Ekonomia sozial eraldatzailerako bidelaguntza eta eredua
Feminismoa, parte hartzea eta ekonomia sozial eraldatzailea lantzen dituen aholkularitza zerbitzua da Farapi. Begirada horretatik, metodologia parte hartzaileen bidez eraldaketa kontzientea bultzatzeko prozesuak sortzen ditu. Emaitzen gainetik, aldaketa eta subjektuen partaidetza lehenesten dute.
Farapi EHUko Antropologia Sozialeko departamentuko «spin off» gisa sortu zen 2004an. Sei bazkide eratzaileek kooperatiba izatea nahi bazuten ere, elkarte mugatuaren alde egin zuten, hala aholkatuta. Hamarkada bat geroago heldu zioten aldaketa prozesuari. Dozena bat langile ditu eta haietako laurekin batu da GARA Donostiako bulegoan; bizkotxo eta kafe artean, elkarrekin hitzez josi dute bilakaeraren kontakizuna. Izan ere, euren eguneroko jardunean, beraiek gauzatutako barne prozesuaren zati bat baliatzen dute, beste enpresa batzuentzat lagungarria izan daitekeelakoan. Zein da, bada, bide hori?
Hastapenetik kudeaketa harremanak ohikoez bestelakoak baziren ere, proiektua abiatu eta sendotu artean, elkarte mugatu izan ziren, nolabaiteko «ezinegona» sortuz. Forma juridikoa 2015ean aldatu zuten, baina egiteko moduak ekartzea «beste kontu bat» izan zen. Bilakaera horretan une gakoetako bat lantalde osoari bazkide izateko aukera zabaltzea izan zela gogoratu dute, hor hasi baitzen «iraultza txikia».
Aurrena, guztiekin hitz egin zuten ardurak kolektibizatzeaz, eta nahia bazutenez, ekin zioten. Gero, hori formalizatzeko unea heldu zenean, zentzua zuen bazkide bihurtzeak, eta ia denek eman zuten pausoa. Egun, 12 langile dira, horietako 9 bazkideak, eta beste bi bazkide kolaboratzaile ere badaude, harreman historikoa dutenak Farapirekin.
Aldaketa formalak jarduna birpentsatzea ekarri zuen. 2019an kudeaketa eredua aldatu zuten, gerentzia desagerraraziz eta oinarrizko ardurak lantaldean banatuz horizontalki kudeatzeko. Esperimentazio urteak izan direla diote, elkarrekin ikasi dutela kooperatiba kolektiboki kudeatzen. Lana eta langile on bat izatea nola ulertzen duten hausnartu eta imajinario hori lantzen dute. Ahalegintzen dira botere harremanak saihesten eta horizontaltasuna bermatzen erabaki kontzienteak hartuz. Esaterako, lantaldetan banatzen dira eta kideak urtero aldatzen dituzte, botere nitxorik ez sortzeko. Esparru batzuetan gehiago eragiten duten pertsonak badaude ere, inork ezin du dena kontrolatu.
Koherentziaren bila
Transformazioa prozesu bat da eta, erabat lortu ez arren, etengabe saiatzen dira beraien balio eta praktika errealen arteko lotura egiten. Horretarako, kontraesanak «erronka bezala hartu», mahaigaineratu, eta haiekin zer egin erabakitzen dute bai egunerokoan bai urtero egiten duten pare bat eguneko erretiroan. Korapiloak askatzen doazen heinean, ordea, berriak agertzen zaizkie, gogoeta piztuz. Hala ere, gizarte dinamiketan edo merkatuarekiko hartu-emanean ageri diren zenbait kontraesan ezin dituztenez konpondu, haiei aurre egiteko moduak bilatzen dituzte.
Berezko ekimenez gain, lan asko eskaripean egiten dituzte. Proposamenak modu «kontzientean» onartzeko edo ukatzeko iragazki bat osatu zuten, irizpide gakoak atzeman eta objektibatuta: motibazioa egotea, ezagutza izatea, bezero interesgarria, berrikuntzarako aukera, inpaktu komunikatiboa, koherentzia, bideragarria izatea, elkarlanean aritzeko aukera... Horrela, alderdi ekonomikoaz gain, kontuan hartzen dute bai bizigarritasuna bai beraien jarrera eskatutakoaren aurrean.
