NAIZ

Euskararen borrokari erantzuteko «muskulu sendoa» dagoela erakutsi dute gazteek Aretxabaletan

Euskal Herriko hainbat txokotako gazteak elkartu dira larunbat honetan Gazte Euskaltzaleen Sareak antolatutako topaketetan. Adierazi dutenez, euskararen borrokari erantzuteko «muskulu sendo bat» dagoela nabarmendu dute gazteek.

Aretxabaletan egindako topaketen argazkia.
Aretxabaletan egindako topaketen argazkia. (GES)

Duela urte bat sortu zen Gazte Euskaltzaleen Sarea, «euskararen borroka geldialdi egoeran zegoela iritzita, gazteak euskararen borrokara batzeko eta euskararen borrokari belaunaldi perspektiba txertatzeko helburuz».

Gazte Euskaltzaleen Sareak ohar batean azaldu duenez, «ordutik Euskal Herriko gazteak saretu eta kontzientziak pizteko hainbat egitasmo egin dituzte; besteak beste, gaztealdia ariketa praktiko kolektiboa, Euskalgintza eta bestelako eragileekin batera Euskara Aurrera mobilizazioa, Hezkuntza Euskaraz...».

Larunbat honetan topaketak antolatu dituzte Aretxabaletan, eta «orain arteko ibilbidearen balorazio positiboa egin dute: euskararen borrokan konprometitua eta konbentzituta dauden ‘kimu berriak’ loratzen dabiltzala diote gazteek».

Aretxabaletako topaketetan hainbat gai izan dituzte hizpide: Gazte Mugimenduen funtzioa gazteak euskalduntzera bidean, hezkuntza, euskarak bestelako borrokekin duen harremana, kaleko hizkeraren gaineko hausnarketak, euskaldun izateagatik bizi dituzten esperientziak...

«Mito faltsua»

«Mundua eta Euskal Herria irakurtzeko euskararen betaurrekoak eskaini nahi dizkie haien belaunaldiari. Izan ere, premisa batetik abiatu ziren gazte euskaltzaleak: ‘Euskaraz bizi nahi duen, baina ezin duen belaunaldia da gurea’», nabarmendu du sareak.

Izan ere, «euskararen normalizazio garaiko belaunaldi bezala izendatu dituztela diote, baina ‘mito faltsu’ horrekin hautsi eta euskaran aurrera pausuak ematea beharrezkoa» dela azpimarratu dute.