EH Bilduk eta Elkarrekin-Podemosetik inbestidura ituna sinatu dute Andoainen. «Hitzarmena modu azkar eta natural batean itxi da eta azken lau urte hauetan lortutako bi alderdien arteko lanketa eta konfiantzari erantzuten dio», adierazi dute amankomunean argitaratutako ohar batean.
Maiatzaren 28ko hauteskundeek utzitako emaitzen irakurketa egin dute bi alderdiek. «Herritarren botoak, egungo PSE et EAJ udal gobernua kanporatu du». EH Bilduk zortzi eserleku eskuratu zituen, PSE-k bost, EAJ-k hiru eta Elkarrekin Podemosek, bat. «Azken lau urte hauetako kudeaketa kaxkarra eta gobernantza itxi baten eredua, urjentzizko norabide baten aldaketa eskatzen duten hauteskunde emaitzetan isladatu da», adierazi dute.
Horri aurre egiteko, orain arte oposizioan zeuden bi alderdiek akordioa itxi dute. «Hitzarmen honen bidez, bi alderdiek gobernuaren ekintza garatuko den lehentasunezko markoa finkatzen dute. Adostutako puntuak eta hemendik aurrerako desadostasunerako marjena, non alderdi bakoitzaren irizpide politikoetan oinarrituta, ekarpen propioak artikulatzeko gaitasuna izango duten», azpimarratu dute.
Honela, «udalaren berrantolaketa», C-2 proiektuari aurre egitea, ikastetxearen azpiegiturak, inbertsio egutegi bat, zerbitzu publikoak eta gobernantza parte-hartzailearen eredua jarri dituzte legealdirako lehentasun gisa.
Bi alderdiek hitzarmenaren jarraipen batzorde bat osatuko dute. «Andoaindarrek botoa eman zuten EH Bilduk gobernatu dezan eta horrela izango da. Elkarrekin-Podemosen laguntza oso garrantzitsua izango da eta espero dugu legealdian zehar adostasunak beste alderdiei zabaltzeko aukera egon dadila. Andoain herriak erronka garrantzitsu eta urjenteak ditu, ondorioz arduratik erantzun beharra daukagu», adierazi du Andoni Alvarez Letek, EH Bilduren hautagaiak.