NAIZ

Israelek gasa atera nahi du Gazatik, Palestinako Aginte Nazionalarekin eta Egiptorekin

Benjamin Netanyahu lehen ministro israeldarrak jakinarazi duenez, gasa erauzteko proiektua abiatu nahi dute Gazako kostaldean, Palestinako Aginte Nazionalarekin eta Egiptorekin batera. 2007tik lurrez, urez eta airez blokeatua du Israelek Gaza. Bertan agintzen duen Hamasek iragarpena gaitzetsi du.

Gazako kostaldean Gaza Marine gas eremua sustatzea erabaki dutela iragarri du Benjamin eatanyahu Israelgo lehen ministroak.
Gazako kostaldean Gaza Marine gas eremua sustatzea erabaki dutela iragarri du Benjamin eatanyahu Israelgo lehen ministroak. (Ohad ZWIGENBERG | AFP)

Israel, Egipto eta Palestinako Aginte Nazionala «Palestinako garapen ekonomikoa eta eskualdeko segurtasuna» bultzatzen saiatzen ari direla eta ahalegin horretan Gazako kostaldean Gaza Marine gas eremua sustatzea erabaki dutela iragarri du Benjamin Natanyahu Israelgo lehen ministroak.

Agiri batean azaldu duenez, «Egiptorekin zuzenean hitz egiten» ari dira, segurtasun zerbitzuak koordinatzen, baita Palestinako Aginte Nazionalarekin lanean ere, eta horri lotuta dago proiektua.

Israelek itsasoz, lurrez zein airez blokeaturik dauka Gaza 2007tik. Hamas talde islamistak kontrolatzen du gunea gaur egun, eta gaitzesi egin du Netanyahuren iragarpena, gasa lortzeko ez duela «inoren baimenik behar» erranez.

«Ez dugu onartuko okupazioak Gazako gasaren arazoa xantaiarako baliatzerik, ezta akordio politikoak edo segurtasunarekin lotuak onartzeko ere», azpimarratu du Hazem Qasem taldeko bozeramaileak.

2007an hartu zuen agintea Hamasek Gazan, eta Palestinako Aginte Nazionalak boterea galdu zuen bertan. Zisjordania okupatuko toki batzuetan agintzen du orain.

Pobrezia eta prekaritatea

Europar Batasunak eta Ameriketako Estatu Batuek bezala, talde terroristatzat hartzen du Hamas Israelek eta duela 15 urtetik blokeo gogorra ezarri du Gazan, merkataritza gogor murriztuz eta Zerrendara pobrezia, prekaritatea eta kalte ekonomiko handiak ekarriz.

Israelgo prentsak jakinarazi duenez, Palestinako Aginte Nazionalak eta Israelek akordio bat negoziatu dute Gazan gasa ateratzeko. 2014an gas naturalaren erreserba bat deskubritu zuten Gazako hondartza batetik ehunka metrotara, eta orain azterketak egin beharko lituzkete ur horietan zenbat gas dagoen jakiteko.

«Aukera bat»

Israelek argudiatu duenez, gasaren egitasmoa, aspaldi planteatzen ari den kontua, «tokiko ekonomia bultzatzeko aukera bat» izan daiteke, Hamasen onarpen zuzen edo zeharkakorik gabe aitzinera eramatea zaila izanen den arren.

Fatah alderdia buru duen Palestinako Aginte Nazionala eta Hamas Palestinan agintea lortzeko lehian ari dira 2007tik. Orduan, islamistek hauteskunde legegileak irabazi eta urtebetera, batasun nazionalaren gobernua hautsi egin zen.

Ahulduta egon arren eta Gazan hagitz eragin mugatua izan arren, Palestinako Aginte Nazionala da Israelek eta nazioarteko komunitatearen parte handi batek onartzen duten solaskide palestinar bakarra.