Donostiarra bigarrenez eta Urdaibai zortzigarrenez, gailendu dira Euskadiko Txapelketan

Donostiarrak erakutsi du Gipuzkoakoa irabazi izana ez dela kasualitatea izan, eta ligara begira, berretsi du kontuan hartzeko aurkaria izango dela. 'Bou Bizkaia' traineruak olatu aparretan jarraitzen du eta, Bizkaikoan gailendu ostean, nagusitasunez irabazi du Euskadikoa.

Gorka Aranberri Urdaibaiko patroia Euskadiko Txaopelketako bandera astintzen, arraunlariekin batera, Ondarroan.
Gorka Aranberri Urdaibaiko patroia Euskadiko Txaopelketako bandera astintzen, arraunlariekin batera, Ondarroan. (Gorka RUBIO | FOKU)

Emakumezkoen zein gizonezkoen estropadako bigarren txandetan erabaki da zein izan diren traineru azkarrenak Euskadiko Txapelketan. Emakumezkoetan Donostiarrak erakutsi du Gipuzkoakoa irabazi izana ez zela kasualitatea izan, eta Euskadikoa irabazi du, bigarrenez, Oriorekin lehia estua izan ostean. Nerea Perez patroi zuen taldeak berretsi du ligan kontuan hartzeko aurkariak izango direla.

Gizonezkoetan, Urdaibaik olatu aparretan jarraitzen du, eta Bizkaiko Txapelketa irabazi ostean, nagusitasunez gailendu da Ondarroan. Gorka Aranberri patroiak gidatutako ontzia gainerako aurkariak baino koska bat gorago dago, eta iaz liga bukatu zuen maila berean jarraitzen duela erakutsi du. Bermeok zortzigarren garaipena du Euskadiko Txapelketan, eta palmaresean goi-goian jarri da. Atzetik, zazpi garaipen dituzte San Pedrok, Kaikuk eta Hondarribiak.

Ondarroan lasai zegoen marea, korronte barik. Haizea ipar-ekialdetik, zortzi kilometroko abiaduran. Emakumezkoen aurreneko txandan lehen kaletik laugarrenera aritu dira Hondarribia, Tolosaldea –Portugaleten ordez sartu da, uko egin diolako parte hartzeari–, Ondarroa eta Arraun Lagunak; eta bigarrenean, Orio, Donostiarra, Deustu eta Kaiku.

Lehen txandan Arraun Lagunakeko traineruak ez du aurkaririk izan, 5.43 denbora markatu du ziabogan, Tolosaldea bederatzi segundotara zuela. Atzerago, Hondarribia 11 segundotara eta Ondarroa, askoz ere urrunago, 36 segundotara.

Bigarren luzean ematen zuen Tolosaldea lehen postura gerturatzen ari zela, poparean dotore zebilen Ramon Erostarberen taldea. Tolosaldea zazpi segundotara hurreratu zaio Donostiako traineruari, baina barnealdekoek ontziaren norabidea aldatu dute, eta ez dio tarterik jan Andrea Astudillo patroiaren ontziari. Hortik aurrera, Arraun Lagunak aldea handitzen joan da, arraunkada luzearekin, hamalau segundotaraino.

Donostiako taldeak markatu du lehen txandako denborarik onena: 10.54.60. Haien atzetik iritsi dira Tolosaldekoak, hamabost segundotara, eta Hondarribikoak, 26 segundotara. Gipuzkoako Txapelketan ez bezala, kostaldekoek barnealdekoei irabazi zieten Euskadikoan, Maialen Amondarain patroi zuen trainerua gailendu da. Etxeko ontzia, Ondarroa, izan da txandako aurkari ahulena.

Oriok eta Donostiarrak, lehia estua

Arraun Lagunakek lehen txanda ezarri duen denbora erreferentzia hartuta, ekin diote bigarren txandari. Lehia estua bizitu dute Oriok eta Donostiarrak: Nadeth Agirre patroi zuen ontziak markatu du ziabogan estropadako denborarik onena: 5.39. Atzetik, Donostiarra hiru segundotara.

Bigarren luzean, baina, aurrea hartu dio Oriori Nerea Perez lemazain zuen traineruak, eta helmugan sei segundo atera dizkio. Brankaz Orio gailendu da, baina poparean Donostiarra nagusiagoa izan da. Bizkaiko bi traineruak lehia horretatik oso urruti zeharkatu dute helmuga. Kontuan hartu behar da, Gipuzkoako ontziak Euskotren ligan lehiatuko direla, eta Bizkaikoak, aldiz, ETEn.

