Zuriñe Iglesias
Kazetaria, kirol informazioan espezializatua / Periodista, especializada en información deportiva

Leyre Fernandez Osasunako jokalariak erretiroa hartu du hamabost urtez futbolean jokatu ostean

Nafarrak Osasunan eman zituen lehen pausoak, eta bertan amaitu du bere kirol ibilbidea, 31 urterekin. Tartean Zaragozan, Realean eta Eibarren ere jokatu du. Patricia Zugastik, Maria Gonzalezek, Mar Torrasek eta Jaione Larraiotzek ez dute klubean jarraituko. Bestalde, klubak Yaiza Relea fitxatu du.

Leyre Fernandez orain dela bi denboraldiko gol bat ospatzen.
Leyre Fernandez orain dela bi denboraldiko gol bat ospatzen. (@Osasuna)

Leyre Fernandez Osasunako jokalariak erretiroa hartuko zuela iragarri zuen atzo bere sare sozialetan. «Nork esango zion sei urteko Leyreri bere bizitzako ametsa betetzera zihoala, etxeko plazan jokatzen zuela bere anaiarekin eta lagunekin. Ez luke sinistuko», nabarmendu du erdilari nafarrak.

 

Fernandezek adierazi du iritsi dela momentua «agur esateko Osasunari, eta hainbeste eman dion kirolari». 11 urterekin hasi zen futbolean jokatzen Osasunan, eta 31rekin etxean amaitu du bere kirol ibilbidea. Haren hitzetan, «harro egoteko modukoa da hamar denboraldietan elastiko gorria jantzi izana».

2008-2009 sasoian egin zuen salto gorritxoen lehen taldera, eta bost denboraldiren ostean, lehen mailara jauzi egin zuen: Zaragozan sasoi bat egin zuen, Realean lau, eta Eibarren bat –Bigarren Mailan–. Bukatzeko, 2019-2020 sasoian berriro itzuli zen Osasunara, 27 urte zituela.

Azken denboraldietan Fernandezek klub gorritxoan pisua izan du. Are gehiago, Mai Gardek erretiroa hartu zuenean. Kapitainaren besokoa eraman du geroztik, baina sasoi honetan ez du askorik jokatu, zenbait lesio izan dituelako. Larriena, orkatilan izan zuena; lau hilabetez egon zen geldirik.

Klubean aldaketak

Osasunan aldaketak ematen ari dira. Pasa den astean iragarri zuten Mai Garde izango zela klubeko kirol zuzendaria, eta Josu Dominguez taldeko entrenatzaile berria. Bestalde, atzo Fernandezek erretiroa hartuko zuela iragarri zuen, eta gaur jakin da beste lau jokalarik ez dute talde gorritxoan jarraituko.

Klubak jakinarazi du Patricia Zugasti aurrelariak ez duela Osasunan jarraituko, klubak egindako eskaintzari ezezkoa eman ostean. Harez gain, Maria Gonzalezi, Mar Torrasi eta Jaione Larraiotzeri kontratua amaitu zaie, eta ez dute taldean segituko.

Bestalde, Nahia Azpiazu eta Ainhoa Guallar harrobiko jokalariek gorengo taldearekin egingo dute denboraldiaurrea.

Relea aurrelaria fitxatu du Osasunak

Yaiza Relea aurrelaria fitxatu du Osasunak. Gaur arratsaldean eman du klubak horren berri. S.E.AEM Lleidako taldetik dator. Denboraldi honetan zortzi gol eskuratu ditu madrildarrak, eta taldeko pieza garrantzitsuetako bat izan da.

Rayo Vallecanoko harrobian hasi zuen bere kirol ibilbidea, 2013an, eta talde horrekin lehen mailan debutatu zuen. 2016. urtera arte bertan egon zen, eta ondoren, beste hainbat taldetan egon da: Betisen, Albaceten, Espanyolen, Pozuelo de Alarconen, eta Gran Canarian.