Iker eta Eneko Pou anaiek beste zirkulu bat ixteko aukera izan dute. Alpinista gasteiztarrek enegarren proiektua biribildu dute. ‘Lau elementuak’ izena zuen azkenak. Naturaren lau elementuri azpimarra jarri nahi izan diote. Lau izen eta lau helburu: sua, airea, lurra eta ura.
Lau elementu horiek lotu dituzte; hots, arrakasta izan dute. Eta horretako sei urteko joan-etorriak behar izan dituzte. Luzatu da, bai, baina gogoratu behar da tartean pandemiak harrapatu dituela. Erronka horren lehen urratsa (airea) 2017. urtean egin zuten. Patagoniara bidaiatu zuten, eta Guillaumet erpinean ‘Aupa 40’ bidea sortu zuten. Ondoren, bigarren etapa (ura) heldu zen. Urte berean, Amazonas oihanen dagoen Gocta ur-jauzian ‘Yaku Mama’ri forma eman zioten. Hirugarrena (sua) 2018.ean iritsi zen. ‘Leve Leve’ du izena Sao Tome eta Principe uhartean zabaldutako marra.
Eta laugarrena eta azkena (lurra) Karakorumeko mendilerroa izan du geltokia. Pou anaien azken espedizio horretan Fanny Manners eta Andres Marin izan dituzte sokakide. Lehenbizikoa britainiarra; bigarrena, berriz, sortzez kolonbiarra, baina Ameriketako Estatu Batuetan bizi da.
Pakistango mendilerro horretan, denera, sei bide berri ireki dituzte. Eta horietatik guztietatik batek protagonismo handiagoa izan du. Manners-ek eta arabarrek soka gerrira lotu eta Trango II dorrean (6.320 m) bide alpinoa sortu zuten: ‘Waa Shakil’ (6b, 70º, M5, 2.200 m).
Marra horren ezaugarriei dagokienez, aurreratu behar da alpinistok arrokan hogei luze eskalatu zituztela; hain zuzen ere, ertz estetiko bat jarraitu zuten. Arrokaz gain, mistoa eta izotza ondo kudeatu behar izan zuten. Estilo alpinoan eginiko jarduera honek hiru egun eskatu zizkien, eta amaiera mendebaldeko gailurrean izan zuten.
Protagonistek adierazi dute neguko baldintza gogorretan egin zutela: hotza, haizea, elurra… Hori gutxi ez, eta tontorrean ekaitz batek harrapatu zituen: «Jaitsiera epikoa izan zen. Oso-oso gaizki pasa genuen. Elur-jausi asko zeuden. Hatzak zein behatzak izoztuta genituen; edozer gauza gerta zitekeen. Bizirauteko gogor borrokatu genuen, eta, zorionez, kanpaleku nagusira onik iritsi ginen».
Beste bost
Trango II dorrean sinatutako jarduera espedizioak izan duen azpimarragarriena izan da. Alabaina, beste eskalada batzuk egiteko aukera izan dute. Manners eta Marinekin, girora egokitzen ari zirela, Little Trangon (5. 700 m) ‘Dommage pas de Fromage’ (6c, 250 m) zabaldu zuten. Egun haietan Alpeetan zendutako Line Van den Berg kideari eskaini zioten.
Ondoren, Manners-ekin, beste bi sortu zituzten: ‘The Pretty, The Bad and The Ugly’ (7a, 230 m) eta ‘The Primer Minister’ (6c, 205 m). Horrekin guztiarekin batera, ekinaldi on bat egin zuten Trangoko Dorre Nagusiko (6.286 m) ‘Amerikarren’ bidean. Elur-jausien arriskuengatik eta arrokak zuen izotz geruzarengatik, gailurretik 200 metrora atzera egin zuten.
Atsedena hartu ordez, alpinistok beste eskalada batzuekin aurrera jarraitu zuten. Andresek eta Enekok ‘La ilusion alpina’ (6c, 200 m) ireki zuten bitartean, Manners-ek eta Ikerrek ‘More Than an Addiction’ (6b, 200 m) sortu zuten.
Eta espedizioari amaiera emateko, 5.100 metroko garaiera duen eta igo gabe zegoen orratz batean ‘Always Elurra’ (7a+, 260 m) zabaldu zuten. Azken hori Manners kideari eskaini zioten: «Emakume alpinisten belaunaldi berriaren lekukoa hartu du, eta indartsu hartu ere. Eskalada askotan aurretik joan da, eta erakutsi du sasoia eta maila tekniko handia dituela. Oso harro gaude Fay-rekin».
‘Lau elementuak’ egitasmoa amaitu da dagoeneko, eta Pou anaiek azken hausnarketa bat egin nahi izan dute: «Pozarren gaude makroproiektu hau ixteko aukera izan dugulako. Sei urtez luzatu da, baina pandemiarik, krisirik edo gerrarik gabe uste dugu 2020. urtean bukatuko genuela. Abentura handia izan da. Alpinismoko bide ederrak zabaldu ditugu, eta arrokan ere bai».