Zuriñe Iglesias
Kazetaria, kirol informazioan espezializatua / Periodista, especializada en información deportiva
Interview
Unax Eizagirre
Getariako patroia

«Aurreko urteko emaitza errepikatzea oso zaila izango da»

Getariak iaz denboraldi ahaztezina egin zuen: Eusko Label Ligan estreinakoz lehiatu, bosgarren postuan amaitu, eta Kontxan ohorezko txandarako sailkatu. Aurtengoari begira, Unax Eizagirre (Getaria, 1998) patroiak adierazi du «lehen helburua» dela «azkenengo bi postuak libratzea mailaz ez jaisteko».

Unax Eizagirre Getariako patroia bere herrian.
Unax Eizagirre Getariako patroia bere herrian. (Maialen ANDRES | FOKU)

Gudarien Enperantzan sumatzen da jada udako giroa. Jende asko kalean, batez ere umeak eta turistak. Getariako herriaren goiko aldetik dator Unax Eizagirre patroia; garaiera baxukoa eta argala, lemazainen artean ohikoa den moduan. Uda iritsi da eta, horrekin batera, arraun denboraldia. Estatxa askatzeko ordua iritsi zaio Eizagirreri: asteburuan bi estropada jokatuko dituzte, eta bandera bat egongo da jokoan Galiziako itsasoan, Coruñan (larunbatean 18.26an eta igandean 12.21ean).

Denboraldiaurrean emaitzak ez zazkie nahi bezala joan; bereziki harritzekoa izan zen Gipuzkoako Txapelketan Euskadikorako sailkapena ez lortzea. Hala ere, Getariako patroiak nabarmendu du orain, liga hastera doanean, «puntuan» daudela. Helburuei begira, adierazi du asmoa dela «aurreko urteko maila harrapatzea» eta ikusiko dela maila horrek «zer lekutan» jartzen dien ligan.

Nola doa denboraldiaurreko prestakuntza?

Hasiera batean, betiko prestakuntza ari gara segitzen; pixkanaka-pixkanaka hobetuz. Ikusi dugu denboraldiaurrean nola joan diren estropadak. Hasierakoak ez ziren oso onak izan, baina guk lasaitasun hori geneukan gero etorriko zirela emaitzak, eta orain momentua iristen ari denean puntuan gaude. Azken estropadek erakutsi dute; Lekeition, adibidez, gure aurkarien aurretik egin genuen, Bermeon bigarren egin genuen, eta etxekoek irabazi zuten. Normalki gure aurretik ibiliko den traineru bat.

Esaten dute neguko emaitzek ez dutela errealitatea islatzen baina...

Gipuzkoako Txapelketan arazoa izan zen haizea asko altxatu zela eta gure aurretik egin zutenek estropadan asmatu egin zutela. Estropada ona egin zuten. Gu ez ginen gustura atera, baina ezta sentsazio txarrekin ere. Gure estropada egin genuen, bakarrik besteak gure aurretik sartu zirela.

Behintzat, iaz lortutakoak lasaitasuna ematen dizue?

Guk badakigu taldea antzekoa dela, eta emaitza hori bilatzera joango gara. Ea hasieran aurreko urteko maila harrapatzen dugun, eta maila horrekin ikusiko dugu zer lekutan jartzen gaituen ligak.

Iaz ezustea eman zenuten bosgarren geratuta. Aurten zer egin nahi duzue?

Aurreko urteko emaitza errepikatzea oso zaila izango da. Orain Zierbena [iaz zazpigarren geratu ziren] ere indartu egin da. Gure lehen helburua izango da azkenengo bi postuak libratzea ez jaisteko, eta hortik aurrera ea aurreko urteko puntu hori bilatzen dugun. Uste dut puntu horrekin emaitza onak etorriko direla.

Estropadarik irabazteko gai ikusten duzue zuen burua?

Hori ia ezinezkoa ikusten dugu. Horretarako gauza arraroren bat pasa behar da; txanda irabaztea eta haizea dezente altxatzea... Baina hori hasiera batean ez da guretzako emaitza objektibo bat. Beti duzu amets hori, baina ez da errealitatea.

Nolakoa izango da liga?

Uste dut aurreko urtekoa bezalakoa izango dela. Bi multzotan sailkatuko gara. Aurreneko bost traineru horiek, oso indartsu daudenak: Orio, Zierbena, Bermeo, Hondarribi eta Donostiarra. Eta gero, beheko aldean beste zazpiak egongo gara. Hasiera batean, uste dut bi edo hiru traineru puntu bat beherago egongo direla, baina ikusiko da hurrengo estropadetan nola dauden.

«Bost-sei bat urtetan arraunlari on asko atera dira, eta horren fruituak orain ikusten ari gara»

Zein uste duzu izango direla zuen aurkari zuzenenak?

Uste dut Cabo goian ibiliko dela, eta Santurtzi, Ondarroa, Kaiku eta Meira [Samertolameu] gure aurkariak izango direla. Isuntza [Lekittarra] barne.

Urdaibai gainerakoak baino koska bat gorago dago?

