NAIZ

Donostian laborategiko haragia ekoizteko eraikitzen ari diren planta arbuiatu du EHNEk

Donostian eraikitzen ari diren laborategiko haragia ekoizteko plantaren aurkako mobilizazioa egin du EHNEk. Herritarra «patenteen menpe bizitzera» bultzatuko duela eta biodibertsitatea arriskuan jarriko duela ohartarazi du.

Eskuzaitzetan eraikitzen ari diren laborategiko haragiko plantaren aurka mobilizatu da EHNE sindikatua
Eskuzaitzetan eraikitzen ari diren laborategiko haragiko plantaren aurka mobilizatu da EHNE sindikatua (Jon URBE | FOKU)

Laborategiko haragiak «patenteen menpe bizitzera» bultzatzen duela salatuta, elkarretaratzea egin du EHNEk ostegun honetan Eskuzaitzetan, Donostian, eraikitzen ari diren plantaren aurka. Diotenez, menpekotasun horrek mendeetako ezagutza, diodibertsitatea, eta pasaia «kolokan» jar ditzake.

Gainera, elikadura subiranotasunean sortuko duen arrakala «nabarmena» izango dela ohartarazi du Euskal Herriko Nekazarien Elkarteak. Izan ere, patenteetan oinarritutako elikadurak «berdintasunik, ingurumen edo pertsona osasuntsurik» ez duela bermatuko uste dute.

Halaber, haragi mota hau animalien ongizaterako onuragarria edo klima aldaketari alde egiteko baliagarria dela dioen diskurtsoak «hutsuneak» dituela esan dute. Batetik, zelulen ugalketa araututa ez dagoenez, minbizidun zelulak ere sar daitezkeela ohartarazi dute. Klima aldaketari dagokionez, nekazarien arabera, planta hauek CO2 isurketa handiagoa egiten dute.

Bestalde, Euskal Herriko administrazioek «horrelako eraso» baten aurrean «isil-isilik» jarraitzen dutela nabarmendu dute.

Horregatik guztiagatik, «ahalik eta gertukoen» diren elikagaien ekoizpena sustatzeko dei egin dute, «bioteknologiaren erabilera ekonomiko makurren mugetatik kanpo gelditzen dena».

«Baserritarrok sortzen ditugun onurarik ez du ematen laborategiko haragiak. Ozen esan nahi dugu ez dela sozialki bideragarria, ez diola ingurumenari onik egiten eta gutxi batzuen patrikak bakarrik beteko dituela usteko haragi horrek. Ezin da horrelako industria erraldoirik sustatu! Ez hemen, ez inon!!», aldarrikatu dute.