Joseba Salbador Goikoetxea

Kanper elektrikoak, Mercedesen apustua

Oraindik autonomia maila mugatua duten arren, EQV eta EQT furgoneten Marco Polo bertsioak kontuan hartzeko alternatiba bihurtuko dira hemendik gutxi barru.

Mercedes Clase V furgonetak –eta EQV bere bertsio elektrikoak– bost metro pasatxo ditu. Urte amaieran EQT konpaktoa iritsiko da, lau metro t’erdiko luzerarekin.
Mercedes Clase V furgonetak –eta EQV bere bertsio elektrikoak– bost metro pasatxo ditu. Urte amaieran EQT konpaktoa iritsiko da, lau metro t’erdiko luzerarekin. (NAIZ)

Kanper munduan erreferentziazkoak bilakatu diren Marco Polo bertsioek etorkizun elektrikoa izango dute. Gaur egun dagoeneko merkatuan daukagu Gasteizen egiten den EQV ibilgailuaren kanper bertsioa, eta hemendik gutxi barru tamaina txikiagoko EQT furgoneta elektrikoa ere Marco Polo ekipamenduarekin iritsiko dela iragarri dute. Gainera, egungo Clase V eta EQV ordezkatuko dituen plataforma elektriko berriak ere kanper ekipamendua eramateko aukera izango du.

Esan bezala, gaur egun kanperizatuta eros daitezkeen Mercedes furgonetak 5,14 metroko luzera duten Clase V eta EQV (bertsio elektrikoa) dira. Lehenak 136 eta 190 zaldi arteko diesel motorizazio desberdinak erabiltzen ditu, eta bigarrenak 204 zaldiko motor elektrikoa, bi autonomia maila desberdinekin: 231 eta 355 kilometro.

Urte honen amaieran, ordea, 4,49 metro luze den EQT furgoneta konpaktoaren bertsio kanperizatua iritsiko da. VW Caddy-rekin lehian sartzeko jaio den Marco Poloren arreba txikia momentuz prototipo gisa erakutsi dute, eta urte amaierarako salgai egotea espero da.

Mercedes Citan komertzialean oinarrituta dago eta, bere tamaina txikiagoa bada ere, bigarren ohe bat eramateko aukera izango du, sabai zabalgarriari esker. Beheko ohea jasotzen denean, sukaldea erabiltzeko moduan geratuko da, bere harraska, indukzio plaka, hozkailu, armairu eta mahaiarekin. Mercedesek azaldu duenez, ekipamendu hau guztia bost minututan ken daiteke, auto arrunt bat bezala erabili ahal izateko.

Ibilgailuaren diseinatzaileek garrantzi handia eman diote, bestalde, barruko argiztapenari, eta ezkutuan jarritako led argiek giro ezin hobea sortzen lagunduko dute.

Mekanikari dagokionez, Renault Kangoo E-Tech ibilgailuaren motor berdina eramango du eta, horrek bezala, 122 zaldi eta 282 kilometroko autonomia eskainiko ditu.

Aipatzekoa da sabaiaren gainean eguzki plakak eramango dituela, baina ez motorraren autonomia handitzeko, baizik eta auto barruko tresnetan erabiltzeko. Era horretan, motorraren autonomia elektrikoa ez da gutxituko.

Modu batera edo bestera, kanper furgoneta hauek oraindik autonomia maila mugatua dute, baina laster kontuan hartzeko alternatiba bihurtuko dira, naturaz gozatzeko ibilgailu bezala jaio direlako; eta zer hobeto, modu elektrikoan egitea baino.

Plataforma elektriko berria

Epe luzeago batean, Gasteizen egiten diren Clase V eta EQV modeloak plataforma elektrikoa izango duen ibilgailu berri batek ordezkatuko ditu, eta horrek ere kanper ekipamendua eramateko aukera izango du.

Hasiera batean Van Electric Architecture izeneko plataforma 2025ean iristekoa zen, baina azkenean urtebete atzeratzea erabaki du Mercedes etxeak.

Plataforma elektriko berriak tamaina ertaineko beste furgoneta batzuk egiteko ere balioko du, tartean Sprinter berria.