NAIZ

Jaietan eraso sexistak prebenitzeko saio informatiboak antolatu dituzte Emakundek eta Eudelek

Arabako udaletako politikariak eta teknikariak bildu dira ostiral honetan Emakunde eta Eudeleko ordezkarirekin, udan jai eremuetan eraso sexistak prebenitzeko. Gauza bera egingo dute ekainaren 26an eta 27an Bizkaian eta Gipuzkoan.

Elgarresta eta Melgosa, Gasteizen egindako bileran.
Elgarresta eta Melgosa, Gasteizen egindako bileran. (IREKIA)

Emakundek eta Eudel EAEko Udalen Elkarteak hiru saio antolatu dituzte udal eratu berrietako politikariekin eta teknikariekin, udan jai eremuetan eraso sexistak prebenitzea sustatzeko. Lehen bilera ostiral honetan egin da Gasteizen, Arabako udalekin, eta ekainaren 26an eta 27an beste bi bilera egingo dira Bilbon eta Donostian, hurrenez hurren, lurralde bakoitzeko udalekin.

Lakuako Berdintasuneko, Justiziako eta Gizarte Politiketako sailburu Nerea Melgosak, Emakundeko zuzendari Miren Elgarrestak eta Gordexolako alkate Angela Eguiak, Eudelen ordezkari gisa, eman diote hasiera bilkurari, eta bi zati izan ditu: lehenean, jai eta aisialdi inguruneetako indarkeria sexistaren kontzeptu esparrua azaldu da, eta, bigarrenean, udal ordezkarien parte-hartze aktiborako talde dinamika egin da.

Melgosak gogorarazi du prebentzioa oso garrantzitsua dela udan herri eta hirietan ospatzen diren jaiei begira, eta administrazio guztiek arlo horretan koordinatuta lan egitea. Sailburuaren hitzetan, «jaiak antolatzen hasten diren lehen unetik jaiak emakumeentzako gune seguruak izan behar direla beti gogoan izatea nahi dugu». «Ez jaiak, ez alkoholak, ez dute justifikatzen pertsonekiko errespetuan oinarritzen ez den jarrerarik», gaineratu du. Nabarmendu du, halaber, herri askotan aurrerapauso garrantzitsuak eman direla arlo horretan azken urteotan.

Bestalde, Emakundeko zuzendari Miren Elgarrestak udalei gogorarazi die aste honetan bertan prebentziorako eta sentsibilizaziorako materiala bidali zaiela jaiei begira. Zehazki, Emakundek Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundien eta Eudelen laguntzarekin bultzatzen duen Beldur Barik programaren esparruan.

Azkenik, Gordexolako alkate Angela Eguiak adierazi duenez, herriko jaien hasiera honetan, udal ordezkari gisa, une egokia da jaietan arreta jartzeko, auzokideentzako berdintasunezko bizikidetza eta aniztasunerako ospakizun gune gisa. Era berean, adierazi du espero duela tailer hauek udaletako udaletako estrategiak eta protokoloak indartzen laguntzea, herriko jaietan indarkeria matxistako egoerak prebenitzeko eta horiei arreta emateko.