«Euskalkiak euskararen normalizazioaren ‘neba-arreba’ txikia dela ematen du eta benetan horietan dagoen aberastasuna gehiago kontuan hartu beharko genukeela uste dugu», aipatu dute Bilbon Berbategia.eus webgunearen sortzaile eta sustatzaileak. Honen atzean Patxi Alaña dago, proiektuaren koordinatzailea, eta Zazpikaleetako Burtsa eraikinean beraien lanekin webgunea ‘hornitu’ dute ikertzaile batzuk izan ditu ondoan: Iñaki Gaminde, Euskal Herri osoko, baina batez ere Bizkaiko euskalkiak, aztertu dituena; Juan Martin Elexpuru, batez ere Elorrio eta Bergarako euskarari buruzko bi libururen egilea; Koldo Diegez, meteorologia arloko terminologia bildu duen irakaslea eta Angel Larrea, Juan Rekalderekin batera, Arratiako terminologia jaso duen hiztegiaren egilea.
«Berbategia.eus-en herrietan hainbat ikertzailek urte luzetan jaso izan dituzten hitzak, esaerak... biltzen ari dira. Orain arte, 23 hiztegi igo dira, eta herri desberdinetan kaleratutako hiztegiak biltzen ari dira era berean. Horietatik gehienak herri ezberdinetako euskara jasotzen dute. Guztira, 63.000 erregistro baino gehiago, hainbat euskalkitan.
Bilaketa modu askotara egin daiteke: hitzaren arabera, euskalkiaren arabera, hiztegiaren arabera eta agian bereziena, multzoaren arabera. Multzo horien atala, esaterako, erabilgarria suerta daiteke oso euskara ikasleentzat : ‘gorputza’ multzoan klikatuta, esaterako, hainbat euskalkiak eskura izan daiteke.
Arratian, genero markatzaileak?
Iñaki Gaminde Euskaltzain urgazlea eta unibertsitateko irakasle ohia herriz herri ibili da –«Eskiulatik Lanestosaraino», aipatu du era grafikoan– hiztegia eta gramatika biltzen. Orain 42 urte hasitako lana hainbat liburuetan islatu du, baita ere webgune berri honetan. 50 urtetik gorako belaunaldiko lekukoak elkarrizketatu du baina, baita ere 30 urtetik beherakoak, kezka batek bultzatuta: «Norantz joan daiteken euskara eta norantz euskalkiak?».
Norantz doazen baino, gure galdera, zein egoeran daude egun euskalkiak? Egokitu al dira garai berrietara? «Euskarak daukan egoera bera dute –Gaminderen erantzuna–. Begira, sumediara ez da mugitu desagertu zenetik, latina bezala. Beraz, mugitu ez den hizkuntza desagertzen da. Kontua da norantz mugitzen den eta, guk euskaldunok, nahikoa egiten dugu. Esaterako, gu beti gaude atzera begia, baina gaur egun, Arratian edo Gernika inguruan, eta hainbat lekuetan ere, genero markatzaileak daude. Esaterako, neskek dena egiten dute ‘tz’, eta mutilek ‘tx’. Orduan neskek esaten dute ‘tzakurre’ eta mutilek ‘pentxetan’, herri berean. Ondarrun ‘zezea’ egiten dute neskek, baina ez euskal ‘z’ erabilita, baizik ‘Badajoz’ bezalako ‘z’rekin. Genero markatzaile batzuk daude; tribua markatzen den bezala, hizkuntza erabilita. Hori txarra da? Nik uste dut ezetz, hori da euskararen osasunaren seinale. Lehen ‘ts’ galdu zen bezala Bizkaian, beste aldaketa batzuk daude».
Halere, Juan Martin Elexpuru idazle eta ikertzaile bergararra ezkor azaldu da. Itzultzaile autonomatikoekin kezkati: «Itzulpenak oso erraz egiten dira, itzultzaile neuronala eta abarrekin, eta egia da, ondo itzultzen dute eta bizkor, baina horrek sinonimia zisko egiten du. Automatikoa sinonimo bakarra hautatzera joaten duelako, eta hor arriskua». Hizkuntzaren etorkizuna: «Nik uste dut hizkuntza pobretzera doala eta, honekin batera, behar bada mentalitatea ere bai».