Iraitz Mateo
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Egiari Zor: «Estatu krimenen egia osoa behar dugu»

Ekitaldia egin zuen Egiari Zor Fundazioak atzo, Torturaren Aurkako Nazioarteko Egunean. Ekitaldirik ez egiteko Lakuaren «justifikazioa» kritikatu zuen eta biktimen erreparaziorako aitortza eta egia exijitu zituen.

Egiari Zor Fundazioak, atzo, Torturaren Aurkako Nazioarteko Egunean, Donostian egindako   ekitaldia.
Egiari Zor Fundazioak, atzo, Torturaren Aurkako Nazioarteko Egunean, Donostian egindako ekitaldia. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Torturaren Aurkako Nazioarteko Egun gisa izendatua du atzokoa Nazio Batuen Erakundeak; Lakuako Gobernuak, baina, nahiago izan zuen ekitaldi ofiziala bertan behera utzi «alderdiek erabil ez zezaten». Egiari Zor Fundazioak ekitaldi propioa egin zuen, erabaki hori kritikatuz eta Estatuaren indarkeriaren biktimei egun hori eskaintzeko. La Cumbre jauregitik metro gutxira egin zuten ekitaldia, Estatuaren indarkeriari zuzenean lotuta geratu den tokitik gertu, hain zuzen ere.

Memoria Demokratikoaren Legearen arabera, Estatuaren Biktimentzako Memoria gune bihurtu behar du La Cumbre jauregiak, eta atzoko ekitaldia hori aldarrikatzeko ere baliatu zuten. Gaineratu zuten ekainaren 26a Estatu Indarkeriaren Biktimen Oroimenerako eta duintasunerako eguna dela: «Esanahi hori ematen diogu hala sentitzen dugulako, eta data hau urtero eta ofizialki konmemoratzeko lekua La Cumbrek izan beharko luke».

Egun honekiko Lakuak izandako jarrera kritikatu zuen Pilar Garaialde Egiari Zorreko bozeramaileak; ondoezik sentitu zen ekitaldian zehar eta aurkezleak amaitu zuen Fundazioaren irakurketa, horixe bera azpimarratuz: «Bigarren mailako biktima gisa kokatzen gaituzten inertziak desaktibatu behar dira». Atzoko eguna jarri zuen adibidetzat, eta salatu zuen Lakuako gobernuak «nazioarteko egutegiak markatzen duen agenda instituzionaletik atera» zuela eguna. Aitortu zuen Lakuak «adierazpen irmo bat egitea» espero zuela Fundazioak, «Ertzaintzak eragindako torturen ondoriozko erantzukizunei erreparatuz zein Polizia autonomikoaren komisaldegietan giza eskubideak berriz urratuko ez direla bermatzeko erabiliko diren bitartekoak azalduz». Ez zen halakorik gertatu.

Kontrakoa dioten arren, ekitaldi ofiziala ez egitea bera «alderdi interesei» dagokiola adierazi zuen Egiari Zor Fundazioak eta azken hauteskunde-prozesuan «interesatutako beste polemika bat bultzatu eta kritikatu» izana gaitzetsi zuten, udal webguneak kentzearena, hain zuzen ere: «Gutako askori ematen zitzaien aitortza instituzional bakarra udal webguneak ziren». Eta argi adierazi zuen zerk behar lukeen Lakuaren lehentasuna: «Nazio Batuen Erakundeak adierazten duen egunean aitortza publiko eta instituzionalerako eskubidea bermatzea».

«Gizabanakotik kolektibora, publiko eta sinbolikora» igaro behar duten eskubideak dira biktimen aitortza eta erreparazioa, fundazioaren arabera. Bortxakeria bezalako adierazpenak berriro gertatu ez daitezen, oroimen ekimenak instituzionalizatzeak eta izaera publikoak, biktimen duintasuna eta oroimena berreskuratzen laguntzen duela adierazi zuen. Halaber, euskal gizarteak azken urteetan giza eskubideen defentsari eta errespetuari dagokionez izandako bilakaera positiboa txalotu zuen, baina salatuz Balorazio Batzordeak ez duela baliabide nahikorik: «Erreparaziorako neurriak murritzak dira eta biktimentzat justizia lortzea ezinezkoa da».

Biktimen eskakizuna: justizia-esparru demokratikoa

Juan Alberto Belloch ministro ohiak esandakoak ere gogoratu zituzten, eta Estatuaren babesean egindako giza eskubideen urraketak ukatzea edota justifikatzea «oso larritzat» jo zuten. Justifikazio horien aurrean biktimen beharra argi azaldu zuten: «Biktimok behar duguna da konpromiso sendoa Estatuko krimenen inguruko egia osoa ezagut dadin, krimenen ondoriozko erantzukizunak zehazteko eta bizikidetza demokratikorako agertoki integral batera iristeko ahalbidetuko duen justizia esparru bat lortzea».