NAIZ

EuskarAbenturaren laugarren espedizioa abiatuko da larunbat honetan Mauletik

EuskarAbenturaren laugarren edizioari ekingo diote larunbat honetan. Orotara, 125 gaztek Mauletik hasi eta 400 kilometro inguru igaroko dituzte oinez Euskal Herri osotik euskararen erabilera bultzatzeko asmoz. 31 egunetan zehar, herriz herri ibiliko da EuskarAbentura.

2022ko EuskarAbenturaren edizioaren irudia.
2022ko EuskarAbenturaren edizioaren irudia. (Guillaume Fauveau)

EuskarAbenturaren espedizioa hasiko da larunbat honetan. Laugarren espedizio honetan 125 gaztek parte hartuko dute eta guztira 400 kilometro egingo dituzte oinez 31 egunetan zehar. Espedizio honen helburu nagusia euskara bultzatzea da. Horretaz gain, kultura, osasuna, ekologia eta parekidetasuna izango dituzte balore nagusitzat.

Mauletik abiatuko dira 125 gazteak, 30 helduz osatutako lantaldearekin. Bertatik 32 herri zeharkatuko dituzte: Maule, Pagola, Larzabale, Donibane Garazi, Xabier, Irunberri, Urrotz, Iruña, Gares, Añana-Gesaltza, Argantzun, Gasteiz, Araia, Zerain, Ataun, Tolosa, Lesaka, Urdazubi, Amaiur, Baiona, Urruña, Donostia, Getaria, Deba, Ekainberri, Lekeitio, Nabarniz, Gernika, Sukarrieta, Bermeo, Bilbo eta Getxo. Horietako zazpitan oraindik ez dira pasa aurreko espedizioetan.

Parte-hartzaileei dagokienez, profil linguistiko, sozial, ekonomiko eta kultural anitzeko gazteek parte hartuko dute EuskarAbenturan: 45 bizkaitar, 30 gipuzkoar,26 nafar, 12 arabar, Lapurdiko bost, Nafarroa Behereko hiru, eta Zuberoa eta diasporatik bik osatuko dute marea laranja. Neska eta mutil kopuruak ere nahiko parekatuak daude.

Haiekin batera, 30 helduz osatutako lantaldea igaroko da aurtengo abenturan. Taldea koordinatzaileek, xerpek, osasun langileek, euskara teknikariek eta komunikazio arduradunek osatzen dute. Hauek espedizioa ahalik eta modu hobean igarotzeaz arduratuko dira.