NAIZ

Zezenketen kontrako elkarretaratzea egin dute Iruñeko Udal Plazan

Zezenketen kontrako elkarretaratzea egin dute Iruñean.
Zezenketen kontrako elkarretaratzea egin dute Iruñean. (FOKU)

«Gu ere Iruñekoak gara eta guk ere Sanferminak gozatzen ditugu. Baina argi esaten dugu badela garaia Iruñean zezenketak behin-betiko amaitzeko. Bigarren urtez elkartu gara Iruñeko hainbat talde, kolektibo, kultur eragile eta beste zenbait norbanako zezenketen aurka dugun jarrera publiko egiteko. Iaz 50 atxikimendu baino gehiago bildu zituen irakurketa argira atera genuen. Bertan aipaturiko aldarriak ekartzen ditugu gaur Iruñeko Udaletxe plazaraino. Hemen gaude zezenketen aurka dugun jarrera berresteko eta berriro ere hainbat eskaera plazaratzeko», nabarmendu dute gaur Iruñean zezenketen kontra egin duten elkarretaratzean.

«Zezenen bizitzek errespetua merezi dute. Zezenak ez dira gu dibertitzeko jaio. Sanferminen aitzakiapean eragiten zaien sufrimendua bidegabea da. Argi dugu Sanferminetan hamaika alternatiba ditugula jaiaz gozatzeko. Iruñean guztiontzat askatzaileak diren jaiak nahi ditugu; hain zuzen, inor zapaltzen ez duten jaiak. Horregatik, zezenketek ez dute tokirik jai eredu honetan eta horiekin amaitzea ezinbestekoa da», gaineratu dute.

Gauzak horrela, eskaera hauek egin dituzte: «Udalari eskatzen diogu zezenketarik gabeko Sanferminen aldeko apustua egitea eta zezenketak egitarautik kanpo uztea. Peñak animatu nahi ditugu jada hasita duten zezenketen inguruko barne-hausnarketan aurrera egin dezaten, haiek zezenplazan duten papera erabakigarria baita eztabaida honetan. Iruñeko Herri Mugimenduari eskatzen diogu aldarri hauek bere egiteko eta zezenketen aurkako jarrera hartzeko. Azkenik, iruindar orori dei egiten diogu zezen-plazara joateari utz diezaion».