Iraitz Mateo

Otegi: «Ez dira sigla batzuei betoa jartzen ari, ideia politikoak betatzen ari dira»

Arnaldo Otegik eta Garikoitz Mujikak ziklo politiko berriaren inguruan gogoetatu zuten atzo gauean internet bidez zabaldutako solasaldian. Maiatzeko hauteskundeetako lehen indarra izanik, itunen bidez alderdi subiranista kanpoan uzteak «herritarren eskubideen aurka» egiten duela salatu zuen.

Arnaldo Otegi EH Bilduko Donostiako egoitzan, atzo egindako solasaldian.
Arnaldo Otegi EH Bilduko Donostiako egoitzan, atzo egindako solasaldian. (Jon Urbe | FOKU)

Ziklo politiko berria mintzagai izan zuten atzo EH Bilduko zuzendari nagusi Garikoitz Mujikak eta koordinatzaile nagusia den Arnaldo Otegik. Bide berriak arakatu zituzten horretarako, You Tubeko kanalaren bidez sartu baitziren Euskal Herriko egongeletara, gaueko 21.30ak aldera. Igaro berri diren hauteskundeez eta datozenez jardun zuten, eta EH Bilduk gertatutakoaz eta gertatu ez denaz egiten duen analisia azaldu zuten. Dena den, ez zuten solasaldia hasi nahi izan Javier Salustregi EGINeko zuzendari hil berria gogoratu gabe, «kazetari, preso eta bidaide ezin hobea», Otegiren hitzetan.

Gehien errepikatutako kontzeptua «ziklo berria» izan zen atzokoan. Otegik arrazoi ezberdinak agertu zituen hori hala dela ziurtatzeko. Batetik, EH Bilduren «emaitza historikoak»; bigarrenik gogoratu zuen, emaitza horiei jarraiki, udaletxeetan abangoardia lana egiten ari direla zerbitzu publikoetan, zaintzan edo energiaren gaian, eta jendeak hori saritu zuela botoen bidez. Hiriburuetako aldaketak ere esanguratsuak dira koordinatzailearen arabera: «Hego Euskal Herriko lau hiriburuetatik bi jada gobernatu ditugu, hirugarrengoan lehen indarra izan gara, Bizkaiko metropolian hazten ari gara. Jada gezurra da ezker independentismoa indartsua landa eremuetan bakarrik den ideia». Bestalde, jendartearen ideiak eta orain arteko politika publikoak egin dituztenen arteko tartea gero eta handiagoa dela salatu zuen: «Herria egungo politika publikoak baino ezkertiarragoa da».  

«Madrilen izan daitezkeen agertokien aurrean prest gaude. Termino demokratiko, sozial eta nazionalean erantzungo dugu»


Aldaketa nabarmentzen duen beste faktore bat itunak egiteko modua da Otegiren iritziz. Eta adierazi zuen arazoa ez dela batzuek EH Bildu gustukoa ez izatea, «arazoa jendeari kasurik ez egitea da, bigarren mailako herritarrak direla sentiaraztea. Ez dira sigla politiko batzuei betoa jartzen ari, jendearen ideiei eta erabakiei betoa jartzen ari dira». EH Bildu Hego Euskal Herrian lehen indarra izan zela nabarmendu zuen, eta Euskal Herri osoan ia 400.000 herritarren babesten dutela proiektu subiranista. Horren aurrean batzuek «ezikusiarena egitea herritarrei kasurik ez egitea» dela esan zuen.

PP-Vox ekuazioan sartzean

Datorren larunbatean udaletxeen osaketan eta, aurrerago, Nafarroako Gobernuaren osaketa burutzeko egingo diren itunen harira, duela lau urtetik aldaketa bat sumatzen dela azaldu zuen. Duela lau urte EAJren eta PSEren arteko akordioak bazeudela gogoratu zuen, baina oraingo aldaketa PP eta Vox jokoan sartzea dela, eta hauek sartzearekin batera, «EH Bilduko bozkatzaileen eskubideen urraketa eta apartheida ematen da». Aliantza horiek direla eta, beste ideia bat ere azpimarratu zuen uztaileko hauteskundeei begira: «Laster abiatuko den kanpainan batzuk esaten hasiko dira PP-Vox geratu behar dela. Orduan, zergatik ahalbidetuko dute euskal instituzioetan sartzea?». Bere ustez, «botere nahiak» eraman ditu zenbaitzuk horretara, eta gogorarazi du alderdiek herritarrentzako tresna izan behar dutela.

Aitortu zuen berak ez duela EAJrik gabeko Euskal Herririk irudikatzen, nahiz eta bere anbizioa haiei irabaztea izan; baina zalantza egiten du EAJk EH Bildurik gabeko herririk irudikatzen ote duen.

«Gorantz doan marea bat da EH Bildu. Ez gara esprinterrak, guk maratoiak egiten ditugu. Konfiantza eta lasaitasuna, beraz»



Herriarena hitza eta erabakia

Nafarroari begira, erabakiak «errespetatzea» da exijitzen duena koordinatzaile nagusiak: «Aurrerakoia den blokea Maria Chivitek lideratzea erabaki dute herritarrek, eta hori onartzea dagokigu. Baina Iruñeko bloke aurrerakoia Joseba Asironek lideratzea erabaki dute 27.000 iruindarrek baino gehiagok; errespeta dezatela hori».

Igotzen ari den marea da EH Bildu, Otegiren esanetan, eta beraien ideia eta printzipioak gero eta hedatuagoak daude Euskal Herrian. Erronka nazional, sozial eta garaiko erronkei heltzeko prest agertu zen, eta horretarako formula bakarra aurreikusten duela esan zuen: aliantza zabalak, minimoen programen gainean.