«Erakide» tresna
Burututako egitasmoetako bat erantzukizun soziala sustatzeko Erakide tresna da. 2016an Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin garatu zuten begirada integral batetik: hornitzaile eta bezeroak, produktu edo zerbitzua, langileak, ingurumena, lurraldea, berdintasuna, lan baldintzak... Galdera sorta baten bitartez, lantaldeak autodiagnostiko kolektibo bat aurrera darama eta identifikatutako erronkentzat talde proposamenak egin behar ditu jarraitu ahal izateko. Gakoa ez baita ebaluazio emaitza, horrekin zer egingo duten baizik. «Ondo ateratzea eta ezer ez egitea guretzat porrota da. Xedea zauden tokitik beste pauso batzuk ematea da».
Azken hiru urteetan Emun, Elhuyar, Aztiker eta Isladak aholkularitzekin elkarlanean Erakideren eskaintza bateratua egin dute, elkarrekin lan egitea eta ezagutzak partekatzea erantzukizun sozialarekin koherentea dela uste baitute. Farapiren bokazioaren adibide bat besterik ez da. Talaios kooperatibarekin, esaterako, dispositibo bat diseinatu dute enpresatik kooperatibara pasatzeko, eta Larrutik interkooperazio feministarako espazioan, beste aholkularitza batzuekin partekatu eta elkarrengandik ikasteko daude, beste sare eta gune askotan bezala. Ez baitute beren proiektua irla bat bezala ulertzen: «Eraldaketa eragiteko bakarrik ezin da».
Kooperatibismo feministaren praktikara hurbilpena
Kooperatibismo feminista zerk ezaugarritzen duen zehaztu nahian, Farapik ikerketa parte hartzaile bat aurrera eraman zuen iaz. Horretarako, gaiaz gehien dakitenekin elkartu ziren, kooperatibetan dauden emakume feministekin, eta elkarrizketa sakon sorta bat egin zuten. Estatu espainiarrean gaia jorratzen ari diren eragileak maila berean daudela jabetu ziren; hau da, teorikoki jorratu da, baina ez, ordea, praktikan zertan ezaugarritzen den.
Lehen emaitzekin topaketa bat egin zuten urrian Biziolan (Lazkao) 50 kooperatibetako 50 emakumek, eta kolektiboki landu zuten zer den beraientzat kooperatiba bat feminista izatea. Gako ugari identifikatu, eta lau bloketan banatu zituzten: Begirada, izaera, egiteko modua eta eragitekoa.
Ideologikoki ikuspegi kritiko batetik begiratzen diote jendarteari eta ekonomiari, begirada feministatik, kooperatibismotik eta kolektibotasunetik. Ikuspuntu horrekin koherentea den modu batean antolatuta daude eta barne araudietan islatzen saiatzen dira, kooperatibismo tradizionalagoen barruko zenbait dinamika zalantzan jarriz. Egiteko moduan, berriz, botere harremanak, erabakitzeko moduak, kontziliazio politikak... harreman bizigarriak zer diren eta hala izateko jardunbideak daude. Baita baldintza materialak ere, funtsezkoak baitira bizitzak aldatu eta duintzeko. Azkenik, eragiteko bokazioa partekatzen dute; kooperatiba feminista batek ezinbestean izan behar du eraldaketa feminista eragiteko bokazioa.
Ikerketa honi lotuta, uztailaren 7an, Lankirekin elkarlanean “Emakumeak euskal kooperatibismoan” ikastaroa aurrera eramango dute Eibarren Udako Euskal Unibertsitatean (UEU). Kooperatibismoaz hitz egitean emakumezkoen erreferentziak falta zirela konturatu ziren, nahiz eta asko egon diren euskal kooperatibetan. Farapiko Nerea Eliasen esanetan, «ez ditugu ezagutzen, ez dakigu zer ekarpen egin duten, ez dago batere bisibilizatua...». Bilakaera historikoa landuko dute, 1960-1980, 1980-2000, 2000- tarteetan kooperatibista izan diren zenbait emakumeren bizipenei lotuta eta garaiko testuinguruaren irakurketa kritikoa eginda; hala, emakumeek kooperatibismoari zer ekarpen egin dieten, eta aldi berean, kooperatibismoak haien bizitzari zer eman dien aztertuko dute.