NAIZ

Aldundiak 4 milioi emango dizkio Zumarragan erraustegia egin nahi duen enpresari

UZ Bizi! plataformak salatu du Gipuzkoako Foru Aldundiak 4 milioiko diru partida emango diola Zumarragan plastikoen erraustegi bat eraiki nahi duen Plastic Energy enpresaren filial bati. Aldundiak berak, diru-laguntza emango badu ere, onartzen du multinazionalaren proiektua «ziurgabea» dela.

Plastic Energy enpresak El Ejidon (Almeria) duen instalazioaren argazkia.
Plastic Energy enpresak El Ejidon (Almeria) duen instalazioaren argazkia. (URRRETXU-ZUMARRAGA BIZI!)

Urretxu eta Zumarragako UZ Bizi! plataforma herritarrak jakinarazi du Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Sailak 4 milioi euro emango dizkiola Plastic Energy multinazionalari. Enpresa honek platiskoak erretzeko erraustegi bat eraiki nahi du Zumarragan.

Zehazki, Jose Ignacio Asensiok (PSE) zuzentzen duen Sailak Plastic Energy enpresak sortu berri duen filial bati esleitu dio diru-laguntza, Euskadi Advanced Recycling SL. Herri plataformaren susmoa da multinazionalak espreski sortu duela filial hori, laguntza jaso ahal izateko.

Halaber, ohar baten bidez salatu du «dirutza» hori ematea erabaki duela Aldundiak, nahiz eta enpresak berak emandako dokumentazioaren arabera «gabezia asko» identifikatu dituzten.

Aldundiaren txostenak adierazten duenez, Plastic Energy bakarrik aurkeztu da 11 milioi euroko partida batera eta, baina 4 milioi soilik eman dizkio multinazionalari, aurkeztutako dokumentazioaren «zehazgabetasuna» dela eta. Txostenean adierazten da, gainera, zenbait «akats juridiko administratibo eta tekniko» dituela proiektuak eta legeak eskatutako hainbat baldintza ezin zirela egiaztatu.

Hala, Foru Aldundiak hainbat gabezia identifikatu ditu Plastic Energyren proiektuan, zehazki, hauek aipatzen ditu, beste batzuen artean: «Ez da zehazten plastikoa nondik aterako duten, ezta zein plastiko mota ere»; «ez da zehazten zer egingo duten sorturiko pirolisi-oliarekin»; «kronograma eta aurrekontua ez daude oso zehaztuta»; «ez da agertzen enpresarik beraien produktua erosteko konpromisorik duenik» eta, ondorio modura, Aldundiak dio proiektuak «nolabaiteko ziurgabetasun-sentsazioa» sortzen duela haren garapenari eta etorkizuneko bideragarritasunari buruz.

Honenbestez, UZ Bizik honakoa adierazi du: «Plastic Energyren erraustegia mehatxu bat da ez soilik ingurumen eta herritarren osasunean eragin dezakeen kalteagatik, baita ekonomikoki suposa dezakeen galeragatik ere. Datu guztien arabera, ez dago bere bideragarritasuna bermatuta eta diru publikoa etengabe injektatu beharko zaiola aurreikusten du enpresak ere. Hau da, enpresaren asmoa da herritarrek beraiek finantzatzea beraien osasuna arriskuan jarriko duen erraustegia. Onartezina da. UZ Bizitik lanean segiko dugu proiektua erabat gelditu arte».