NAIZ

Lolo Encinasek Gipuzkoa Basket utzi eta San Pablo Burgos entrenatuko du

49 urteko entrenatzaile donostiarra 2021/22 denboraldian iritsi zen Bilbao Basket taldetik GBCra. Amaitu berri den denboraldian ACB Ligara igotzeko Lauko Finalerako sailkatu du talde donostiarra eta final handian sartzear ere geratu da, taldean etxeko sei jokalari izanda gainera.

Lolo Encinas, Gipuzkoa Basketekin hutsarte bat gidatzen.
Lolo Encinas, Gipuzkoa Basketekin hutsarte bat gidatzen. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Lolo Encinasek ez du Gipuzkoa Basketeko entrenatzaile postuan jarraituko. ACB Ligara igotzeko Lauko Finalera iritsi zen Gipuzkoa Basket eta Palentziaren aurkako final handia jokatzear izan zen bere taldea. Alabaina, azken minutuetan nekeak, urduritasunak, Justin Jaworski gabe jokatu beharrak eta epaileen zenbait erabakik talde donostiarra final hartatik kanpo laga zuten.

Ordutik bi aste pasa eta gero, asteazken honetan jakin da, esan bezala, Lolo Encinas entrenatzaile donostiarrak ez duela Gipuzkoa Basketeko aulkian segituko Illunben azken bi denboraldian eman eta gero. Datorren urtean ACB Ligara igotzeko faborito nagusienetakoa izango den San Pablo Burgos taldeko entrenatzaile izango da, hain zuzen.

«Etxean entrenatzen igarotatako azken bi denboraldi hauek amets bat betetzea ahalbidetu didate.
Ez da batere erraza zurea den klubetik alde egitea, baina badaude hainbat erronka ezin zaienei ezezkoa eman. Mila esker GBCko familia osoari», idatzi du Lolo Encinasek berak bere Twitter kontuan.

Laguntzaile lanetan Pablo Laso, Sito Alonso, Porfi Fisac edo Alex Mumbruren aginduetara lan egin du Encinasek, baina 2021/22 denboraldian Bilbao Basket laga eta Gipuzkoa Basketera joan zen egun 49 urte dituen entrenatzaile donostiarra, bere garaian Iraurgin egin zuen bezala, lehenengo entrenatzaile izateko. Pasa den sasoian ez zuen taldea play-offetara sailkatzerik lortu, baina aurten, Urrezko LEB Ligako Fase Erregularra zortzigarren amaitu ostean, final-laurdenetara pasatzea erdietsi du eta han Leyma Coruña taldea 1-3 menperatu du, Galiziako lurretan bi partidak irabaztea lortuz eta jokalarien lantaldean sei gipuzkoar txertatuz gainera.

Esan bezala, Burgosko Lauko Fianlean ere lan bikaina egin zuen bere taldeak eta azken partida jokatzetik oso gertu geratu zen. Hala, datorren denboraldian, ACB Ligara itzultzea buruan duen San Pablo Burgos taldea gidatuko du Encinasek.

Ondorioz, azken bi denboraldietako bizkarrezurra goitik behera galdu du bi aste hauetan Gipuzkoa Basketek. Lolo Encinas entrenatzaileak Burgos aldera joatea erabaki aurretik, Aitor Uriondok klubeko kirol zuzendari izateari laga zion, duela bi urte sartu zenean «hala hitzartu» omen zuen-eta Nacho Nuñez presidentearekin. Horrez gain, Ibon Muñoz zuzendari orokorrak ere kluba uztea erabaki du.