NAIZ

Paredes eta Hernandez Munduko Txapelketara joango dira; Lete eta Oroz kanpoan geratu dira

Espainiako selekzioak gaur jakinarazi du Munduko Txapelketara joango diren 23 jokalarien zerrenda. Australian eta Zeelanda Berrian jokatuko da uztailaren 20tik abuztuaren 20ra. Bartzelonako jokalariak hirugarrenez parte hartuko du, eta Athleticekoak aurrenekoz. Egurrola Herbehereetako zerrendan da.

Irene Paredes Espainiako selekzioko azken lan saioetako batean.
Irene Paredes Espainiako selekzioko azken lan saioetako batean. (@SEFutbolFem)

Jorge Vilda Espainiako selekzioko hautatzaileak gaur jakinarazi du zein jokalari joango diren Australiako eta Zeelanda Berriko Munduko Txapelketara. Uztailaren 20an hasi eta abuztuaren 20an amaituko da. Euskaldunen artean Irene Paredes Bartzelonako jokalaria eta Oihane Hernandez Athleticekoa barruan dira.

Legazpiarra 23 jokalari horien zerrendan egongo zen ala ez zalantza zegoen; ez kirol alorretik, baizik eta hortik kanpo egon den eztabaidagatik. Azkenerako, atzelaria barruan sartu du Vildak, eta bere hirugarren Munduko Kopa jokatuko du. Bilbotarrarentzat estreinakoa izango da.

Txanponaren beste aldean daude Elene Lete eta Maite Oroz. Bereziki deigarria da nafarra Munduko Kopako zerrendan ez egotea. Izan ere, txapelketa prestatzeko partidetan minutu gehien pilatu dituen bosgarren jokalaria izan da. Oroz bezala, Realeko 21 urteko atezaina ez da joango Munduko Kopara.

Damaris Egurrola Herbehereetako zerrendan

Damaris Egurrola Olympique de Lyoneko jokalariak ere parte hartuko du Munduko Txapelketan Herbehereetako selekzioarekin. Orain dela bi hilabete NAIZen egindako elkarrizketan adierazi zuen bere lehen Munduko Kopa jokatuko zuela.  

Espainiako 23 jokalarien zerrenda:

Atezainak: Misa Rodríguez (Real Madril), Enith Salon (Valencia), Cata Coll (Bartzelona).

Atzelariak: Irene Paredes (Bartzelona), Laia Codina (Bartzelona), Ona Batlle (Manchester United), Olga Carmona (Real Madril), Ivana Andres (Real Madril), Rocio Galvez (Real Madril), Oihane Hernandez (Athletic).

Erdilariak: Alexia Putellas (Bartzelona), Aitana Bonmati (Bartzelona), Maria Perez (Bartzelona), Claudia Zornoza (Real Madril), Teresa Abelleira (Real Madril), Irene Guerrero (Atletico de Madril), Jenni Hermoso (Pachuca).

Aurrelariak: Esther Gonzalez (Real Madril), Athenea del Castillo (Real Madril), Alba Redondo (Levante), Salma Paralluelo (Barcelona), Mariona Caldentey (Barcelona), Eva Navarro (Atletico de Madril).