate krudela dela.

Joan zen igandean gobernuaren aldizkari ofizialean argitaratu ziren erreformaren atal ezberdinak zehazteko balio duten lehenengo dekretuak.

Horrek argi eta garbi erakusten du Emmanuel Macronen Gobernuak ez duela atzera egiteko asmorik eta irailetik aitzina erreforma martxan emango duela.

Hilabete hauetan guztietan bildutako legitimitatea berandu baino lehen beste borroken mesedetan ezarri beharko dituztela jakitun, sindikatuek azkeneko norgehiagokari so egin zioten atzoko mobilizazioan. Zehazki, bihar Asanblea Nazionalean iraganen den eztabaidari begira jarri ziren Intersindikaleko kideak.

LAB ezin dute baztertu

Baionako tren geltokitik abiatutako martxan, «erreforma baztertzearren LIOT taldeak aurkeztutako lege egitasmoa babesteko» deia egin zieten sindikatuek parlamentariei.

Manifestazioa hasi aitzin, Intersindikala osatzen duten gainerako zentraletako ordezkariek atxikitzen zuten pankartaren ondoan jarri ziren LABeko kideak. Berriz ere CGTko beteranoak hurbildu zitzaizkien, handik alde egin zezaten exijitzeko.

Nolanahi ere, atzoko manifestazioa animatu zuten CFDT sindikatuko ordezkariek «demokraziaren kontua dela» oroitarazita, hasieran soilik ez, baita hiri erdigunea zeharkatu ostean Herriko Etxean amaitu zen martxan bertan ere «sindikatu guztiak elkarrekin gaude» aldarrikatu zuten bozgorailutik. Aro bat amaitzear delarik, abiatze berria iragartzeko keinu txikia, ontsalaz.