Itxaso Uzkudun Donostiarrako arraunlariak egin ditu adierazpenak ETB1eko kameren aurrean, eta nabarmendu du «bereziki» bueltan asmatu dutela olatuekin: «Lehen luzean burua hotz eduki dugu, eta bigarrenean buelta ematen jakin dugu. Oso ondo ari gara entrenatzen eta kontuan hartzeko moduko taldea gara».

Hamalau arraunlari hauekin irabazi du Euskadiko Txapelketa Donostiarrak: Perez (patroia), Ugarte, Lekubarri, Alkorta, Iguarin, Larrañaga, Alberdi, Alonso, Castro, Uzkudun, Diaz, Zumeta eta Lopez.

Emakumezkoen estropadako sailkapena:

1. Donostiarra 10:47.03
2. Orio 10:53.50
3. Arraun Lagunak 10:54.60
4. Tolosaldea 11:09.55
5. Hondarribia 11:20.87
6. Kaiku 11:35.01
7. Ondarroa 12:05.46
8. Deustu 12:14.90

Donostiarrako arraunlariak Euskadiko Txapelketa irabazi berritan, garaipena ospatzen Ondarroan (Gorka RUBIO | FOKU)

 

Gizonezkoetan, ikuskizun handiena bigarren txandan

Gizonezkoetan, ikuskizun handiena bigarren txandan egon da, hasieratik mokoka aritu baitira estropadako lau ontzi indartsuenak: Urdaibai, Donostiarra, Hondarribia eta Zierbena. Lehia hain estua izan da, lehen ziaboga egin aurretik lau ontziak parez pare baitzeuden. 4.52ko denbora markatu dute laurek aurreneko ziabogan, baina Urdaibai izan da lehena ateratzen, gero Donostiarra eta Zierbena, eta, azkenik, Hondarribia, pixka bat zabalera egin baitu.

Bigarren luzean hasi dira tarteak zabaltzen eta bi multzo osatzen: batetik, aurretik zihoazen Iker Zabalaren eta Mikel Orbañanosen taldeak eta, bestetik, Igor Makazagarenak eta Daniel Perezenak. Bigarren ziabogara denbora berean iritsi dira ‘Ama Guadalupekoa’ eta ‘Bou Bizkaia’: 9.42 segundoan. Bost-sei segundo atzerago zeuden Zierbena eta Donostiarra.

Bizkaiko eta Gipuzkoako Txapeldunak lehia bizian aritu dira; olatuaren gainean zihoanak aurrea hartzen zion besteari. Hirugarren luzean, ordea, hautsi da txanda. Urdaibaik lau segundoko errenta atera dio Hondarribiari. Laugarren eta azken luzean, Bermeoko traineruak aurkariengandik zuen tartea aprobetxatuta, hobekien zetorkion kalean jarri da, eta azken luze ikusgarria egin du, Hondarribiari hamabost segundo aterata.

Gorka Aranberri Bermeoko patroiak hitz egin du estropada jokatu berritan, eta azpimarratu horrelako egunak, «egun seinalatuak» direla: «Euskal Herriko txapelketa oso maitea dut, baita Bermeon ere. Horrelako estropada bat irabaztea sekulakoa da». Horrez gain, adierazi du Ondarroko estropada «zaila» izaten dela, «zati batzuetan kale batek ematen dizun bezala, gero kendu egiten dizulako». «Hori bai, behin martxa hartuta, hauek [arraunlariei seinalatuz] bai daudela gosearekin eta erakutsi dute», adierazi du Aranberrik.

Ligaz ere mintzatu da Urbaibaiko patroia eta nabarmendu «itxura ona» ematen ari direla, «pauso bat hobera» eman dutela, «elkarren artean hobeto ezagutzen» direla, eta «emaitzek konfiantza eman» dietela.

Hamalau arraunlari hauekin irabazi du Euskadiko Txapelketa Urdaibaik; Aranberri (lemazaina), Azkarate, Goikoetxea, Zabala, Unanue, Mañas, Portugues, Cayon, Etxaniz, Zubiri, Colunga, Medina, Iglesias Calleja.

Bestalde, lehen txandan Lekittarrak aise irabazi du. Bereziki, bigarren eta laugarren luzean egin ditu denborarik onenak. Iñaki Goikoetxea lemazainak ezin hobe aprobetxatu ditu olatu txikiak, traineruak abiadura handia har zezan. Santurtzi izan da bigarren, eta ikusita Lekittarra ondo zihoala, bere atzetik jarri da laugarren luzean. Ondoren ailegatu da Lapurdi, eta azkenik San Juan.

Gizonezkoen estropadako sailkapena:

1. Urdaibai 19:35.79
2. Hondarribia 19:50.43
3. Zierbena 20:02.78
4. Donostiarra 20:04. 51
5. Lekittarra 20:12.20
6. Santurtzi 20:31.00
7. Lapurdi 20:34.60
8. San Juan 20:37.62