Ane  Urkiri
NAIZeko zuzendaria / Directora de NAIZ
Interview
Irati Otxoteko
Masajista eta auxiliarra

«Txirrindulariak lasterketetan ez du deusez kezkatu behar, horretarako gaude gu»

Irati Otxotekok txirrindularitzarekin lotura izan du betidanik, bizikletaren gainean zein talde profesionalen langile moduan. Egun Lidl-Trek taldean dago, masajista gisara eta beste hamaika zereginetan. Txirrindularien errekuperazioan fisioterapiak duen garrantzia azpimarratzen du.

Txirrindulariek lasterketetan ez dute deus egiten lasterketaz harago» eta beraien egunerokoa errazteko dago talde teknikoa: nutrizionista, mediku, sukaldari eta masajistek osatutakoa, oro har. Masajista lanetan aritzen da Irati Otxoteko (Lesaka, 1994), baina ez horretan soilik, «masajistaren egitekoa masajeak eman baino gehiago» delako. «Enpleguaniztunak gara. Izan behar dugu chef, mediku, gidari, psikologoak... Txirrindulariena, lasterketetan daudenean, da hagitz lan erraza: deskantsatu, entrenatu edo konpetitu, ez dute deus gehiago egin behar, ez dira deusez kezkatu behar, horretarako gaude gu», azaldu dio Irati Otxotekok 7Kri.

Lidl-Trek taldean laugarren denboraldia osatzen dabil lesakarra. 2020. urtean iritsi zen, emakumezkoen taldea antolatu eta hurrengo urtean. Bizkaia-Durangon sartu zuen muturra talde tekniko batean. «Bizkaian ikasten hasi eta AEBetako talde txiki bateko aukera atera zitzaidan; talde hura desagertu zenean, Movistarretik deitu zidaten». Urtebete eman zuen han, eta Trek-ek deitutakoan «ezin izan nuen ezetzik erran; Movistar niretzat jauzi handia bazen, Trek da ‘la creme de la creme’».

Nomada bizia darama. Italian harrapatu dugu, autobusa Belgikaraino gidatu eta handik autoan iritsita. «Lan gogorra da, baina niri bidaiak gustatzen zaizkit. Ikusten dituzun lekuak, ezagutzen dituzun pertsonak, kultura ezberdinak... hagitz adierazgarriak dira». Taldean txirrindulariekin sekulako giroa daukatela dio, eta horrek asko errazten ditu gauzak.

«Unibertsitatea bukatu ondotik sartu nuen muturra staff batean eta, botatzen ez nauten bitartean, hemen jarraituko dut», dio barrezka. Goizean goiz, sukaldaririk ez badago, gosariaren prestaketan aritzen da, eta ondoren lasterketara begira jartzen da: etapan txirrindulariak jango duten janaria prestatu, autobusa garbitu, kargatu eta irteera puntura abiatu. Bertan bidoiak kargatu eta helmugara joaten dira, bazkaria prestatzera. Estres handiko lana bilakatzen da lasterketan, denak bere alde onak eta txarrak dituela ñabartuta: «Txirrindulari batek lasterketetan dagoenean ez du deus egiten, soilik lehiatu eta sufritu. Nahikoa badu. Nik ez nuke nahi. Gu, ordea, lasterketetan topera gaude, baina gero etxean ez dugu deus egiten, eta korredoreek ordea jarraitu behar dute zaintzen, entrenatzen... Oso ezberdina da. Bi aldeek daukate estresa».

Tourreko estresa

Estresa aipatuta, onartu du Tourrean areagotu egiten dela: «Han sortzen den estresa ez dago beste inon». Iaz emakumezkoen Tourrean egon zen, eta «nabaritzen zen estres gehiago, talde guztien aldetik presio gehiago... Giroa eta Vueltan baino estres handiagoa egon zen». Egun, sarriago aritzen da emakumezkoen taldearekin. Emakumezkoen Tourrean egon zen iaz; eta gizonezkoen Tourra Euskal Herritik igarotzen den bitartean, Giroan egongo da, gaur-gaurkoz emakumezkoetan itzuli esanguratsuena dena. «Euskaldun asko gaude taldean eta denok nahi genuen Tourrean egon, baina ez dago denentzako lekurik. Distantziatik ikusi beharko dugu», esan du.

Talde indartsua dauka Trekek emakumezkoetan ere –2019ean sortu zen–, eta Otxotekok onartu du sailkapen nagusian podiuma bilatuko dutela, bai Tourrean, bai eta Giroan ere: «Talde honek duen espektatiba beti da gutxienez podium bat egitea».

Txirrindularitzako talde teknikoan egoteak bizikletarekin daukan afiziotik hurbil egotea ahalbidetu dio. Gaztetan, batez ere pistan, emaitza onak pilatutakoa da, «txirrindularia izan baino pedalei ematen» ziola eta «beti bigarrena» zela txantxa egiten badu ere.

Era berean, bere lanak txirrindularien alde gizatiarrena ezagutzeko aukera ematen duela nabarmendu du, eta hori funtsezkoa iruditzen zaio. «Askotan idolatratu egiten ditugu, baina ez dugu ahaztu behar pertsonak direla», adierazi du. Mads Pedersen, Bauke Mollema eta Giulio Cicconne txirrindulariak daude, besteak beste, Lidl-Trek taldean; baita Jon Aberasturi euskalduna ere.

Lan egiten dituen 14 orduetatik, masajeak ematen hiru ordu pasatzen dituela argitu du, baina hauek txirrindularien errekuperaziorako giltzarria izan daitezke. «Hanken kargan ezberdintasuna nabaritzen da. Itzuli handi baten hasieran oraindik bigun dituzte, oro har, eta etapak korritu ahala kargatzen joaten dira. Masajerik eman ezean karga oso handia izaten dute hanketan eta ezin dute berdin errenditu», azaldu du.