Bai, Hondarribia ere oso ondo dago, baina maila bat gorago ikusten dut Bermeo. Nire ustez aurreneko bost horietan edonork irabaz dezake momenturen batean estropadaren bat. Liga irabazteko ez ditut denak ikusten, baina bai estropada baterako.

Galizian hasiko duzue liga, Coruñan. Bi estropada eta bandera bat jokoan. Zer aldarterekin ikusten duzu eskifaia?

Gustura gaude, motibatuta. Azkenengo estropadak eta entrenamenduak oso onak izan dira. Ostiralean [gaur] joango gara Galizia aldera; ea entrenamendu on bat egiten dugun han eta motibazio horrekin hasiera on bat ematen diogun ligari.

Hemeretzi arraunlarietatik hamahiru etxekoak zarete. Hori da Getariaren zigilua?

Bai, Getarian trainerua ondo ibiltzeko eta emaitzak etortzeko, etxeko arraunlariak ezinbestekoak dira. Momentu bat ailegatu da jende on asko elkartu garela denbora gutxian; alegia, bost-sei bat urtetan arraunlari on asko atera direla, eta horren fruituak orain ikusten ari gara. Gehienak etxekoak gara, eta kanpokoek beste plus hori ematen digute.

Zein dira belaunaldi on horiek?

Adibidez, nire kuadrillatik sei gaude, gero gazteagoa den beste bat dago, eta zaharragoa den beste bat ere bai. Azkeneko hiru-lau urteetan arraunlari dezente atera dira, eta maila handiko arraunlariak daude momentu honetan.

Belaunaldiez hitz eginda, ba al dago Getarian harrobia etorkizunera begira?

Sei urtetan garai onak tokatu dira, baina adibidez orain ez dago gazte mailako arraunlaririk, kadeteak aurreneko urtekoak dira... Hor dago zazpi-zortzi urteko salto bat, non ez dagoen arraunlaririk. Momentu on bat etorri da, baina orain hasi dira kadete mailako batzuk sartzen. Hala ere, uste dut Getarian arraunlari planta hori badagoela.

Ion Larrañaga entrenatzaileak bosgarren urtea egingo du taldean. Taldearen arrakastaren zutarrietako bat izan da; herritarra, gainera. Nolakoa da?

Bai, zuk esan duzun moduan herritarra da. Aurreneko gauza entrenatzaile bat aukeratzeko hori nahi izan zuten; etxeko bat ekartzea. Eta asmatu egin dute. Ion [Larrñaga] taldeko mutila da. Hasiera batean arraunlari bezala hasi zen; orain bakarrik entrenatzailea da. Oso ondo sartu da taldean. Mutil umila da, lana eta lana eskatzen diguna.

Orain dela sei bat urte hasi zinen Ander Etxegoienekin –orain Orioko patroia da–, eta hura joatean zuk hartu zenuen Getariako patroitza. Iaz Eusko Label Ligan debutatu eta sekulako denboraldia egin zenuten. Nola bizitu zenuen?

Bost bat urte daramatzat Getariako patroi moduan. Gu igo ginenean hitz egiten hasi ginen ea zenek jokatu zuen ACTn eta konturatu ginen bakarrik entrenatzaileak jokatu zuela. Beste inor ez zen lehen mailatik pasatu, eta oso arraroa da hori talde batean. Gehienak etxekoak gara eta Getaria aurreneko aldiz izan zen ACTra igo zena, eta gehien bat horregatik izan zen berezia.

Zer ikasi zenuen hartatik eta zer hobetu behar duzu?

ARCn iristen da momentu bat lau edo bost traineruk edozein momentutan irabazi dezaketela estropada bat. Baina zu ACTra igotzean estropada irabaztea oso-oso zaila da, eta uste dut diferentzia hori dela. Eta askoz ere maila altuagoa dela. Gero, behin estropada batean huts egiten duzunean, segundoak segituan joaten dira eta hori asko igartzen da. Beste traineruak ere aldamenean dauzkazu, eta edozein akats segituan ikusten da estropadan bertan, ARCn ez bezala.

Nolako patroia zara? Denbora guztian hitz egiten duen horietakoa?

Bai, gustatzen zait hitz egitea. Konfiantza handia hartu dut, gehien bat herritarrak direlako, eta hori ikusten da. Hasiera batean kostatu egin zitzaidan taldean sartzea, azkenean patroiak arraunlariaren gainetik jarri behar duelako. Baina orain ohitura hori segitu dut, multzoa ere antzekoa da, eta orain askoz ere lasaiago egoten naiz traineru barruan.

Erreferenterik ba al duzu lemazain moduan?

Bai, Getarian azken urteetan patroi on asko atera dira. Adibidez, Xabier [Eizagirre], aurretik ere [Jabi] Isasti ibiltzen zen, eta [Ander] Etxegoien, orain Orion dagoena.

Inoiz amestu al duzu Getariarekin gorengo mailan bandera bat astintzea?

Bai, hasiera batean pentsatzen genuen estropada bat irabaztea oso zaila izango zela. ARCn irabazi genuen eta orain ACTn gaude. Amets hori beti egongo da... ez da erraza estropada bat irabaztea... Baina nork daki; ea haize pixka batekin-edo zerbait gertatzen den.