Nerea Lauzirika

Hezkuntza Legearekin kritiko azaldu dira Euskal Kultur Transmisioaren alorreko hainbat eragile

‘Sormenean hezi, kulturan bizi’ Euskal Kultur Transmisioaren Talde Eragileak agerraldia egin du EAEko Hezkuntza Lege proiektuari ekarpenak egiteko Gasteizko Legebiltzarreko Batzordean. «Kezka» agertu dute euskal kulturaren transmisioari dagokionean proiektuak «gabeziak» dituela eta.

Barandiaran eta Gurrutxaga, Gasteizko Legebiltzarrean.
Barandiaran eta Gurrutxaga, Gasteizko Legebiltzarrean. (Legebiltzarra)

Gasteizko Legebiltzarrean Hezkuntza batzordea izan dute astelehen honetan, hain zuzen ere, hainbat eragilek Hezkuntza Lege proiektuaren inguruan dituzten ekarpenak mahai gainean jarri ditzaten. Tartean, ‘Sormenean hezi, kulturan bizi’ Euskal Kultur Transmisioaren Talde Eragileko Gotzon Barandiaranek eta Amagoia Gurrutxagak hartu dute hitza. Euskal kulturaren transmisioa bermatzeko behar gorriaz jakitun, «kezka» agertu dute alor horretan lege proiektuak «gabeziak» dituela iritzita.

Sei puntutan banatu dute Barandiaranek eta Gurrutxagak analisia. Batetik, nabarmendu dute Hezkuntza Legearen egungo bertsioak «egoera diglosikoa ezkutatzen» duela: «Euskalduntzearen errealitatetik oso urruti dagoen argazkia agertzen du». Ildo berean, salatu dute «hezkuntzak gabezia handiak» dauzkala «euskaldun osoak sortzerakoan». Uste dute egoera diglosikoa onartzea ezinbesteko baldintza dela hura gainditzeko neurriak hartu behar badira: «Euskarazko murgiltze eredua proposatu beharko luke».

Bestalde, azpimarratu dute euskarak eta euskal kulturak ez dutela behar besteko garrantzia legean, «ez dute zeharkatzen». Komunitate bezala garatzeko ez ezik, azaldu dute norbanakoarentzat ere ezinbestekoa dela alor horretan formakuntza egokia jasotzea: «Kulturarik gabe pertsonaren garapen osorik ez dago».

Bikaintasunaren aferari ere heldu diote eta argi utzi nahi izan dute ez dagoela horrelakorik «kultur bikaintasunik gabe». Ordezkatzen dituzten eragileen izenean adierazi dute kulturgintzari bere tokia eman behar zaiola hezkuntzan, «pentsamendu kritikoa garatuz bere kabuz pentsatzeko gai izango diren pertsonak hezteko». Horretarako, ezinbestekotzat jo dute «kualifikazio handiko hezitzaileak formatzeko plan bat», Hezkuntza Legearen proiektuak jasotzen ez duena, «irakasle guztiak euskal kulturaren eragile bihurtzeko».

Elkarbizitza askok etengabe ahotan darabilten honetan, xede hori lortzeko bidean «hizkuntza eta kultura eskubiderik gabe» elkarbizitza ezinezkoa dela azpimarratu dute Barandiaranek eta Gurrutxagak: «Euskarazko murgiltze eredua elkarbizitzarako eta kohesiorako ezinbesteko tresna da».

Era berean «euskal kulturaren inguruko ikuspegi anbiguoak saihesteko beharra» nabarmendu dute. Hitzartze osoan zehar eta bosgarren puntu honetan bereziki, euskara eta euskal kulturgintza banaezinak direla azaldu dute. «Lege honek ezin dio euskarari lurralderik eta hedapenik lapurtu», adierazi dute, eta honakoa gaineratu dute: «Euskararen herria Euskal Herria da eta Hezkuntza Legeak ez du horrelakorik esaten».

Kultur hezkuntza etorkizuneko kulturgileen akuilu izan behar dela ere uste dute, ikasleei sortzaile gisa lan egiteko aukera eman behar diela eta ez goi mailako ikasketetan soilik. Proposamen zehatzak egiteko gaitasuna badaukatela erakutsi dute eta adierazi dute euskarazko kulturgintzako eragileak «gabeziak nola konpondu proposatzeko» prest daudela.

Alderdi politikoen galdera txandaren ondoren, Barandiaranek PSOEko Maria Jose San Joseri erantzun dio ez dutela inolaz ere proposatu «inoren ama hizkuntzaren baztertzerik». Ildo berean, argi utzi nahi izan du ez dagoela hizkuntza baztertzailerik: «Hizkuntza politikak baztertzen du euskara».

Hizkuntza ereduen sistemaz haratago

Hizkuntza Legearen inguruko eztabaidaren baitan, Euskal Eskola Publikoko Zuzendarien Federazioak (HEIZE) adierazi du du EAEko Hezkuntza Lege berrian Eskola Publikoa «hezkuntzako zerbitzu publikoaren ardatza» izan behar dela. Hori dela eta, baztertu egin dute egungo hizkuntza-ereduen sistema, «segregatzailetzat» joz, eta defendatu dute «garaia» dela «eredu orokortu eta inklusibo batera jauzi egiteko», euskara «beste hizkuntzen maila berean».