Salutregi almiranteak ondo ederki zekixen ipar izarra nun zegoen
Jabi Salutregitaz asko eta ondo idatzi dau hainbestek azken orduotan. Ez da, ba, kontua esandakua barriz esatia.
Baina berak horrenbeste maite eban bizkaitar euskalkixan erreflexiño labur bat egin gura dot. Ondo ederki gogoratzen dittut garai gogorrak -danetik egin euzkuen arerioek-eta- baina ahaztuko ez dodana da Jabik gazteon alde egindako apustu sendoa. Aurrekoen ezagutzatik, benaunaldi barrien alde bere konfiantza eta irakasteko kapazidadea jarriaz. Bera kapitain zaharraren lekutik, gazte langile eta baliente hareik kimuak izatetik aritz sendoak bihurtzeraino.
Ez ziren, ez, garai xamurrak, ezta urrik emon be, baina Salutregi Mentxaka almiranteak mariñel gazte eta baita marmitoi eta tostartekoak be, abanten jarri gintuan, danona zan itsasontzia portu segururako direkzinoan.
Horrela lortu eban EGIN zan Titanic itsas-ekaitz ikaratzeko moduko hartatik aurrera ateratzie. Hori da barkatu egin ez eutsena arerioek. Hangoek baña baita askoz gertuagoko lotsabako batzuk ere.
Gazteengan jarri eban konfidantza, bide barriak zabaltzeko
Baina gure almiranteak ondo ederki zekixen ipar izarra nun zegoen eta nundik eroan behar zan ontzia, Euskal Herriko gure izparringia aurrera ateratzeko.
Eta gazteengan jarri eban konfidantza, bide barriak zabaltzeko gaztion indarra, kemena, dalako gas-oliorik onena jakinda.
Horrek emoten dotsa, nere ustetan, garratzia berezia Saluk egin eban apustu balienteari. Eta baita narrutik ordaindu be. Arerioak ez dau barkatzen-eta.
Gaur, gazteriaz horrenbeste berba egiten dogunien, Saluk egin zeban apustuaz akordetako egun aproposa dala uste dot.
Kapitain zaharrak utzi egin gaitu, bale erraldoi eta menderaezinaren biktima, baina arrantzale gaztiak hor dauzkagu, ondo irakatsiak eta abanten jarraitzeko goguaz.
Dagoen lekuan dagola, Jabi harro eta pozik egongo da ereindakoak horrenbeste errespetatzen dogun Gernikako Arbola baino aritz sendoagoak bihurtzen dirala ikustean.
Eta gure itsasoa, Kantauri itsasoa bare-bare ilusten dogun bakoitzean Jabi barrezka gogoratuko dogu eta urak harrotzen diranian gure Salu, orru artean, gure kontra ezpata zorrotz eta txispa zaharrekin zetoztenien ze nolako indarra erakusten eban gogoratuko dogu.
Eusko lur eta itsasoak emeki har zaitzatela, Salu.