NAIZ

Kanadako suteen kea Europara iritsi da

Ekainean oraindik ere kontrolatu gabe dauden sute ugari piztu dira Kanadan eta, orain, bertako kea Europara ere iritsi da. Adituek azaldu dute ez diola kalterik eragiten osasunari, kea ez baitago Atlantikoaz bestaldean bezain baxu.

Kanadako suteak kalte handiak sortzen ari dira.
Kanadako suteak kalte handiak sortzen ari dira. ( HANDOUT | AFP)

Portugalgo eguraldi iragarpenek «ke partikulek ilundutako» zerua eman dute astearterako, Kanadako basoetan oraindik ere aktibo dauden suteak Europan eragina izaten hasi baitira. NASAk astelehenean zabaldu zituen satelite irudien arabera, Quebecetik Ozeano Atlantikoan zehar milaka kilometrotara hedatzen da ke-lainoa.

Kea joan den igandean hasi zen Azores uharteetara heltzen eta astelehenean iritsi zen Europako mendebaldera, Portugalgo Itsaso eta Atmosferarako Institutuaren edo IPMAren arabera. Keak espainiar zein frantziar estatuei eta iparraldeko beste herrialde batzuei ere eragiten die.

Hala ere, azaldu dute Europara iristen ari den kea ez dela osasunarentzat kaltegarria, ez behintzat Kanadan den maila berean. Hilabete honen hasieran AEBetan airearen kalitatearen alerta arriskutsuak eragin zituen ke baxuak ez bezala, Europara iritsi den kea airean gorago dagoela dirudi, 1.100 metrora gutxienez, klima agentzien arabera.

«Kea atmosferan gora doan bitartean, baliteke datozen egunetan egunsenti eta ilunabar biziak sortzea», esan dute Erresuma Batuko Met Bulegoko arduradunek, eta horregatik mugikorreko kamerak prest izateko gonbita luzatu zieten. Frantziar Estatuan zerua errauts partikulen kontzentrazio maila gorenera iritsiko da asteazken honetan, La Chaîne Météo irratiaren arabera.

Galizara ere iritsi da kea, nahiz eta han ere ez den osasunerako kaltegarria. Edonola ere, ikusgarritasunean eragin lezake, adituek jakitera eman dutenez.

Kanada eta Quebec oraindik arrisku larrian

Bitartean, Kanada sutan dago oraindik ere. Aireak ez du eraginik izango Europan, baina Quebeceko eta beste probintzietako suteetatik gertuago dauden pertsonek keari aurre egitea beste aukerarik ez daukate. Astearte goizean, 140 komunitate baino gehiago alerta egoeran zeuden airearen kalitateagatik, Environment Canada agentzia federalaren arabera.

Oraingoz, suteak ez dituzte itzali: Kanadak ia 500 basa-sute ditu piztuta, eta erdiak baino gehiago (258) kontrolik gabe daude, hango Basoko Suteen Aurkako Agentziaren arabera. Ekainaren erdialdean piztu ziren 450 sute inguru. «Dagoeneko, aurten Quebecen erre den lur kopurua 10 aldiz handiagoa da azken hamarkadetan ohikoa izan dena baino», NPRko Nate Rottek astelehenean jakinarazi zuenez.

Keak AEBko ipar-ekialdeko biztanleentzat ere arriskutsua izaten ari da, haizea eta beste baldintza metereologiko batzuk direla medio. Maineko Ingurumena Babesteko Departamentuak alerta ezarri zuen iganderako airearen kalitateagatik, baina gaur egun ez du alertarik indarrean. «Kearekin hainbeste aldagai daudenez jokoan, normalean ez dugu biharamunaz haragoko aurreikuspenik egiten», azaldu du agentziak.