Euskal Herrira Mundura’ leloa zuen panelaren gibelean agerraldia egin dute, gaur goizean, Gure Eskuko ordezkariek Hendaiarekin lotura egiten duen Irungo Etorbidea zubian.
2021az geroztik itxita dagoen zubian Euskal Herriko ikurrak ezarri dituzte, uztailaren 1,2,3 eta 5ean Euskal Herritik igaroko den Tourraren kari, besteak beste, «Bidasoa ez dela muga, zubia baizik», aldarrikatzeko asmoa dutelako, herri dinamika horien bozeramale Josu Etxaburuk argitu duenez.
Gure Eskuk Tourrak nazioartean duen oihartzuna probestuko du «Euskal Herria zazpi lurraldez osatuta herria dela eta gure etorkizuna libre erabaki nahi duela» munduaren aurrean agertzeko», gaineratu du Etxaburuk.
Txirrindularitzaren festa handiarekin bat eginez, hainbat ekimen antolatu ditu Gure Eskuk.
Hala, ‘Euskal Herriak Erabaki-Basques Decide’ leloa duten 60.000 ikurrin banatuko ditu.
Ekainaren 29ra bitartean Gure Eskuren online dendan ahalko dira eskuratu edota herriz herri dinamika honek dituen taldeengana zuzenduta.
NAIZen gunean ere eskura izanen dira ikurrinak
Tourraren denboran, berriz, Fanzone delakoan ere ahalko dira ikurrin berezi horiek manatu, hala nola NAIZ eta ‘Berria’ guneetan, kuestazioan, eta uztailaren 3an karabanan.
«Ikur horiek eskuan errepide bazterretara» ateratzeko deia egin du Gure Eskuk, baita etxeko balkoietan ere erabakitzeko eskubidearen aldeko ikurrinak jartzeko gonbidapena zabaldu, 1940an naziek frankisten atzaparretan Lluis Companys presidente katalana entregatu zuten zubian bertan eginiko agerraldian.
Horretaz gain, mila makildun ikurrin banatuko ditu Gure Eskuak Grande Boucle deritzona Euskal Herrian izanen den egunetan.
Hala, ‘1.000 ikurrin baietz’ erronkari bide emanen dio Gure Eskuk uztailaren 29an, txirrindularitza taldeen aurkezpen ekitaldian eta uztailaren 1ean, Bilbon, uztailaren 2an Gasteizen aurreikusitako irteeran eta Donostian izanen den helmugan, eta uztailaren 3an Zornotzako irteeran, Baionako helmugan eta, egun berean, Bidasoan antolaturiko ekimenean.
Kalejira Irungo frontoitik Santiago zubiraino
Uztailaren 3an, ibaiaren «bi aldeetan euskaldunak bizi garela eta aldarrkapen ugari dituen herria garela erakusteko» ekimen berezia antolatu du Gure Eskuk.
12.00etan Irungo Santiago auzoko frontoian eman dute hitzordua eta bertatik Santiago zubiraino kalejira egingo dute Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoekin, erraldoi eta buruhandiekin eta beste hainbat musikarirekin, Etxaburuk zehaztu duenez.
Euskal ikurraren inguruan sorturiko erronka borobiltzearren, uztailaren 1, 2 eta 3an gureesku.eus webgunearen bidez izena emango dutenen deituraz «inoiz egin den ikurrinarik erraldoiena» sortzeko asmoa agertu du erabakitzearen aldeko dinamikak. Uztailaren 1ean, Bakion ikusgai izanen da, 2an Larraitzen eta 3an Urruñan.
Finean, ekainaren 28an, Tourra kari Euskal Herrira bertaratuko diren hedabideei begira sortuko duten prentsa txostena aurkeztuko du Gure Eskuk.