NAIZ

‘Lost Forest’ proiektuak irabazi du TAC! Hiri Arkitekturaren Festibalaren lehiaketa

TAC! Hiri Arkitekturaren Festibalaren lehiaketa irabazita, basoen zaintza eta kudeaketa jasangarriari gorazarre egingo dio Donostian ezarriko den ‘Lost Forest’ pabilioiak. Instalazioa Saguesen egongo da urriaren 10etik azaroaren 16ra bitartean, Mugak Nazioarteko Arkitektura Bienalaren barruan.

Erretako zuhaitz enborrez osatuta egongo da ‘Lost Forest’-en egitura.
Erretako zuhaitz enborrez osatuta egongo da ‘Lost Forest’-en egitura. (TAC! )

‘Lost Forest’ proiektuak irabazi du TAC! Hiri Arkitekturaren Festibalaren lehiaketa eta, beraz, honen sortzaile diren Julia Ruiz-Cabello Subiela eta Santiago Del Aguila arkitektoek diseinatuko dute Donostian larrialdi klimatikoaren erronkei helduko dien aldi baterako pabiloia.

Instalazioa Sagueseko zabalgunean egongo da urriaren 10etik azaroaren 16ra bitartean, Mugak Nazioarteko Arkitektura Bienalaren programazioaren barruan, eta, arkitektoek azaldu dutenez, helburu bikoitza izango du: batetik, baso-suteen errealitatea hiri-ingurunera ekartzeko baliagarria izango da eta, bestetik, gizarteak arazo honen inguruan gogoeta egitea sustatzeko gune ere bilakatuko da. Hiritarren eta bisitarien arreta bereganatuko duela uste izatekoa da, egitura erretako zuhaiz-enborrez osatuta egongo baita.

Arkitektoen hitzetan, «gure pabiloia igarobide eta kontenplazio lekutzat hartzen dugu, naturaren handikeriatik egindako zentzumen-ibilbidetzat. Hori, kiskalita egon arren, hausnarketarako guneak sortzen jarraitzen du». Eraikinaren bidez, basoen zaintza, mantentze eta kudeaketa jasangarriari buruzko kontzientzia ekologikoa sustatu nahi da.

Donostiako pabilioiaz gain, TAC! 2023k bigarren egoitza bat izango du Valentzian irailaren 14tik urriaren 16ra. Pontevedrako Manuel Bouzas arkitektoak emango dio bizia, ‘Mediterraneo’ proiektu irabazlearekin. Jaialditik azaldu dutenez, bere proposamenarekin, etxeko estrategiak sartu nahi ditu espazio publikoan eta nabarmentzen da hiri-testuinguruari erantzun desberdinak eskaintzeagatik, tradiziotik eta modernitatetik abiatuta, eta elkarrekintza eta elkarrizketa sustatzeagatik.

Jaialdiaren bigarren edizioaren deialdiaren gaiaren ardatza arkitekturak egungo larrialdi klimatikoaren testuinguruan hiri-inguruneak aurre egin beharreko erronketan duen papera izan da. Guztira 125 proposamen aurkeztu dira bi hirietan eta epaimahaiak arkitekto gazteen sormen handia nabarmendu du tokiko testuingurutik klima-erronkari eta krisi ekosozialari erantzunak emateko orduan.

Bi irabazleek 12.000 euroko saria jasoko dute eta proiektua gauzatu ahal izango dute pabiloiak egiteko 90.000 euroko oinarrizko aurrekontuarekin. Aurrekontu hori handitu ahal izango da babesletza-ekarpenekin.