Europako tenperaturak 2,3 gradu egin du gora industrializazio aurreko garaitik (1850-1900). Mundu mailan 1980 hamarkadatik hona izan zen berotzea baino bi aldiz azkarragoa izan da Europakoa, gaur Nazio Batuen Erakundeak (NBE) eta Copernicus programa europarrak jakitera eman dutenez.
Berotegi-efektua eragiten duten gasen ondorioz mundu mailan 1,2 gradu egin du gora tenperaturak. «Europa azkarren berotzen ari den munduko eskualdea da», nabarmendu du Nazio Batuen Mundu Erakunde Meteorologikoko (OMM) idazkari orokor Petteri Taalesek.
Azaroan OMMk adierazi zuenez, Europan hamarkada bakoitzeko gradu erdia igo da tenperatura. Hau da, munduan dauden beste bost eskualde meteorologikoetan izan den igoeraren bikoitza.
Lehorteak, suteak eta bero-boladak
Europako zatirik handienean «tenperatura altuek lehorteak areagotu eta zabaldu dituzte, basoetan sute izugarriak eragin dituzte eta uda partean milaka hildako eragin dituzte», gaineratu du Taalasek.
Gauzak horrela, Europan izan diren arrisku meteorologiko, hidrologiko eta klimatikoek 156.000 lagunengan eragin zuzena izan dute eta 16.356 hildako eragin dituzte, ia guztiak bero-boladengatik.
1980. urtetik hona, hondamendi meteorologikoek (bero-boladak, uholdeak...) 195.000 pertsonaren heriotza eragin dute, Europako Ingurumen Agentziak (AEE) iragan astean jakinarazi zuenez.
Kalte ekonomikoak, gehienbat uholdeei eta ekaitzei lotutakoak, guztira bi mila milioi dolar inguru izango dira 2022rako, aparteko uholdeen ondoren 2021eko 50.000 milioietatik urrun.
Txostenean ere itxaropenerako tartea bada: iaz Europan, lehen aldiz, energia berriztagarriek (%22,3) erregai fosilek (%20) baino elektrizitate gehiago ekoiztu zuten.