Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea

Barkatu, ez zait interesatzen

Telefono spama bukatu egingo omen da egun batzuetan, legeak hala aginduta. Eskerrak. Kokoteraino nago ezezagunen errietak jasotzeaz. «Ez al duzu dirua aurreztu nahi?». «Entzun gutxienez kontatuko dizudana, sekulako abantaila da zuretzat». «Bi minutu ez dizkidazu eskainiko?». «Zein hizkuntza da hori? Ez dakizu espainolez edo? A zer edukazioa!». «Dirua sobera izango duzu, ezta?». Galdu ditut telebistak, bizikleta estatikoak, lapikoak, tabletak, oliorik gabeko frijigailuak.... horiek denak oparitu nahi zizkidaten eta nik, tuntuna, ezetz esan.

Esan diet, lasai zein haserre, ez deitzeko gehiago, ez zaidala interesatzen, ez galtzeko denbora alferrik, ez lata emateko, ez daukadala kasurik egiteko asmorik. Eta, hala ere, alferrik. Deitzen segitzen dute, gero eta erasokorrago, gero eta haserreago, eta niri zerbait saltzeko gero eta aukera gutxiagorekin.

Berdin da lan egun edo jai egun, berdin goiza edo gaua. Maite dituzte gehien molestatzen duten tarteak; bazkaldu eta gero sofan esertzen zaren unea; dutxa betean zauden momentua; zartagina sutan daukazunekoa; presaka etxeko atea ixtera zoazen unea.... Ez dakit zein radar klase daukaten presa daukazula, umore txarrez zaudela, eguna aldrebes doala detektatzeko. Orduantxe, ttak, deitzen dute.

Bada, nonbait, aurrerantzean ez digute deituko, ez bada guk baimena ematen dugula aurretik. Bake ederra.

Baina, pentsatzen jarrita, telefono spamak deitzailearen eta jasotzailearen artean sortzen duen harremanak merezi du arreta pixka bat jartzea.

Deitzen duenak sekulako lata ematen du. Pisua da, errepikakorra, tematia, erasokorra, ez du entzuten... zergatik? Horrelakoa da eta lata ematea maite du? Ez da izango lan oso prekarioa duela eta dei bakoitzean topatu behar duela bizitzeko modua? Bere soldata dei horien segundoetan neurtzen ote da? Ezin dut sinetsi inori gozagarri zaionik horrela aritzea.

Eta, bestetik, deia jasotzen duena beti dabil presaka, haserre, egun aldrebesarekin, momentu txarrean. Deitzaileak hori detektatzeko gaitasuna dauka edo beti gabiltza arrapaladan? •