Filmategiak bere artxiboan daukan txirrindularitzari buruzko material guztia bere web orrian irekian jarri du, Tour-a Euskal Herritik igarotzen dela ospatu eta kirol honen zaleak omentzeko.
Filmategiaren atariko ‘Funtsak’ atalean kontsultatu ahal izango dira ‘Txirrindularitza’ bilduma osatzen duten 90 film amateurrak, partikularrek filmatuak eta Filmategian digitalizatu, dokumentatu eta katalogatu direnak. Joan den mendeko 20 eta 80 urteen bitartean egindako filmazioak dira eta bertan ikus daitezke amateurren lasterketak, Tour-eko etapak eta Euskadiko Sei Orduak, besteak beste.
Pelikula zaharrena 20. urteetakoa da, eta Ricardo Bastida arkitektoaren familiak utzi dio Filmategiari. Jendea mendate batean txirrindulariak noiz igaroko zain ikusten da irudi horietan.
Aipagarria da baita ere ‘V Gran Premio Bicicleta Eibarresa’ (1956) filma, Eibarko Udalak utzia eta Filmategiak zaharberritua.
Gainera, profesionalen, amateurren eta kadeteen lasterketen filmazio asko ikus daitezke; Donostian eta Lasarten 1965ean egindako munduko txirrindularitza-txapelketetako irudi batzuk; Tour-eko etapak Euskal Herria eta Pirinioak zeharkatzen; edo Vueltako etapen irudiak Donostian bukatu zenean, besteak beste.