NAIZ
Bilbo

Ofiziozko txanda «duintzea» eskatu dute Bizkaiko 157 abokatuk

Abokatuen ofiziozko txanda «oso prekarizatuta» dagoela salatu dute gaur Bilbon eta «duintasuna» aldarrikatu. 157 abokatuk idazki bat aurkeztu dute Bizkaiko Abokatuen Elkargo Ohoretsuaren ezohiko batzar bat eskatu eta hainbat aldarrikapen plazaratzeko.

Ofiziozko txandako abokatuen elkarretaratzea Elkargoaren atarian.
Ofiziozko txandako abokatuen elkarretaratzea Elkargoaren atarian. (NAIZ)

157 abokatuk idazki bat aurkeztu dute Bizkaiko Abokatuen Elkargo Ohoretsuaren ezohiko batzar bat eskatu eta hainbat aldarrikapen plazaratzeko. Elkargoaren aurrean elkarretaratzea egin dute ostiral honetan. «Gure ofiziozko txanda duintzea» eskatu du Iñigo Santxo abokatuak NAIZi eginiko adierazpenetan.

Elkargoaren azken batzarrean haien aldarrikapenak «forma akats bat» argudiatuta atzera bota ostean, ezohiko batzar bat eskatu dute, zeinetan haien aldarrikapenak mahai gainean jartzeko asmoa duten. Bost puntutan laburbildu dituzte: «Elkargoko hauteskundeetan, eta Batzar Nagusien deialdi guztietan boto telematikoaren aukera berehala ezartzea» eskatu dute. Era berean, «letraduek jurisdikzio-ordena guztietan aplikatutako ordainsariekin parekatzea, edo, modu subsidiarioan, 2012tik gaur egunera arte KPIak berreskuratzea eta hemendik aurrera automatikoki aplikatzea. 2012. urteko % 7ko deskontua berreskuratzea. Jarduketa guztiak kobratzea, salbuespenik gabe, exekuzioak barne. Hobekuntza baremo guztietan eta, bereziki, eskasenetan, adingabeen guardian, atzerritarren guardian eta apelazio-baliabideetan, etab. Europako ereduen azterketa. Eusko Jaurlaritzak ezezkoa emanez gero, hori gauzatzeko behar diren neurri guztiak hartzea», aldarrikatu dute.

Komisaldegietan dauden atxilotuei ematen zaien urgazpenaren harira, «eredu alternatiboak bilatu eta ezartzea» defendatu dute. «Abokatuon gaueko atseden eskubidea bermatzea, urgazpen telematikoak edo ordu-tarteak ezartzea» ere eskatzen dute.

Ofiziozko txandan euskara «normalizatzea» ere bada lehentasuna 157 abokatu hauentzako eta «zirkuitu judizial euskaldunak ezartzea» proposatzen dute. Bosgarren puntuak, aldiz, «abokatuon lana eta familia bateragarri egiteko eskubidean» jartzen du ikusmira. «Bereziki, epaiketaldiak etetea eta prozesu-epeak erraztea gaixotasunagatik, senideak zaintzeagatik, amatasunagatik eta abarrengatik, baita oporraldietan atsedena bermatzea ere», adierazi dute.

«Herri duin batek, justizia duin bat»

Santxok ofiziozko txandan dagoen «egoera oso prekarizatua» nabarmendu du. «Ez gaituzte kontuan hartzen, baina sistema judizialaren zutabe bat gara», gehitu du. Izan ere, Lakuak duela 30 urte baino gehiago jaso zuen Justizia Administrazioko langileen eta baliabide materialen eskumena, baina «karga» abokatuen gainean utzi dutela iritzi du.

Bere hitzetan, «herri duin batek, justizia duin bat» behar du, eta, zentzu horretan, «ofiziozko txanda duin bat». Eta une honetan uste dute hortik urrun daudela. «Ez dugu gizarte segurantzaren koberturarik».